Dantzari. Alde batera eta bestera dabiltza azken urteetan hauteskundeen emaitzetako grafikoak. 2011n gorri zena, 2015ean berde, eta alderantziz. Igandean 58.528 herritar daude boza ematera deituta hauteslekuetara udal ordezkariak eta aldundiko batzarkideak aukeratzera. Itxura batean, erraza dirudi herri batzuetan kiniela asmatzeak. Baina alderdietan badago urduritasuna, edo hala agertu zion, behintzat, duela aste batzuk kanpainako ekitaldi horietako baten atarian, aldundian dabilen politikari batek kazetari bati. Modu informalean, esan zion ez dela batere ziurra EAJk jarraitzea aldundian agintzen, azken urteetan politikan dauden gorabeherak ikusita. Xabier Txurruka EAJren Zarauzko alkategaiak egunkari honi emandako elkarrizketan ere aipatzen zuen, herriak daukala agintariak jartzeko eta kentzeko boterea.
Eta hala izan da Urola Kostan 2011tik hona. Historikoki EAJ nagusi izan da eskualdean, baina 2011ko udal eta foru hauteskundeetan EH Bildu sartu zen indartsu udaletan, 11 herritatik zortzitan boto gehien eskuratuta. Gipuzkoako Foru Aldundian ere EH Bilduk lortu zuen agintaritza. Lau urtean aurrera eramandako proiektuetatik, liskartsuena hondakinen kudeaketari dagokiona izan zen, eta hein batean, herritarren artean lortutako babesa hurrengo hauteskundeetan galtzearen arrazoia ere bai. Izan ere, 2015ean zeharo aldatu ziren herrietako kolore politikoak. Urola Kostan, EAJk berreskuratu zituen hainbat udal, eta 32 urtean aurrenekoz, Zarauzko alkatetza eskuratu zuen.
Inork ez dauka bola magikorik, eta ikusteko dago zer gertatuko den igande honetako bozetan. Pentsatzekoa da, ordea, EAJk eta PSE-EEk agintaldi honetan lortu dituzten akordioei eutsiko dietela udaletan zein aldundian. Zumaian hauteskundeez egin zen mahai inguruan, esaterako, hori azpimarratu zuen EH Bilduren alkategai Iñaki Ostolazak, eskatu baitzien «EAJtik ezkerrera dauden herritar guztiei» botoa EH Bilduri emateko, argudiatuta alkatetza eskuratzeko EAJk eta PSE-EEk baino boto gehiago beharko dituztela.
Hiru gutunazal ontzira
Hausnarketa eguna da gaur, eta alderdiek atzo amaitu zuten hauteskunde kanpaina. Honezkero herritar guztiek aspertzeraino entzun eta irakurriko zuten igandean direla hauteskundeak, baina despistaturen bat badago ere, gogorarazi behar da udal eta foru hauteskundeez gain, Europako Parlamenturako hauteskundeak ere badirela. Beraz, hautetsontzietan hiru gutunazal ontziratu beharko dituzte herritarrek: zuria udal ordezkariak aukeratzeko; sepia ahaldun nagusia eta batzarkideak aukeratzeko; eta urdin argia europarlamentariak hautatzeko.