Martxoak 8 - Emakumeen Nazioarteko Eguna

"Emakumeen ekarpenik gabe, gizartea geratu egingo litzateke"

Zarauzko Hitza 2018ko mar. 8a, 11:53

EAJ, PSE-EE eta Irabazi Zarautzeko udal ordezkariak (Aritz Mutiozabal).

Martxoaren 8aren harira, EAJ, PSE-EE eta Irabazi Zarautzeko udal taldeek –EH Bilduk ez du hartu parte saioan– ondorengo testua adostu dute, eta gaur goizean irakurri udalbatzar aretoan.

2018ko MARTXOAREN 8rako ADIERAZPENA

Zer gertatzen da emakumeek ez badute zaintzen, ez kontsumitzen, ez lan egiten, ezta parte hartzen ere?

Hausnarketa horrexek eraginda, iaz mugimendu feministak emakumeen nazioarteko greba-deialdi bat egitea erabaki zuen, non eta 70 herrialdetan baino gehiagotan; aurten, 2018an, “Emakumeok planto. Nosotras paramos” leloaren pean errepikatuko da. Grebaren xedea da emakumeen lanak gure gizartean duen inpaktua ikusaraztea eta lan hori aintzat har dadila eskatzea.

Gure gizartearen ongizatea ezinezkoa litzateke bizitzari eusteko ezinbesteko jarduerak egingo ez balira, hala nola, pertsonak zaindu (haurrak, adinekoak, mendekoak...) edo etxeko lanak egin. Lan horietako gehienek ez dute ordainsaririk, eta batez ere emakumeek egiten dituzte. Emakumeen ekarpenik gabe, gizartea geratu egingo litzateke.

Emakumeen lanaren zatirik handiena ez da ikusten eta ez da kontabilizatzen. Horrek esan nahi du etxeetan ekoitzitako ondasunen eta aberastasunaren balioa gutxietsi egiten dela, nagusiki emakumeek egiten dituzten zeregin hauen orduak eta ekarpen ekonomikoa ukatu eta ikusezin bihurtzen direla, eta zeregin horiek zaintza, osasun, giza eta babes arloari egiten dioten aurrezpen sozial handia ere ikusezin bihurtzen dela.

Lan-merkatuaren barruan eta kanpoan eskainitako orduak kontuan izanez gero, emakumeek gure gizarteko lanaren %56 egiten dute, baina baita ordainsaririk gabeko lanaren %74 ere. Gainera, feminizatutako lan asko, batez ere emakumeek egiten dituzten lan asko, enplegu prekarizatukoak dira edo lan-merkatuko ezkutuko ekonomiakoak. Sektore horretan, gainera, migratutako emakume ugari enplegatzen dira, eta beroriek jatorrizko inguruneetan beren haurrak beste emakume batzuen zaintzapean utzi behar izan dituzte; hala, zaintza-kate globalak sortzen dira.

Eta egiten dituzten zereginez harantzagoko kontua da; izan ere, emakumeek zaintzan eta etxeko lanetan igarotzen duten denboraren ondorioz, gizonek denbora gehiago dute beren karrera profesionala eta lan-munduko karrera garatzeko, edo aisiako edozein jarduera sozial egiteko, emakumeek jarduera horietan sartzeko zailtasunak izan arren.  

Denboraren erabilera desberdin hau traba handia da berdintasuna lortzeko, eta gizon eta emakumeei buruzko estereotipoak betikotzeaz gain, generoaren ondoriozko erantzukizunak uztartzeko egiturazko oztopo ere bada, besteak beste.

Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da gizarteak aitortzea zaintza-lana ezinbestekoa dela bizitzaren iraunkortasunerako; zaintzen inguruko jendarte mailako antolakuntza berri bat babestu beharra dago zeregin hori beste modu batera hornitzeko, gizonen erantzunkidetasuna sustatu beharra dago, gizartea antolatzeko modu honen ondorioz erabakimen- eta botere-guneetan emakumeen talentuaren galera dagoela ikusarazi behar da, antolakuntza- eta enpresa-kultura berdintasunarekin lerrokatu behar dira, eta bizitza pertsonalaren eta laneko bizitzaren kontziliazioa sustatuko duten zerbitzu publikoak indartu behar dira.

Egoera honetaz OHARTZEN DENEZ, Zarauzko Udalak hitza ematen du

  • Sentsibilizazio eta trebakuntza-programak garatuko dituela, zaintzan eta etxeko lanetan gizonen erantzunkidetasuna sustatzeko eta erabakitzeko guneak emakumeekin partekatzeko.

  • Bere eskumenen alorrean lagunduko duela zaintza babesteko baliabideak eta zerbitzu publikoak garatu eta finkatu daitezen, eta zaintzen arloan erantzunkidetasun sozialerako komunitateko estrategien artikulazioa sustatu dadin.

  • Udaleko politikak genero-ikuspegiarekin garatuko dituela.

  • Balioen transmisioa azpimarratuko duela, berdintasunezko gizartea lortzeko kultura-aldaketak susta daitezen.

  • Zarauzko Udalak bat egiten du “Emakumeok planto. Nosotras paramos” Mugimendu feministak mundu osoan egin duen deialdiarekin, kontzientziatzeko eta aldarrikatzeko, emakumeek lan munduan jasaten duten desberdintasunaz eta emakume izateagatik jasaten ditugun desberdintasun guztiengatik kontzientzia hartzeko eta aldarrikatzeko.


Azkenik, emakume zarauztarrei eta herritarrei orokorrean, Udalak eta Mugimendu Feministak martxoak 8aren, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira plantoari lotuta antolatutako ekintza eta mobilizazio ezberdinetan modu aktiboan parte hartzeko deia luzatzen diegu.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide