Zarautz maiteak dira Ixidor Larrañaga Aierbe (Oikia, 1970) eta Esther Facchin Esnal (Nuits-St-Georges, Frantzia, 1966). Hitz egiten duten moduagatik nabari zaie. Turismo zinegotzia da bata, eta Turismo Bulegoko zuzendaria bestea. Udalak onartu berri duen Turismo Plana izan dute hizpide.
Zein dira Zarauzko Turismo Plan berriaren helburuak?
Ixidor Larrañaga: Helburuak dira bikaintasuna lortzea eta erakargarria izatea, eta urterokotasuna lortzea, hau da, turismoa ez izatea udako zerbait bakarrik. Turismoa ona da Zarautzentzat, eta nahi duguna da denok gustura egotea, bai kanpotarrak, bai herritarrak. Oreka nahi dugu, eta garapen iraunkorra lortzea.
Turismo Planaren berrikuntza nagusia da VICE izeneko eredua aplikatuko duzuela. Zer da zehazki eredu hori?
Esther Facchin: Turismo Plan honetan lan egiteko modua da berria eta berritzailea. Ohiko plan estrategikoetan bi hanka hartzen dira kontuan: bisitariak eta enpresa turistikoak edo industria. VICE eredua, berriz, lau ardatzetan oinarritzen da: bisitariak (visitors), industria (industry), komunitatea edo herritarrak (community) eta ingurunea (environment). Azken bi horiek ez dira hainbeste hartzen kontuan, eta Ixidorrek esan bezala, nahi dugu oreka hori aurkitu herritarren eta turisten artean. Horregatik, ekintza plana VICE ereduan oinarritu dugu.
Zer emaitza zehatz ekarriko ditu planak?
I.L.: Garrantzia handia ematen diegu bai surfari, bai familiei, eta baita inguruari ere. Hori landu behar da. Ez dugu nahi hau masifikatzerik. Urte osoko opor tokia izatea nahi dugu, eta turistak urte osoan banatu. Herritarrentzat herri lasaia izatea nahi dugu, baina urte osoan edukitzea kanpoko jendea eta hori diru sarrera garrantzitsua izatea. Oreka hori bilatu nahi dugu, turismo jasangarria izatea eta, esaterako, udan ez egotea aparkatzeko sekulako arazorik.
E.F.: Garapena ez da ona herritarrak ez badaude gustura. Eta turistentzako egiten diren gauza batzuk onak izan daitezke herritarrentzat ere; oreka hori aurkitu behar da. Hartzen diren erabakiek, garatzen diren lerroek, bientzat onak izan behar dute. Plan hau pixka bat berezia da, komunitatea eta ingurua landuko direlako hainbat erreminta erabilita. Batez ere, parte hartze prozesuak aipatzen ditu VICE ereduak. Baina ikusiko dugu nolako parte hartzeak edo formulak erabili. Ixidorrek esan du iraunkortasuna bermatzea dela plan honen helburu bat, eta uste dut hori oinarrizkoa dela gaur egun.
Epe motzerako planak izaten dira hauek. Nondik hasiko zarete?
E.F.: Jada hasi gara, eta jada martxan bagenituen, batez ere turisten eta industriaren arloan. Orain jorratu behar ditugu herritarrekin eta ingurunearekin lotutakoak. Baina hor ere lanketa badago martxan udalarekin: adibidez, ingurunearen atalean aparkalekuen gaia ateratzen da. Kanpotarrek nahiz bertakoek autoa denerako erabiltzen dute, eta lanketa turismoa baino haratago doa, beraz. Hala ere, guk gure ekarpena egingo dugu hori lantzeko.
I.L.: Turismo Plan berria irakurri ondoren, baieztatzen da udala lan polita ari zela egiten lehendik, eta planak markatzen dituen bide batzuk jada udalak hartuak zituela plana bera egon aurretik. Pozgarria da jakitea bide beretik gindoazela.
E.F.: Bai, herritarrek eta eragileek egindako ekarpenak bat datoz jada hartutako bideekin.
Turismo Plan berrian familiek toki berezia dute, ezta?
I.L.: Inguruko jendea asko zaindu behar dela ikusi dugu. Zerbait gehiago eskaini behar diegu, Zarautzera etor daitezen egun pasa. Hemen hainbat ekitaldi antolatzen dira, adibidez, Txakolin Eguna, Ardo Eguna eta abar. Nahi duguna da ekitaldi horietan umeek beren txokoa edukitzea. Orain arte puntualki egin izan da hori, eta orain nahi dugu ekitaldi guztietan landu.
E.F.: Plana lantzean ikusi zen Zarautz oso helmuga erakargarria dela, eta oso egokia familientzako, herriak dituen ezaugarriengatik: lasaia da, laua, irisgarria, eta parke mordo bat ditu umeentzako. Horregatik, lanketa berezi bat egingo da, eta jada hasiak gaude egiten, familiak erakartzeko.
I.L.: Gainera, hori da bisitari mota bat herriari kalterik egiten ez diona. Turismo mota lasaia da.
E.F.: Horrez gain, aukera ematen du udako denboraldiaz kanpo lan egiteko. Gaur egun familiek urte osoan bidaiatzen dute: asteburu pasa nahiz egun pasa.
Familientzako proposamen ereduaren barruan sartuko lirateke, adibidez, Talai Berri txakolindegiak antolatu dituen bisita gidatuak eta halakoak?
E.F.: Beren egitasmoak bat egiten du gure asmoarekin, dena uztartzen baitu: gure tradizioak eta berezitasunak erakusten ditu, eta familientzako da. Erakusten du txakolina alkohola baino zerbait gehiago dela.
Merkatu berririk ba al duzue buruan?
E.F.: Orain bi urte hasi ginen Frantziako merkatua lantzen, guretzat lehentasunezkoa baita. Adibidez, han oporrak dituzte bi hilabetetik behin, eta hor aukera polita ikusten dugu familiak erakartzeko. Maiatzean, esaterako, ez dakit zenbat zubi dituzten. Otsailean oporrak dituzte, azaroan ere bai, eta denboraldiz kanpoko turismoa edo bisitak handitzeko oso merkatu interesgarria iruditzen zaigu.
Horregatik egon al zarete Bordeleko turismo azokan?
E.F.: Urtero sustapen ekitaldi bat egiten dugu Espainiako estatuko hiri txiki edo ertain batean, Destinos Euskadi elkartearekin. Aurten proposatu ziguten azoka horretan parte hartzea, eta Frantziako merkatua, esan bezala, lehentasunezkoa da guretzat, gertu daukagulako, bi ordu eta erdira. Gainera, arrakasta handia izan dugu azokan.
I.L.: Ipar Euskal Herrikoak Donostiaraino iristen dira, baina kosta egiten da hona ailegatzea. Nahi dugu hori lortu, jendea dirua gastatzera datorrelako: pintxoak jatera, erosketak egitera, eguna pasatzera. Eta Zarautz toki aproposa da eguna pasatzeko.
Frantsesez hitz batzuk esaten ikasi beharko da Zarautzen, hortaz?
E.F.: Turismo industriarekin landu beharreko lerroetako bat da, formakuntzarena, adibidez. Eta ez legoke gaizki oinarrizkoa jakitea merkataritzan eta ostalaritzan. Baina, bestalde, uste dut bereziki Euskal Herrira datozen turistek ez dutela nahi parke tematiko batera etorri. Nahi dute benetakotasuna ikusi. Eta hemen kartel guztiak frantsesez eta ingelesez ikusten badituzte, pentsatzen dute badela turistentzat prestatutako toki bat, eta ez dute hori nahi. Gure xarma da eta Frantzian saltzen duguna da Zarautzen herriko jendearekin poteatuko dutela, herriko giroa dagoela, lasaitasuna, umeak kalean lasai jolasten aritzen direla, eta abar.
I.L.: Autentikotasuna nahi dute.
Bestalde, turista gehienak Espainiatik eta Kataluniatik datoz, zuek jasotako datuen arabera.
E.F.: Bai, eta hori gure alde dugu, bezero fidelak direlako. Atzerritarrek zerbait gehiago gastatuko dute, ados, baina ez dira fidelak. AEBetatik behin etorriko dira hona, bitan, akaso, baina urtero ez. Eta hori badute estatukoek. Gustatzen zaie, eta ez dute aldatu nahi badaezpada.
Zeren bila datoz bisitariak eta turistak herrira?
I.L.: Toki lasai baten bila datoz. Ez dago masifikatuta, eta horixe da nahi ez duguna. Hondartza daukagu; paseoak bai mendi aldean, bai Getariara doana; golfa; ostalaritza, nola ez… Hori da bisitarien profila. Horrez gain, ondoko herrietatik etortzen dira egun pasa familiak, hemen beti dagoelako zerbait. Ederra da hau, ez bakarrik astebete pasatzera etortzeko, baita egun pasa etortzeko ere.
Lasaitasun bila datozen bikote eta familiez gain, surfari lotutako bisitari gazteagoak ere etortzen dira. Profil hori esanguratsua al da?
I.L.: Furgonetarekin etortzen den jende gazte hori badago, badago sektore txiki bat soinu asko egiten duena, noski, eta guk arazo gisara ikusten dugu, eta horretan lanean ari gara halako surflariak etor ez daitezen. Baina surfak Zarautzen duen gauza bat da diru asko uzten duela. Surfeko zazpi eskola daude, eta horien mugimendua ikusten dugu guk, eta diru sarrera oso garrantzitsua da herriarentzat. Eta hori landu egin behar dugu ez bakarrik eskolekin, baizik eta industriarekin, horretara jar daitezen. Surfaren industria ere oso potentea da herrian, eta hori gehiago landu behar da.
Seniorren merkatuan sakontzea ere jasotzen du Turismo Plan berriak.
E.F.: Hala da. 55 urtetik gorakoak dira seniorrak, eta bai estatu mailan, bai Europa mailan, zer dute seniorrek? Bada, urte osoan bidaiatzeko erraztasun handia eta denbora. Hiriburuetako turista edo bisitariak dira, baina aldi berean, urte osoan bidaiatzen dutenez, batzuetan bilatzen dute lasaitasuna, ondo jatea, paseatzea, eta Zarauzko baliabide nagusiak horiek direnez, hori bada sektore bat lantzeko dagoena.
Aparkalekuen gaia aipatu duzue lehen. Ezer zehazterik ba al duzue?
I.L.: Lehen Estherrek esan bezala, ez da turisten arazoa bakarrik. Noski, ari gara gaia lantzen. Aste Santutik zabalik daude Kortazar eta Salberdingo aparkalekuak. Bai, horiek itxiko dira egunen batean etxeak egiteko, eta ari gara kokapen berri bat aztertzen. Momentuz, ordea, ezin dezaket gehiago esan.
E.F.: Saihestu behar duguna da autoak erdiguneraino iristea. Pausoak ari gara ematen: adibidez, seinaleak jarri dira aparkalekuen kokapena erakutsiz. Gainera, aparkaleku batzuk hondartzatik gertu daude: psikologikoki ezetz dirudi, baina Salberdin bi minutura dago, eta Kortazar 300 metrora dago. Ahalegin berezi bat egin behar dugu komunikazioan, informazio hori ondo helarazteko denei.
Zarauzko Turismo Bulegoaren egoitza Kale Nagusira eramango du udalak. Noiz egingo da aldaketa?
I.L.: Asmoa da urtea amaitu aurretik lokal berrian egotea. Tokiz aldatuta, espero dugu jende askoz gehiago bertaratuko dela Turismo Bulegora, herriaren erdi-erdian egongo garelako. Gainera, herritarrek ere asko erabiltzen duten zerbitzua da. Esaterako, autobusen ordutegiak eskatzeko.
Ondorioztatu daiteke Turismo Plan berriak ez dakarrela sekulako aldaketarik edo egitasmo erraldoirik, ezta?
E.F.: Hala da. Izan ere, daukaguna oso erakargarria da, eta ez dago ezer berririk asmatu beharrik. Daukaguna balioan jarri, hori da egin beharrekoa.
I.L.: Bide onetik goaz, ez goaz Guggenheim bat egitera, ez delako beharrezkoa.