Gorka Arrese: “Azken 15 urteak geure literaturaren onenak izan dira, baina onena etortzeko dago”

Zarauzko Hitza 2018ko maiatzaren 1a

(Aiora Larrañaga Solaberrieta)

111 Akademia elkartearen webgunean argitaratu dute zarauztarrari egindako elkarrizketa. Lander Garrok egin dizkio galderak Susa argitaletxeko editore ohiari.

Lehen beti topatzen genuen Zarautzen, lanerako aitzakian. Azken aldian, ordea, Donostian elkartzen gara Gorka Arreserekin, laneko larritasunetik urrun. Erretiroa hartuta dago-eta. Kontuz, 53 urte baino ez ditu, egingo ditu beste gauza batzuk. Beste gauza asko, seguruen. Baina ia ezinezkoa zirudiena iritsi da: Gorka Arrese jada ez da Susa argitaletxeko editorea. Otsaileko egun eguzkitsu batean harrapatu dugu elkarrizketa hau egiteko, eta, bide batez, hemen agertuko ez ditugun kontuez jarduteko. Zer da, izan ere, editore-idazle harremana, sekretuz betetako zerbait ez bada?

Arraroa egiten zait elkarrizketa hau zurekin egitea, Gorka; orain arte idazlea eta editorea izan gara, orain ordea kazetaria eta elkarrizketatua.
Zu eta biok lagunak gara. Literaturaz solas egin izan dugu ia beti, baina baita ere liburuen azalei buruz. Susarako azal mordoa egin duzu zuk, hogei bat bai. Asko gustatu zait zurekin lan egitea, ondo pasatu dugu. Beraz, mesedez, ez egin gaur galdera zailik.

Ados!… Argia-n ibili zara, Egunkaria-n, Susan… euskararekin lotutako saltsa askotan alegia: edo euskara oso txikia da, edo zu oso handia zara.
Zorte handia izan dut. Gure kulturako une historiko txiki batzuk bizitzea tokatu zait 1985etik hona, adiskide onak izan ditudalako bidean. Ez naiz euskaltzale porrokatua, literaturzalea naiz funtsean. Eta nik ez dut gauza handirik egin, idazleei lagundu besterik ez. Konstantzia eta doitasuna, hori eskaintzen saiatu naiz.

Euskaltzaindia bakarrik falta zaizu.
Aukeran, nahiago ez; hor ezingo nuke lagundu. Traketsa naiz euskaraz, beti ikasten! Baina badut amets bat: euskalduntze masibo baten ahalegin politiko eta sozial bat ezagutzea laster. Ez dut ulertzen nolatan ez dugun halakorik abiatu oraindik.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide