Euskal Astea 2018

Irudietan: Haitzean jaioak haitzean nahi

Amaia Urbieta Arruti 2018ko ira. 5a, 16:51

Udaberri abesbatzak, Zarautz Txiki abesbatzak, Motxian bertso-eskolak, Jalgi dantza taldeak, Kame musika eskolak, Goizeko Ihintza txistulari taldeak... guztiek bat eginik osatu zuten Euskal Asteko ikuskizuna.

Haitzean jaioak haitzean nahi. Nola ez, esaera zahar batez izendatu beharra zegoen hainbat atsotitzen gainean idatzitako lana. Patxi Santamariaren gidaritzapean, herriko dantzari, musikari zein antzezle ezberdinek  Malixa eta Joxe esnesaltzaileen gorabeherak irudikatu zituzten Lege Zaharren Enparantzan. Jexux Goikoetxeak bizia eman zion Joxe pertsonaia, esnesaltzaile izateaz aspertuta,  Gasteizera joan zen soldadutza egitera. Malixaren azalean sartutako Goretti Aranburuk, berriz, ez zion zentzurik aurkitzen Joxeren erabakiari, eta bera bertan geratu zen, baserriko bizitzari helduz. «Hobe bat eskuan eta ez bi auzuan!».

Ez zuen bizimodu gozoa eraman Joxek Gasteizen. Soldadu izateko ikasten ari zela, eguna mozkorturik igarotzen zuen. Jalgi dantza taldeak ardo dantza eginez irudikatu zuen Joxeren arazoa. Malixa faltan botatzen zuen, eta halaxe azaldu zuten Pako Serras eta Miriam Mendoza kontalariek. Baita Ane Peñagarikano eta Danel Olano bertsolariek ere. «Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau».

Hori gutxi balitz, gerrara bidali zuten Joxe, hain zuzen ere, Txatxarromendi ingurura, Malixaren baserria zegoen lekura. Gerratearen gordina irudikatu zuten jalgi dantza taldekoek, makil-dantza berezia eginez. Joxe akabatua zegoela zirudienean, ordea, esnatu, eta guztia ametsa izan zela ohartu zen. Eta, hala, baserritik alde egiteko zeuzkan ideiak desagertu zitzaizkion. Hortik, ikuskizunaren izenburua: «Haitzean jaioak haitzean nahi». Emanaldiari amaiera emateko, parte hartutako talde  guztiek bat eginik Mikel Urdangarin abeslari zornotzarraren  Non geratzen den denbora kantua abestu zuten.


Plaza goraino betea

Zenbait herritarrentzat urteroko hitzordu finkoa izaten da Euskal Asteko herriko talde ezberdinen emanaldia. Aurtengoan ere goraino bete da plaza, eta ziurrenik eseritakoak baino gehiago izango ziren oholtzara zutik begira zeudenak. Parte hartzaile guztiei eskerrak eman ostean, atsotitzen hariari helduz amaitu zuten ikuskizuna bi kontalariek, honela esanez: «Zer egingo degu ba? Hil arte bizi!»

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide