Iñigo Amestoi Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako lehendakariak eta Belen Murua zuzendariak hartu dute Zumarraga-Urretxuko ordezkarien eskutik lekukoa. 1977an Beasainen abiatutako Kilometroak-en ekimena eskuz esku pasatzen joan da, eta eredu honetako azkena antolatzearen ardura Zarauzko ikastolarena izango da.
Amestoik esker onez hartu du lekukoa. Gogoan hartu du molde honetako azkena dela, eta Zarautzi "borobiltzea" dagokiola zikloa.
Duela mende erdi sortu zen ikastola, euskara ardatz hartuta, "eredu pedagogiko aurrerakoi eta apurtzaile batekin". Bigarren irauli bat eman nahi dio eredu pedagogikoari. Buru belarri daude ikastolako profesionalak horretan lanean, eta 2019ko kilometroetan biltzen dena pedagogia berrian inbertitzeko baliatuko da. Oinak lurrean, aurrera begira aitzindari izaten segitzeko helburuarekin, euskarazko hezkuntza ardatz, "iraultzaile izan nahi dugu" esan du Amestoik.
Azpimarratu du euskararekin eta Euskal Herriarekin konpromiso sendoa hartu duela ikastolak eta gonbidapena luzatu du: "Datorren urriaren 6an denok gonbidatuta zaudete Zarautzera".
Antton Mendizabal artistak propio Kilometroetarako ondutako lekukoa hartzen joan dira 1996tik Gipuzkoako ikastoletako ordezkariak, harian-harian, festa antolatzea egokitzen zitzaionaren arabera. Orduz geroztik lekukoa jaso duten ikastolen izenak grabatuta ditu egurrezko artelanak.
Zarautzek hirugarren aldiz antolatuko du jaia. Lehen aldiz, 1987. urtean antolatu zuen; bigarrena, 2004an, Oriorekin batera; eta hirugarrenez, 2019an antolatuko du.
Ofizialki lekukoa gaur hartu badute ere, dagoeneko martxan jarrita daude lantaldeak. Ehun pertsonatik gora hasita daude lanean jadanik, euskararen aldeko festa handia, eredu honetako azkena, borobila izan dadin.