Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia 2018

Nikolas Illarramendi: "200 tximeleta estiloan sentitzen naiz erosoen"

Zarauzko Hitza 2018ko uzt. 23a, 11:03

Zarauztarrak azken urtea du juniorretan, eta atzo Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian bera izan zen azkarrena, 33:08 denbora eginda. Atzoko probari buruzko xehetasunak eta aurrera begira dituen erronkak azaldu ditu. 

Nikolas Illarramendik (Zarautz, 2000) espero zuen atzo aurrenekoen artean sailkatzea Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian. Irabazterik ez, ordea. Lehenengo aldiz hartu du parte, "beste urteetan Espainiako Txapelketa izaten delako sasoi inguru horretan". Bidasoa igeri elkarteko kideak azken urtea egin du juniorretan emaitza onak eskuratuta, eta datorren urtean absolutuetan ariko da. Bere helburua, Espainiako Txapelketako finalen batean lehiatzea.

Zure atzoko denbora 33:08 izan zen. Azkar da, ezta?
Bai, oso azkar. Ez nuen uste hain azkar egingo nuenik. Iaz 31:50 inguruan egin zuen aurrenekoak, eta errekorra hautsi zuen; baina marea behean egoteak lagundu zien, korrika asko egin baitzuten.

Atzo ura iaz baino beroago zegoela eta olatu txikiak zeudela esan zuten. Nola sentitu zinen uretan?
Itsasoa oso lasai egon zen, eta ni oso ondo sentitu nintzen. Hasi nintzen igerian, eta uste baino askoz azkarrago eta erosoago aritu nintzen.

Hala ere, bigarrena, Unai Arruabarrena, gertu izan zenuen azken unera arte.
Bai. Ur ertzera iritsi ginen, eta hor ibili ginen, azken momentura arte, sprintean.

Taldekidea duzu Bidasoan. Ondo hartu al zuen bigarren egitea?
Denoi ematen digu amorru pixka bat proba bat azken momentuan galtzeak, baina tira. Gainera, lagunak gara.

Itsas zeharkaldietan garaipenak eskuratu izan dituzu, ala hau zen lehendabizikoa?
Duela bi urteko Hondarribikoa irabazi nuen, eta aurreko postuetan ibiltzen naiz normalean.

Zein dituzu hurrengo erronkak?
Orain beste zeharkaldi batzuetan aterako naiz, eta ondoren Madrilera noa ikastera, eta han Espainiako igeriketa talde onenetariko batean ibiliko naiz: Canoe igeriketa taldean. Saiatuko naiz han nire maila hobetzen, eta ea zer moduz ateratzen den.

Igerian serio jarraitzeko asmoa duzu, hortaz.
Ahal dudan neurrian, bai. Medikuntza ikasketak egingo ditut, eta hortaz, kostatu egingo zait biak ondo egitea, baina ahalik gehien saiatuko naiz igeriketarekin jarraitzen.

Nolako distantzietan aritzen zara normalean?
Distantzia luzeak egiten ditut, gehien sufritu behar direnak: 1.500; 400 estilo; eta 200 tximeleta. Udan trabesia batzuk egiten ditut: Hondarribikoa eta Donostiakoa, esaterako.

Gustukoenik baduzu?
Bai, 200 tximeleta. Emaitza onenak hortxe lortu izan ditut, eroso sentitzen naiz, eta poz gehien hor izaten dut.

Juniorretan lehiatu izan zara orain arte, baina absolutuekin ariko zara datorren urtean. Zein helburu jarri diozu zeure buruari?
Espainiako Txapelketako aurreneko postuetan gelditzea nahiko nuke, edo gutxienez, finalen batera sailkatzea. Izan ere, juniorretan bi urte zehatzetako igerilariak bakarrik ibili gara, baina absolutuetan asko zabaltzen da adin tartea, eta zailagoa izango da.

 

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide