XVI edo XVII. mendeko zilarrezko lingote bat aurkitu dute Getarian

Urola Kostako Hitza 2018ko urriaren 26a

Getariako uretan aurkitutako zilarrezko lingotea. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Getariako uretan egin zuen aurkikuntza arkeologikoa Borja Inza urpekariak, urpeko argazkiak ateratzen ari zela. 8 kiloko lingotea da, eta jatorri amerikarrekoa izan daitekeela azaldu dute.

Aurkikuntza arkeologikoa egin dute Getarian; XVI. edo XVII. mendeko zilarrezko lingote bat aurkitu dute uretan. 8 kilo pisatzen ditu, eta adituek jakinarazi dutenez, “jatorri amerikarrekoa eta kontrabandoaren fruitua” izan daiteke. “Getarian lingote hori agertzeak lotura izango du, seguru asko, herri honetako zenbait leinuk zilarraren ekoizpenean eta erauzketan izan zuten esku hartze aktiboarekin”. Aldunditik jakinarazi dutenez, lingoteak “ez du eskubide errealak edo zergak ordaindu ondoren aplikatzen zitzaien marka edo zigilurik”; “horrek kontrabandoko zilarrezko lingotea dela frogatzen du”.

Borja Inza urpekariak aurkitu zuen lingotea, urpeko argazkiak ateratzen ari zela. Berehala jakinarazi zion Ertzaintzari, eta ertzainak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarri ziren harremanetan. Aldundiak “neurri egokiak” hartu dituela azaldu du Denis Itxaso Kultura, Turismo, Kirol eta Lankidetza diputatuak, “espoliaziorik gerta ez dadin eta eremua babestu ahal izateko”.

Zehatz-mehatz, honako hauek dira Aldundiak hartu dituen neurriak: lingotea Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroaren (Gordailua) esku jarri dute; Getariako gunearen zaintza zuhurra eskatu diote Ertzaintzako zuzendariari; gune horretan, metalak detektatzeko gailuen bidezko itsaspeko prospekzio profesionala kontratatu dute, lingote gehiago ote dauden jakiteko eta, egonez gero, uretatik ateratzeko; eta azkenik, badiako eremu arkeologikoaren babesa eskatu zaio Eusko Jaurlaritzari, kontuan hartuta toki horretan izandako aurkikuntza garrantzitsuak (Iturritxikiko ontzi-aztarna, lingotea, eta abar).

Irudiak: Gipuzkoako Foru Aldundia

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide