Martxoaren 8ko greba feministarekin bat egin dute hainbat eta hainbat herritarrek. Horietako lau dira Ane Arregi, Eider Valentin, Nora Muñoa eta Arantxa Aldalur.
"Aukera berdintasuna botatzen dut faltan nik"
Lanean greba egin du Ane Arregi Iturzaetak, baina etxean "aingeru guardakorik ez" dauka.
"Berdintasunaren alde aldarrikapena egiteko atera naiz kalera. Nire ustez oraindik arlo guztietan falta zaigu berdintasuna. Pentsatzen dugu eskubideak ditugula eta denok betebehar berak ditugula, baina eskubide horiek oraindik ez daude, ez dira benetan gauzatzen arlo guztietan".
"Aukera berdintasuna botatzen dut faltan bereziki. Oraindik neurri handi batean ez gara kontziente hori zergatik ez den betetzen. Eredu batzuetatik abiatzen gara, eta horiek bistaratu egin behar dira. Baina horretarako izugarrizko lana egin behar dugu: hezkuntzatik, etxetik, gizarteko eremu guztietatik".
"Jendea animatu nahiko nuke, eta ez dadila gelditu aldarrikapen hau Martxoaren 8an bakarrik, eta gure egunerokotasunean ahalegin hori egin dezagula".
"Ditugun eskubideak borrokatu direlako lortu dira, eta horregatik jarraitu behar dugu"
Eider Valentin Askasibarren lantokian denek egingo dute greba, haur eskolan. Etxean ere, atzo dena prest utzi zuten, eta iluntzera arte ez dira itzuliko.
"Gure eskubideen alde borrokatu behar dugulako ari naiz greban gaur. Poliki-poliki emakume asko ari gara elkartzen, baina uste dut oraindik lan asko daukagula egiteko hainbat esparrutan".
"Gaur egun ditugun eskubideak eta lan baldintzak borrokatu direlako lortu dira, eta horregatik borrokatzen jarraitu behar dugu".
"Gaurko eguna energia txute bat ere bada"
Nora Muñoa berdintasunaren inguruko master bat ari da egiten, eta bera ere eguerdiko ekitaldian izan da. "Hona etorri gara kapitalismoari eta kolonialismoari planto egiteko, zaintzak denonak direla aldarrikatzeko, berdintasunaren alde borrokatzeko, eta noski, sistema heteropatriarkatuari ere planto egiteko".
"Nazkatuta gaude egoerarekin, baina baita indartsu ere. Gaurko eguna energia txute bat ere bada, urte osoan zehar borrokan jarraitzeko. Indarra ematen digu egun honek".
"Emakumeek egindako lanari esker gaude hemen, eta haiei eskertzeko nago hemen"
Arantxa Aldalur udal teknikaria da, eta grebarekin bat egin du hainbat arrazoigatik. "Orain arte emakumeek egindako lanari esker gaude gauden tokian, nahiz eta oraindik asko egon egiteko. Batetik, haiei eskertzeko nago hemen. Bestetik, neuk mundua hobetzen laguntzeko eta atzekoengatik ere zerbait egiteko. Gizonezkoa izanda ere bai, baina emakumezkoa izanda, ezinbestekoa dela uste dut; nahiz eta pauso txikiak egin, horiek ematea".