Udal eta Foru Hauteskundeak

Itziar Murua (EH Bildu): "Laguntza lerro bat zabalduko dugu 1.080 euro baino gutxiago jasotzen duten pentsiodunentzat"

Onintza Lete Arrieta 2019ko mai. 22a, 14:25

(Onintza Lete Arrieta)

Irakaslea da ofizioz Itziar Murua (Zarautz, 1968), eta orain arte, inoiz ez da politikari bereziki lotuta egon. Udal hauteskunde hauetan, berriz, EH Bilduren Zarauzko alkategai aurkeztu da. Mollarri inguruan egin da elkarrizketa, ohitura handia baitu oinez Goiko Kanpinera igo eta hortik herrira itzultzeko itsasertzetik paseatuz.

Zergatik erabaki duzu politikara salto egin eta Zarauzko alkatetzara aurkeztea?
Ez da izan aurrez pentsatutako erabaki bat. Oso momentu lasai batean nengoen, zortzi urteren ondoren ikastetxeko zuzendaritza utzi eta tutoretzaz eta umeez gozatzen, baina proposamena egin zidaten, eta zerbait mugitu zitzaidan barruan. Uste dut zortzi urteko zuzendari lan horrek zerikusia izango zuela: kudeaketan, talde bat lideratzen eta hainbat lanetan aritu ondoren, segurtasun pixka bat hartzen duzu zeure buruarengan, eta uste dut asko egiten duela herria asko maitatzeak ere. Niretzat udaletik lan egitea herrigintza egiteko beste modu bat da. Herria hobetzeko gauza asko daudela uste dut, eta iruditzen zait horretan zerbait eskaini dezakedala edo lagundu dezakedala.

Aita Imanol Murua zenuen, Zarauzko alkate ezaguna. Harengandik jaso duzu politikarako grina? Nola gogoratzen dituzu urte haiek?
Ni oso txikia nintzen aita udaletxean sartu zenean, eta aita alkate izate hori oso hurbiletik bizi izan dudan zerbait da, baina noski, umea nintzen eta oso desberdina da. Politikarako grinarik ez dut inoiz eduki. Jarraitu izan dut eta interesatu izan zait, baina ez naiz bereziki politika munduan ibili eta inoiz ez naiz alderdi batean afiliatuta egon. Baina ziurrenez izango dute eragina gurasoek transmititutako balioek: aitak herriarekiko maitasun handia zuen, eta hori bultzatu digu, baita konpromisoa hartzea ere herria hobetzeko, nahiz gauzak aldatzeko lana egitearen garrantzia. Uste dut hori jaso dudala. Aitak beti esaten zuen kudeaketarik okerrena zela egiten ez zena, eta nik guztiz bat egiten dut horrekin, eta animatu egin naiz.

Duela zortzi urte EH Bilduk lortu zuen alkatetza. Duela lau EAJ izan zen garaile, eta oposizioan egon da EH Bildu. Nola baloratzen duzu azken urteetan koalizioak egindako lana?
Agintaldi honetan EAJk egin ditu gauzak, ez dut ukatzen, baina asko aurreko agintaldian EH Bilduk martxan jarritakoak dira. Esaterako, EH Bilduk erosi zuen Modelo, orain inauguratu den arren; Imanol Urbieta musika eskola ere martxan EH Bilduk jarri zuen; oinezkotzeekin ere gu hasi ginen eta beste hainbat gauzarekin ere bai. Azken batean, udal baten lana da herriarentzat hobekuntzak egitea, eta EH Bildu zegoenean egin ziren, eta hauek jarraipena eman diote. Eta, horrexegatik uste dut lau urte hauetan EH Bilduren oposizioa izan dela oposizio eraikitzailea, oztopoak jarri beharrean proposamenak egiteko oposizio bat, EH Bilduk sinesten duelako, eta nik ere bai, herriaren alde egin behar dela, bai agintean zaudenean, bai oposizioan zaudenean. EH Bilduk udal batzordeetan hainbat proposamen egin ditu, aurrera atera direnak, udal elkartean ere egin ditu ekarpenak enpleguaren egonkortasunaren eta soldaten duintasunaren inguruan, eta aurrera eraman dira. Bestalde, egon dira, nire iritziz, atzerapauso nabarmenak EAJren partetik.

Esaterako?
Adibidez, Zarautz bi zatitan banatzen duen trenbidearen arazoa konpontzeko proiektu bat jarri zuen martxan EH Bilduk bere agintaldian, eta orain gelditu egin da hori, eta nire ustez hanka-sartze handi bat da eta konponbidea topatu behar diogu horri. Agintzeko estiloan ere atzerapausoa egon dela uste dut, ikusi delako Txurruka eta bere taldearentzat proiektu estrategiko garrantzitsuena obrak egitea dela, eta guretzat proiektu estrategikoa da herrian bizi diren herritarrak. Noski, obrak ere egin behar dira, baina pertsonak dira garrantzitsuenak. Udaleko kontseilu batzuk bertan behera gelditu dira, eta mantendu direnak ere kontsulta eta informazio gune bilakatu dituzte, eta ez erabakiak bertan hartzeko, lehen egiten zen bezala. Udaletxeko ateak erabat itxi dituzte, eta gaur egun zailagoa da alkatearekin hitz egitea. Estilo irekia eta parte hartzailea aldarrikatzen dugu guk.

Apirilaren 28ko hauteskundeetan emaitza onak lortu zenituzten Zarautzen, 1.000 boto irabazita duela hiru urteko bozekin alderatuta. Baina EAJk ere gora egin zuen nabarmen Zarautzen. Hortaz, zer aurreikuspen duzue igande honetarako? Zein da zuen helburua?
Helburua da alkatetza lortzea. Posible ikusten dugu. Hor daude datuak eta badakigu lehia badagoela, baina badakigu baita ere hauteskunde estataletako emaitzak eta udaletako emaitzak asko aldatzen direla, eta Zarautzen ere asko aldatu izan dira. Espainiako hauteskundeak ez dira EH Bildurentzat aldekoak izaten historikoki, eta gainera, jendearen artean sentitzen dugun jarrerak ilusio asko piztu digu, sentsazio oso onak ematen dizkigu, ekitaldietara ere jende asko etorri da, eta iruditzen zaigu herria hobetu dezakegula, horretan sinesten dugu, eta uste dugu ari garela hori transmititzen jendeari.

Zarauzko EH Bilduk zer puntu nagusi jaso ditu bere hauteskunde programan?
Gure helburua da herritar guztiek beren bizi proiektua Zarautzen egiteko aukera izatea, berdin du adina, generoa eta jatorria. Horretarako, iruditzen zaigu lau puntu direla ezinbestekoak: enplegua, etxebizitza, gizarte zerbitzuak eta kultura.

Adibidez, zer planteatzen duzue ekonomian?
Zarautz herri turistiko bat da, eta hala jarraituko du izaten, oso herri polita eta atsegina delako ikusteko eta bizitzeko. Baina turismoak ezin du izan planteamendu ekonomiko bakarra Zarautzentzat. Hiru sektoreek funtzionatu izan dute Zarautzen, eta hiruren orekaren bila joango gara gu. Batetik, nekazaritza mundua ere existitzen da herrian, eta horiei babesa eman behar zaie, adibidez azpiegiturak berrituz eta erraztuz, eta gaur egungo merkaturatze sistemetara egokitzeko erraztasunak emanez. Industria ere hor dago, inoiz ez da izan Zarautz industria handiko herri bat, baina bai tailer eta industria asko eduki dituena, eta gaur egun daudenei babesa eman behar zaie eta berriei ere bai. Proiektu berriei eta  ekonomia eraldatzailea planteatzen duten sistemetan lan egiteko proiektu berriei babesa eman behar diegu. Era askotara lagundu daitezke: batetik, industrialdea prestatuz eta indartuz, eta bestetik, gazteei dagokienez euren proiektu berrientzat udal eraikinak edo baliabideak utziz, espazioak partekatzeko etab.

Eta turismoari dagokionez, zein da zuen eredua?
Turismo jasangarri baten bila goaz, urte osora zabalduko dena, eta gure kultura eta hizkuntza ere balioan jarriko dituena. Azken hori oso garrantzitsua iruditzen zaigu, bai bertan bizi garenoi begira, bai kanpotarrei begira, uste dugulako hori dela guk dugun balio handi bat eta kanpotik etortzen direnek ere ezagutu dezaketena, balioan jarri dezaketena, gozatu dezaketena... Eta iruditzen zaigu gaur egun hori ez dela egiten. Ikusi besterik ez dago edozein ekitaldiri nolako ingelesezko izena jartzen zaion. Bestalde,  apartamentu turistikoen inguruan arauak jarri behar direla uste dugu, eta arautegi bat lantzeko asmoa dugu.

Gizarte politikak aipatu dituzu.
Gaur egun ere ondo funtzionatzen dutela uste dugu, baina hobetu daitezkeen gauzak badaude. Askotan esaten da Zarautz bizi kalitate ona duen herri bat dela, eta egia da, orokorrean hala esan dezakegu, eta horregatik nahi dugu hori denei, banan-banan, bermatzea. Nik zuzendari lanetan aukera izan dut ezagutzeko baldintza horiek betetzen ez dituzten hainbat familia. Pentsiodunak ere hor ditugu. Aldarrikapen asko ari dira egiten, eta uste dugu entzun egin behar zaiela eta 1.080 eurokoa baino txikiagoa duten pentsiodunentzat diru lerro bat zabaltzeko asmoa dugu.

Kultura lau ardatz nagusietako bat da zuentzat.
Kultura herri baten bihotza da, eta bizirik baldin badago, da bertan daudelako sortzaileak, eta baita sorkuntza desberdinez gozatzen dutenak ere. Bi alde horiek nahi ditugu bultzatu. Kultura esaten dugunean, herriko sortzaileei babesa ematea da, baliabideak eskaintzea da, erraztasunak ematea, eta beraien sorkuntza jendaurrean erakusteko aukera ematea da. Eta, noski, kultura eskaintza aberats bat egotea. Eskaintza asko aberastu behar dela uste dugu, eta horretarako baliabide gehiago eta hobeak behar ditugu. Modelorena lorpen bat izan zen eta hor dago, baina ez da nahikoa.

Eta zein da zuen proposamena?
Gure erronketako bat, datorren agintaldian udalean baldin bagaude, izango da gestioak egitea Santa Klarako komentua herritarrentzat kulturgune bihurtzeko, eta ondoren plangintza handi bat egitea. Kultur Mahaia berreskuratzea ere garrantzitsua iruditzen zaigu. Duela zortzi urte jarri zen martxan, uste dugulako kulturaz gehien dakiten horiekin partekatu behar ditugula ideiak, erabakiak hartu aurretik.

Etxebizitza da beste ardatzetako bat zuen programan.
Etxebizitza arazo handi bat da denontzat, batez ere gazteentzat. Guk ikusten duguna da herrian etxe huts pila bat dagoela, eta moduren bat aurkitu behar dugula etxe huts horiek alokairuaren merkatura bideratzeko. Jabe askok ez dute nahi izaten, baina bilatu behar dugu sistema fidagarri bat beraiek ere gustura eta lasai sentitzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Alokabide zerbitzuaz gain?
Bai, laguntza batzuk planteatuko genituzke herritik. Guri iruditzen zaigu alokairua dela giltza, bai etxe hutsei dagokienez, baina baita etxebizitza sozialei dagokienez ere. Orain arte egin izan direnak beti erosketara bideratu izan dira, baina guri iruditzen zaigu alokairura bideratutakoak behar dutela izan. Eta konprometitzen gara alokairura bideratutako 200 etxe inguruko parke bat eraikitzera datorren agintaldian. Arrazoizko prezioan  jartzen badira horiek, merkatu librekoak ere merketu egingo direla uste dugu.

Aztertu duzue non eraiki etxebizitza horiek?
Salberdingo eremua ez dago guztiz amaituta, hau da, proiektua ez dago eginda eremu guztirako, eta hor kokatuko genituzke alokairurako etxebizitza horiek.

Lehentasun argirik baduzue, ekainaren erdialdean udalak martxan jartzen direnerako?
Hasiera-hasieratik egiten hasi ahal izango duguna da udaletxeko ateak ireki eta jendearentzat bakarrik lan egin beharrean, jendearekin lan egitea. Lehentasuna, lehen esandakoarekin lotuta dago: bertan bizi garenok, bakoitzak bertan nahi duen bizi proiektua egiteko baldintzak betetzea. Eta horretarako, aipatutako lau ardatzak daude.

Berdintasuna gai transbertsala da, baina zer nabarmenduko zenuke zuen programan jaso duzuenetik?
Berdintasun Kontseilua martxan dago Zarautzen. EH Bilduren agintaldian  abiatu zen, baina erabakitze gune izatetik informazio gune izatera pasa da, eta udalaren eta mugimendu feministaren arteko harremana ez da izan fluidoa. Udalak eduki behar du Berdintasun Sail bat, baina batez ere egin behar duena da herrian dauden talde feministen eta berdintasunaren aldeko eragileen ondoan egon. Berdintasunaren arloan mugimendu handia dago herrian, eta ez dauka zentzurik mugimendu horiek alde batetik joateak, eta udala bestetik. Gauza zehatzak ere badaude pentsatuta, esaterako, komunikazioaren arloan.

Aparkalekuen gaia ere bada zarauztarrentzat kezka iturri.
Zalantzarik ez dago arazo handi bat dela. Hasteko, jendearen ohiturak aldatu behar dira, eta horrek denbora dezente eta pedagogia lanak egitea eskatzen du. Bestetik, mugikortasun plan bat behar da. Eta hortik hasiko ginateke gu, daukagun garraio publikoa eta baliabideak aztertu ondoren. Guretzat garrantzia handia dute mugikortasun jerarkiek Zarautz bezalako herri batean. Lehentasunak markatu beharko bagenitu, aurrena oinezkoak egongo lirateke, ondoren bizikleta eta motorrik gabeko bestelako ibilgailuak, eta atzetik autoak. Aparkalekuen arazoa konpontzeko, hori ere garrantzitsua da. Baita oinezkotzeak bultzatzea eta bidegorri sarea handitzea ere.

Eta kanpotik datozenei begira, zer?
Garraio publikoa da garrantzitsua, bai herri barruan, bai kanpotik datozenentzat edo guretzat, kanpora goazenerako. Baina, hala ere, herriko kanpoaldean aparkalekuak egin behar direla uste dugu. Aipatutako mugikortasun plan horrek zehaztuko luke, baina uste dugu kanpoan jarri behar direla aparkalekuak, eta handik herri barrura autobus urbanoa jarri, eta indartu zerbitzu hori. Lortzen badugu kanpotarrek aparkaleku horietan aparkatzea, herritarrentzat arazoa ziurrenez konponduta geldituko litzateke, neguko egunetan edo kanpotar gutxi dabilen sasoietan, ez delako halako arazorik egoten ia.

Nolako Zarautz nahiko zenuke lortu zure lanarekin?
Udaletxeko ateak parez pare irekita dituen Zarautz bat nahiko nuke, ez bakarrik udaletxekoak, baita alkatearen bulegokoak ere, konpromiso pertsonal modura hartzen dudalako alkate izatera iristen banaiz herritarrekin harreman oso zuzena edukitzea eta bakoitzari behar duen denbora eskaintzeko tartea hartzea. Herria parte hartzailea izatea nahi dut, gaur egun badaude gauza asko egiten ari diren taldeak herrian, eta horien ondoan dagoen udal bat izatea nahi nuke. Bertan sortzen diren sinergiak eta mugimenduak aprobetxatuz lan egingo duen udal bat, eta horiei adi dagoena, kontrako bidea izan beharrean. Eta, lehen esan bezala, bakoitzak bere bizi proiektua egiteko lau baldintza horiek gutxienez beteta dituen herri bat izatea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide