Martxoak 8, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna

Herriko gizon batzuk prest daude Martxoaren 8an zaintzaz arduratzeko

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 23a, 16:17

"Zaintza lanez arduratuko gara, emakumeek* greba egin dezaten", esan dute oharrean. Nahi duten emakumeek beraiekin harremanetan jartzeko helbide elektroniko bat sortu dute, eta martxoaren 1ean batzar irekia egingo dute gaia lantzeko. Gizonentzako gomendio sorta ere plazaratu dute.

Martxoaren 8ko grebari begira, Zarauzko hainbat gizonek "zaintza sarea" ehuntzeko prozesua abiatu dute. Helburua Martxoaren 8an Zarautzen "zaintza gune bat" sortzea da: "Mugimendu Feministatik egindako deialdiari jarraiki, greba babesteko asmoz, zaintza lanez arduratuko gara, emakumeek* greba egin dezaten".

Emakumeei* beraiekin harremanetan jartzeko dei egin diete: "greba egunean izan ditzakezun beharrak bilduko ditugu eta gizonen artean banatuko ditugu, zuk mobilizazioetan parte hartu ahal izateko". Horretarako, zaintzasareazarautz@gmail.com eposta sortu dute, emakumeek* beren izena, zaintza beharrak, ordutegia eta kontaktua helarazi ahal izateko. Bestela, martxoaren 1ean Lege Zaharren enparantzan antolatutako ekimenetan ere izena emateko aukera izango da.

Gizonei dagokienez, greba "babestu" nahi izanez gero, zaintza sarean izena emateko gonbidapena luzatu diete, eposta berdinaren bitartez: "eman izena zaintzaile gisa eta bermatu zaintza sarea". Aski izango da zaintzasarea@gmail.com helbidera izena, disponibilitatea eta kontaktua bidaltzearekin. "Ez ahaztu etxean lan guztiak egiteaz!", gaineratu dute.

Bestalde, gizonei zuzendutako ohar hauek argitaratu dituzte zaintza saretik, Martxoaren 8an bete beharreko paperari buruz:

  • "Aita bazara zure seme-alabez arduratu eta eztabaida zein ikasle greba lagundu (guraso elkartean, eskolan etab.).
  • Laguna bazara, zure lagunen umeak zaindu ditzakezu.
  • Lankidea bazara, lantokian emakume* greba zabaltzeko, babesteko, zerbitzu minimoak egiteko edo emakume* lankideen lana egiteko eskaini ahal duzu zure burua. Eguneko soldata mugimendu feministari eman diezaiokezu, edo lantokian emakume* grebarentzat erresistentzia kutxa antolatu dezakezu.
  • Enpresako nagusia bazara, enpresa itxi eta beharrezkoa bada zaintza kolektiborako espazioa irekitzea ahalbidetu.
  • Ikaslea edota irakaslea bazara, eskolara joango ez diren emakume* ikaskideak eta ikasleen lanuztea babestu eta eskolak zaintza komunitariorako espazio bilakatu.
  • Zure familian, elkarbizitza taldean edo inguru afektiboan zaintza behar duenik badago, has zaitez egun horretatik aurrera ohituraz emakumeok* betetzen dugun lan horretaz arduratzen.
  • Zaintza komunitariorako espazioak autonomoki sortu (lantegietan, eskoletan, gaztetxeetan etab.). Gizonek ardura hartu behar dute, helburua ez da emakumeen* laguntzaile izatea.
  • Martxoaren 8rako antolatzen diren bazkari herrikoietan etab. lana egiteko zure burua eskaini.
  • Zure inguruko norbait zaintzeko soldatapeko emakume bat badago (haur, adindun, bizilagun etab.) zure burua eskaini egun horretan lan egiteko.
  • Emakume* batekin harreman sexu-afektiborik baduzu, martxoaren 8an kalean egoteko behar duen laguntza guztia emaiozu.
  • Zabaldu mezua zure lagun eta talde guztien artean. Militantea bazara, eraman zure eremu politikora.
  • Ez kontsumitu. Batu zaitez kontsumo grebara.
  • Greba egunaren aurretik eta ondoren beste gizonezkoekin bildu zaitezke, maskulinitateen inguruan elkarrekin hausnartzeko, lan pertsonala eta kolektiboa egiteko, zuen pribilegioez kontzientzia hartzeko eta menderakuntzarik gabeko jendartea lortzeko bidean pausoak emateko".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide