Martxoak 8 - Emakumeen Nazioarteko Eguna

Martxoaren 8ko greba antolatzen hasi dira eskualdeko herrietan

Maria Maya Manterola 2018ko urt. 19a, 10:31

Urola Kostako Koordinadora Feministako kideak, Azpeitiko Emakumeen Txokoan. (Utzitakoa)

Asteazkenean izan zuten lehenengo bilera, Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Herrietako asanbladen ondoren, otsailaren 7an elkartuko dira berriz ere, Zestoan.

Asteazkenean elkartu zen Urola Kostako Koordinadora Feminista Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Emakumeen Askapenerako Nazioarteko Egunerako greba antolatzen ari da Euskal Herriko mugimendu feminista, eta gai hori izan zuten hizketagai Azpeitian egindako bileran. Koordinadorak jakinarazitakoaren arabera, eskualde mailan dinamika bateratuak antolatzea adostu zuten asteazkenean; baina herrietan greba nola «lurreratuko» den zehaztea izango da hurrengo hitzorduetako zeregina. Horretarako, asanbladak izango dira egunotan herriz herri.

 Egungo sistema sozial eta ekonomikoa emakumeek egindako lan ikusezinari esker mantentzen dela ikusarazi nahi dute grebaren bitartez. Gizartearen ongizatea eta aberastasuna lan horien bidez ahalbidetzen dela salatzeko baliatuko dute protesta. Hala, «sistemaren erdigunean merkatua egon beharrean, pertsonak eta bizitza egotea» aldarrikatu nahi dute martxoaren 8an.


«Planto» egiteko deia

Lau arlo izango ditu protestak: lan greba, zaintza greba, ikasle greba eta kontsumo greba izango da martxoaren 8koa. Emakumerik gabe  herri oso bat geratzeko ahalmena dutela erakusteko baliatuko dute mobilizazioa. Antolatzaileen hitzetan, iaz Argentinan Bizirik egon nahi dugu lelopean antolatutako greba hartu dute erreferentziatzat. 70 herrialdek bultzatu zuten Hego Amerikan sortutako protesta. 2014an Bartzelonan sortutako Vaga de Totes mugimendua ere gogoratu dute: langabetuak, prekarioak, etxekoandreak, etxeko langileak, sexu-langileak, paperik gabeko etorkinak, erretiratuak eta lan mundu produktiboaren martxa ahalbidetzen duen lan erreproduktibo guztia egiten duten pertsonen eskubideak aldarrikatzen dituen mugimendua. Ohiko greba formatutik haratago, protestaren formatua birpentsatu nahi dute prozesu honen bitartez.
 
Greba diseinatzen hasteko otsailaren 7an jarri dute hurrengo hitzordua, 19:00etan, Zestoan. Herrietako asanbladak egin ondoren, asmoak elkarbanatu eta dinamika lokalagoak martxan jartzeko beta hartuko dute bileran. Martxoaren 8ko mobilizazioetan ez ezik,  prozesuan parte hartzera ere animatu nahi dituzte eskualdeko emakumeak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide