Martxoak 8, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna

Ikasleak kalera atera dira berdintasuna aldarrikatzera

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 7a, 11:58

Emakume Langilearen Egunaren harira, kalera atera dira herriko ikasleak. Berritzeguneak, Zarauzko Udalak eta ikastetxe guztiek batera antolatu dute egitasmoa, eta "mugimendu feministaren egitaraua ez oztopatzeko", gaur egin dute ekitaldia.

Lege Zaharren Enparantzan bildu dira ikastetxe guztietako ikasleak. Lizardi institutukoak ez dira bertan izan jai eguna zelako beraientzat, baina ekimenarekin bat egin dute beraiek ere. Ikastetxe bakoitzeko ordezkarien artean ondoko manifestua irakurri dute:

"Gaurko egunez, eta urte osoan, emakume eta gizonen arteko parekotasuna aldarrikatu nahi dugu ozen. Parekotasuna lortzeko bidean asko aurreratu dugu gure herri eta ikastetxeetan; baina horrek are nabariago uzten du erronka handiak ditugula oraindik aurrean:

  • Etxeko zereginak eta zaintza-lanak ez dira oraindik berdin banatzen neska-mutilen artean.
  • Neskek eta mutilek ez dute, askotan, aukera berdina izaten ikasketetan aurreratzeko eta lan-munduan ere nabaria da desberdintasuna.
  • Kalean beldurrik gabe ibiltzeko eskubidea ez zaie berdin errespetatzen neskei eta mutilei.
  • Mendekotasunik gabeko tratu ona bultzatzen segitu behar dugu.

Lan handia dugu oraindik parekotasuna lortu eta gizarte zuzenago bat eraikitzeko. Erronkari gizarte osoak erantzun behar dio eta gu, agiri hau sinatzen dugun gizon-emakume, neska-mutil eta erakundeok, gure alea gehitu nahi diogu ahalegin kolektibo horri.

Horregatik, konpromiso hauek hartzen ditugu:

  • Gure ikastetxeetan parekotasunean oinarritutako hezkuntza bermatuko dugu.
  • Nork bere esparruan tinko egingo dugu emakume eta gizonen arteko parekotasunaren alde.
  • Parekotasunaren aldeko aldarria zabaltzen jarraitko dugu, gizarteak aurreratzen segitu dezan norabide horretan.
  • Elkarrekin ibiliko dugu bide hau, hitzak eta ekintzak uneoro uztartuz".

Irakurketaren ostean, Rosi Lazkano bertsolari oriotarraren bi bertso abestu dituzte ikasle guztiek batera, Orioko balearen doinuan:

Ez gaitzaten hain erra
sailkatu, konpara,
aukera berdinaren
eskean plazara
beldurra eta lotsa
bihurtu algara:
onartuko gaituzte,
onartzen bagara!

Nahi ez badute entzun
zerk gaitun kezkatzen
ez bagaituzte maila
berdinean jartzen,
ohitura diotena
has dadin aldatzen,
emakumeok greban gara ateratzen

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide