Udal eta Foru Hauteskundeak

Xabier Txurruka (EAJ): "Agintaldia hasi nahi dugu Vista Alegreko bizilagunekin igogailuen proiektua adostuz"

Onintza Lete Arrieta 2019ko mai. 22a, 12:02

Herriko toki kuttunenetakoa ditu Torreoia eta inguruneak Xabier Txurruka alkateak (Onintza Lete Arrieta)

Duela lau urte alkatetzara iritsi zen Xabier Txurruka , eta igande honetan alkatetza mantentzeko helburuarekin aurkeztu da berriz. Torreoiko puntan egin da elkarrizketa, txikitako oroitzapen asko ekartzen dizkiolako, eta bertatik ikusten dena izugarria delako. “Zarauztarrok asko maite dugun tokia da eta, zorionez, aurten hasi dugu bere zaharberritzea”.

Bigarrenez zara EAJren alkategaia, baina ederki aldatu da 2015etik hona zure egoera. Lasaiago, ala presio handiagoa sentitzen da?
Presiorik ez dut sentitzen; alderantziz, segurtasun eta lasaitasun handia ematen du lau urtetan zehar egindako lanak eta hitza bete izanak, ikusirik duela lau urte EAJk bere egitasmoan jasota zituen proiektu eta ekintzen %90a bete dugula. Gainera, taldea eginda dago, taldeak erakutsi du kudeaketarako bere gaitasuna, eta emaitzak hor daude.

Apirilaren 28ko emaitzak ere hor daude; 5.400 zarauztarrek eman zizueten botoa Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan.
Ematen du lasaitasun bat, baina ezin dira nahastu bi hauteskundeak. Euskal Herriarekiko giro erasokor batean kokatu behar dira apirilaren 28ko hauteskunde emaitzak eta, nire ustez, Zarautzen, Gipuzkoan eta Euskadin euskaldunok zentzu horretan bozkatu genuen. Eta horregatik Zarautzen bai EH Bilduk, bai EAJk, gora egin genuen nabarmen.

Zein da zuen helburua igande honetako udal hauteskundeetara begira?
5.463 zarauztar horiek berriro ere gugan konfiantza jartzea, eta hori da eskatzen ari garena kanpainan zehar.

Ekitaldi batean esan zenuen zarauztarrek bi ereduren artean aukeratu behar dutela: EH Bildurekin lau urte atzera egitea, edo zuekin, etorkizunera joatea. Dena den, botoetan zuengandik oso urrun dago EH Bildu...
Ez da bozka kontua, eredu kontua baizik. Zarauztarrek orain zalantzarako tarte txikiagoa dute. Hau da, lau urte hauetan zehar erakutsi dugu gure gaitasuna, eta mahai gainean daude gure ekintzak. Gure hitza bete dugu eta hori agerikoa da. Zarauztarrek duela zortzi urte ere erabaki zuten EH Bildu izatea agintean zegoena, eta lau urtetan EH Bilduk agindu zuen. Orain, zarauztarrek badakite zein den haien lan egiteko era, eta gure lan egiteko era.  Eta esan nahi nuena da garbi dagoela apirilaren 28ko emaitzak ikusita, batak edo besteak aginduko duela Zarautzen, eta horren aurrean hautua egin behar dutela zarauztarrek.

Nola baloratzen duzue PSE-EErekin osatutako Udal Gobernua? 
Balorazioa oso ona da. Elkarlanean egin dugu aurrera agintaldi honetan, emaitzak hor daude, agintaldirako akordioa sinatu genuen, plan bat adostu genuen, eta arloak banatuta, gauzatu dugu. Baina, argi dago, Eusko Alderdi Jeltzaleak bere ideiak dituela, eta alderdi sozialistak ere bere ideiak dituela, eta ez batak ez besteak, ez diogula ez bere ideiei, ez bere ikuspegi politikoari uko egiten. Akordio hori, agintaldiarekin batera amaitu da.

Igandean gehiengo osoa lortuz gero, bakarrik gobernatuko zenukete?
Hautesleei errespetua zor diegu, eta ezin dugu hasi pentsatzen gehiengoa lortuko bagenu zer egingo genukeen. Orain lau urteko hauteskundeen ondoren, gogoan dut egin genuen hausnarketa. Herriak du gaitasuna agintariak jartzeko eta kentzeko, eta hori agerian gelditu zen duela zortzi urte EH Bildurekin, eta duela lau EAJrekin. Orain, herriari dagokio  bere hitza adieraztea, eta edozein alderdi hasten bada pentsatzen honekin edo bestearekin aginduko dut, nire ustez ez da errespetuz jokatzen ari hauteslegoarekin. Hauteskundeen emaitzen ondoren, alderdi politikoei eta agintarioi dagokigu irakurtzea eta interpretatzea herritarrek zer esan nahi izan diguten emaitza horiekin. Eta horren arabera jokatu.

Programan proiektu berri asko proposatu dituzue. Horietatik badago lehentasunezko bat, edo besteak baino garrantzitsuagoa dena?
Kirol arloan, Astiri buelta bat eman nahi diogu. Agintaldi honetan asetu ditugu urte luzez zeuden beharrak, eta orain Astiren zabalpena da erronka nagusia, bai kirol arloan, bai aisialdi gune bezala. Bestea, gizarte babesaren inguruan, adinekoentzat egoitza bat egin nahi dugu Kortazarren. Sinatu dugu hitzarmena Maite Peña diputatuarekin, eta hasi gara Plan Orokorraren aldaketa puntuala lantzen. Mendekotasuna duten 100 pertsonentzat egoitza publiko berria egin nahi dugu. Aldapetan ere zentro berritzaile eta polibalentea egin nahi dugu, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat.

Beste lehentasunetako bat Vista Alegren igogailuak jartzea da, ezta?
Bai, Aldapetakoak egiten ari dira, Sarakatua Dorreraino iritsiko gara, baina hortik gora arazoak dituzte hainbat bizilagunek Vista Alegren. Eta Azken Portu Goian bermatu dugun bezala irisgarritasuna, nahiko genuke irisgarritasun osoa eskaintzea agintaldi honetan Vista Alegreri. Agintaldia hasi genuen Itxasmendiko bizilagunekin biribilgunea adosten, eta bukatu dugu Hiruerreketako bizilagunekin adostutako aparkalekua eta plaza eraikitzen, eta gure konpromisoa da berriz berdin hastea agintaldia; Vista Alegreko bizilagunekin irisgarritasuna bermatzeko igogailuak adosten.

Santa Klarako parkean erabilera anitzeko kultur ekipamendu bat egitea jaso duzue programan. Komentuari dagokionez, zer?
Hala da, bai. Batetik, Salberdinen badago kultura ekipamendurako partzela bat, Santa Klarako parkean. Bestetik, harremanak izan ditugu agintaldi honetan Santa Klarako mojekin. Beraien borondatea eta agerikoa dena da Zarauzko herriari saldu nahi diotela komentua eta inguruko baratzeak. Hori erabaki estrategikoa da, eta lanketa nahikoa aurreratuta eta garatuta daukagu mojekin. Baina agintaldi bukaera medio, geldirik gelditu da. Baina nire konpromisoa da datorren agintaldian bultzada ematea, komentua eta parkea erosteko eta herriarentzat izateko. 

Komentua erosi ondoren, zer erabilera eman horri? Proposamenik baduzue?
Oso arriskutsua da iragartzea  erosi ez duzun eraikin batean eta jabe pribatua duen eraikin batean zer egin nahi duzun. Aurrena erosi behar duzu, eta gero, elkarteekin, eragileekin, alderdi politikoekin adostu zer den egokiena, planteatu, proiektuak egin, eta ondoren burutu. Baina Zarautzek behar duela ekipamendu kultural bat, erabilera anitzekoa, hori argi dago.

Tren eta autobus estazio berriak egiteko asmoa duzue.
Gure asmoa da datorren agintaldian tren estazioen obrak martxan jartzea.  Bi proiektu daude: bata Lapurdi kaleko estazio nagusiarentzat, eta bestea Iñurritzako estazioarentzat. Lapurdi kalekoaren helburua da Gaztainpe eta Salberdin lotzea azpi pasabide baten bitartez, eta Iñurritzakoa zabaltzeaz gain gure asmoa litzateke aukera hori aprobetxatzea estazio intermodal bat egiteko non autobusak, trenak eta taxiak eta sartzen diren autobus guztiek etorkizunean konponbidea izango duten brigada dagoen Amallubiko partzela horretan.

Turismoak pisu handia du Zarautzen, baina baita industriak ere; hor dago industrialde berria ere. Nola uztar daitezke bi sektore horiek? Zein da zuen eredu ekonomikoa Zarautzentzat?
Eusko Alderdi Jeltzalearen eredu sozioekonomikoa zarauztarrek eta gipuzkoarrek eta euskaldunek ezagutzen dute. Eta da azken 40 urteetan gure herria, Euskal Herria, bere lekura eraman duen politikak aurrera eramatea. Guk ezin ditugu banatu alde soziala batetik, eta alde ekonomikoa bestetik. Duela lau urte, Zarautzek %10,5eko langabezia tasa zuen; gaur %7tik behera jaitsi da. Egia da lanpostuak sortu direla Zarautzen, baina gure kezka da lanpostu horien kalitate maila, eta horretarako lanean ari gara, esfortzu berezi bat eginez agintaldi honetan, Errotaberriko industrialdea martxan jartzeko. Eta martxan jartzea ez da bideak eta zubiak eta urbanizazio lana egitea. Baizik eta enpresak erakartzea, enpresak Zarautzen ezartzea eta Zarautzen lanpostuak mantendu, finkatu eta berriak sortzea.

Hortaz, industria funtsezkoa da Zarautzen EAJrentzat.
Industriari bultzada berezi bat eman behar zaio Zarautzen. Errotaberri geldirik egon da urte luzez, baina bere garaia iritsi zaio, besteak beste aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker. Eta aipatu nahi dut funtsezkoa dela agintaldi honetan izan dugun instituzioen arteko lerrokadura. EAJ Jaurlaritzan, aldundian eta Zarautzen egon garenean agintean, bultzada nabarmena jaso du Zarauzko herriak: Errotaberri martxan dago, kirol ekipamenduak martxan daude, etxebizitza politika ere martxan dago, eta hori ez dugu ikusi azken urteetan Zarautzen.

Hori interpretatu daiteke, ordea, alderdi desberdinen artean interesak gailentzen direla herritarrenen gainetik...
Ez, horrek esan nahi du EAJk Zarautzentzat gauzak lortzeko eta helburuak betetzeko daukan kudeaketa gaitasuna. Hori erakusten du. Etxebizitza politika alorrean, zer pauso eman dira azken hamarnaka urteetan? Eta politika industrialean zer pauso eman dira azken urteetan Zarautzen? Zarauztarrek ikusi dute zertan ari garen, eta hurrengo agintaldian erabaki beharko dute Zarautzek hasitako bidetik aurrera jarraitu nahi duten edo berriro geldotzea datorren.

Programa osatzeko prozesu parte hartzailea egin zenuten. Ekarpenetatik, ondorioztatu zenuten parte hartzaileek eskatzen zutela  "arlo ekonomiko eta soziala zainduz, Zarautzen garapenean aurrerapausoak ematea".
Erabat ados gaude herritarrek pasa diguten mezu horrekin. Gizarte politikek gero eta laguntza gehiago jasotzen dituzte erakundeen aldetik, Zarauzko Udalean ere bai, inor bazterrean gelditu ez dadin, urtez urte zerbitzua hobetzen goaz, eta bide horretatik jarrai behar dugu. Baina gizarte politikarik onena, azkenean, enplegua sustatzea da, eta langabeziak behera egitea, eta horretan ari gara. Pentsatzen dugu industriaren alde egiten dugun apustua garrantzitsua dela. Turismoa ere hor dago, zerbitzuen sektorea ere hor dago, Zarautzen gaur egun %70a baino gehiago da, baina horregatik, industriari bultzada eman behar diogu, eta kalitatezko turismoa sustatu behar dugu.

Nola?
Hortxe ditugu Turismo Bulego berriaren instalazioak, udarako zabalduko ditugunak, eta uste dugu horrek lagunduko digula, batetik turismoari arreta hobea ematen, bisitariari gerturatuko garelako Kale Nagusira etorrita. Horrekin batera, balioko digu Alde Zaharrari bizitza emateko, uste dugu ostalaritzari ere Alde Zaharrean lagunduko diola bulegoa hor jartzeak, eta apustuak egiten ari gara. Ez da industria bakarrik, ez da merkataritza bakarrik, ez da ostalaritza bakarrik. Osotasunean hartu behar da dena. Eta hirugarren sektoreari lotuta, 100 lagunentzat egoitza jartzeak Kortazarren, lanpostuak sortuko ditu. Gure egiteko modua hori da: gizarte politikei bultzada ematea, baina ekonomia sustatuz.

Aparkalekuei dagokienez, datozen urteetarako zer asmo ditu EAJk?
Aparkalekuen arloari erantzun egokia eman behar diogu datorren agintaldian, eta erantzun egokia da behin betiko soluzioa prestatzen joan behar dugula. Salberdingo industrialdea garbitu dugu eta probetxua atera diogu hor agertu diren kanpa guztiei, baina hori behin-behineko soluzioa izan da, eta pentsatzen joan behar dugu tokian-tokian non eraiki behar diren aparkaleku egokiak. Zarautzek gaur egun badaukalako oraindik gabezia hori. Hitz egiten ari gara Iñurritzako eremuan aparkalekuak egiteaz; Kortazarren adinekoen egoitzaren azpian aparkalekuak egiteaz; Salberdingo ekipamendu kulturalaren azpian aparkalekuak egiteaz, eta Lanpardoko suskidura bizitokien sotoan ere 75 aparkaleku  inguru egiteaz. Beraz, ari gara plangintza mailan etorkizuneko Zarautz horri aparkalekuaren behin betiko soluzioak bilatzen eta bideratzen.

Lau urte hauetan alkate izanda amets batzuk beteko zenituen. Ilusio berezirik egin dizu zerbaitek?
Ez nuke nabarmenduko bereziki bat bera ere, baina bukatu dugun proiektu bakoitzean–bai oinezkotzeetan, bai Santa Klarako pasabidean, edo Azken Portu Goiko igogailuan–, eta herritarrek jasan dituzten obren ondoren–zaratak, hautsak, dendetan diru sarrerak jaistea lanengatik–, horren ondoren, herritarrak hurbildu eta esatea "merezi izan du guztia aguantatzeak, zeinen ondo gelditu den egin duzuenak", hori entzutea da gehien betetzen nauena alkate bezala. Adineko pertsona bat bere gurpildun aulkian etortzen zaizunean Azken Portu Goian eskertzen, malkoak begietan, obra horrengatik zer nolako aurrerapausoa eman duen bere bizi kalitateak, horrek betetzen zaitu erabat. Egindakoa balekoa izatea eta esker hori jasotzea, hori da politena.

Eta datozen lau urteetarako amets bat?
Amets asko, baina nik esango nuke agintari batek pentsatu behar duela hurrengo belaunaldien etorkizunean, ez lau urteko epean. Nahiko nuke ohartu daitezela, gu ohartzen garen bezala, nolako toki pribilegiatuan bizi garen, eta hori zaindu egin behar dugu, etorkizunean ere horrela izan dadin. Ingurumenaren inguruan badaude erronkak, aldaketa klimatikoa hor dago, itsasaldiak ere jasan izan ditugu, eta horren aurrean herri bezala erantzun behar dugu. Zer gertatuko da gure malekoiarekin, eta gure herriko inguruarekin? Nire ametsa da guk gure gurasoengandik jaso dugun Zarautz hori, haiek hobetu zuten bezala, gutxienez pixka bat hobexeago uztea guk gure seme-alabei.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide