Udal eta Foru Hauteskundeak

"Zarautzen arazoetan oinarritutako programa" aurkeztu du PP-k

Amaia Urbieta Arruti 2019ko mai. 11a, 14:48

"Udalera sarbidea ziurtaturik daukagu, eta emaitza historikoa izanez gero, udaletxean erabakitzeko gaitasuna izango dugu", esan du Alfonso Santibañez alkategaiak.

Gainontzeko alderdiekin batera, atzo abiatu zuen kanpaina Zarauzko PP-k ere, herriko kafetegi batean, hogei jarraitzaile ingururen aurrean. Alfonso Santibañez lehen aldiz aurkeztu da zerrendaburu gisa, eta alderdi popularraren jarraitzaileez gain, apirilaren 28an Vox eta Ciudadanos bozkatu zituztenei eskatu die botoa. "Alderdi horiek ez dute hautagairik aurkeztu Zarautzen, eta boto guztiak batuz gero, behar adinako indarrarekin sartuko gara udalean", azaldu du alkategai popularrak.

Era berean, erreferentzia egin die Santibañezek duela lau urte, "EH Bilduren garaipena saihestearren", EAJ-ri botoa eman zietenei. "Utzitako boto horiek alderdi popularrera itzuli behar dute zergak jaitsi ahal izateko, administrazio arinagoa izateko eta herrian proiektu gehiago gauzatu ahal izateko".

Santibañezen arabera, "EAJ-k ez du ondo erabiltzen jakin izan zuen babes handia eta ez die Bilduk ezarritako politika nagusiei buelta eman. Hala nola, TAO edo hondakinen kudeaketa".

Programaren aurkezpena

Santibañez "ilusioz" aurkeztuko da hauteskundeetara. Politikan "gauzak aldatzeko" sartu da, baita "beti berdinek goberna dezaten saihesteko" ere. Jarraian, hauteskunde programako lerro nagusiak jakinarazi ditu. Gehien azpimarratu duen neurria AP8 autobideko Donostia-Zarautz zatiko bidesariaren liberalizazioa izan da. Honen bidez, "turismoa, ostalaritza eta komertzioa sustatu" nahi ditu. Horrez gain, beste hainbat neurri ere azaldu ditu: OHZ-ren jaitsiera eta bigarren etxebizitzen gaineko zerga kentzea, udal tasak eta zergak izoztea, kiroldegia berritzea, haurrentzako igeriketa ikastaroetako plazak bikoiztea, gazteentzako etxebizitza alokairuak sustatzea... "Zarautzen arazoetan oinarritutako programa" osatu dutela baieztatu du.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide