Esperimentaziorako grinak batu ditu

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko abe. 12a, 09:00

Ezkerretik hasita, Guillermo Astrain, Ekhi Lopetegi, Igor Eskudero eta Unai Lazkano (Alba Yruela).

Mikel Laboaren omenezko diskoa kaleratu berri du Delorean taldeak, haren abestien moldaketekin. Azpeitiko Sanagustin kulturgunean eskainiko du kontzertua, larunbat honetan

Mikel Laboaren eta Delorean taldearen musikek lehen belarri kolpean ez dute bata bestearekin zerikusirik. «Ukitzen ez diren bi mundutatik» datoz, Ekhi Lopetegi Deloreaneko abeslariaren iritziz. Badute batzen dituen zerbait, ordea: esperimentaziorako grina, hain zuzen ere. «Laboak sormenarekin duen konpromisoa oso geure egin izan dugu gure ibilbidean», nabarmendu du Lopetegik.

Pasa den azaroaren 15ean kaleratu zuten Igor Eskuderok, Unai Lazkanok, Guillermo Astrainek eta Lopetegik berak Mikel Laboa disko berria, Elkar argitaletxearekin, eta orain sustapen lanetan murgilduta dabiltza buru-belarri. Ildo horretatik, hainbat zuzeneko emanaldi dituzte aurreikusita; besteak beste, ostiral honetan Hernanin, eta larunbatean Azpeitian.

Disko berriak, hain justu ere, zuzenekoetan du abiapuntua. 2014an Donostiako Udalak Adarra Saria eman zion Mikel Laboari, haren sorkuntza lana aitortze aldera. Laukoteak sari banaketa ekitaldian hartu zuen parte, musikari donostiarraren abestien moldaketekin emanaldia eskainiz. Horren ondoren, Bilboko Arriaga jauregian eta Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktorian Laboaren omenezko kontzertu bana eskaini zituen laukoteak. Hortik abiatu zen Delorean eta Laboa uztartuko zituen proiektua, nahiz eta laukoteak ez zuen hasiera batean halakorik buruan. «Guk ez geneukan pentsatuta Laboaren abestiak moldatzea; ez genuen halako proiekturik aurreikusi».

Adarra Sariko ekitaldirako, ordea, 45 minutuko musika berria sortu zuten. Arriagan, berriz, 15 minutu luzatu zuten aurreko emanaldiko saioa. «Laboaren abestien moldaketekin ordubeteko saioa genuen osatuta. Orduan pentsatu genuen momentuz alde batera uztea, baina denbora geneukanean agian disko bat egitea ongi legokeela». Izan ere, Muzik diskoan buru-belarri lanean zebilen laukotea. Bere seigarren diskoa kaleratu ondoren, beste proiekturik ez zuten esku artean, eta «modu naturalean» sortu zen disko hau kaleratzeko ideia.


«Laboaren mundu zoroa»

Zazpi kantek osatzen dute Deloreanen lan berriena. Laboaren 80ko hamarkada hasierako kantak –4-5 eta 6 diskoetan jasotakoak gehienak– moldatu ditu laukoteak, baina Lopetegik aitortu du ez dela garaiari erreparatuta hartutako erabakia izan. Laukoteak abestiak aukeratzerakoan kontuan izan duen irizpidea bestelako izan da: musikariaren alderdi esperimentala goraipatzea, hain zuzen ere.

«Laboaren lana modu folklorikoan ezagutzen genuen, familia artean, lagun artean... Haren kantetako hitzak buruz genekizkien. Baina Adarra Sariko ekitaldirako abestiak egiten hasi ginenean, sakonago aztertu genuen haren musika biltegia. Orduan konturatu ginen musikariaren alderdi esperimentala oso interesgarria zela».

Hori horrela, «hainbeste aipatzen» ez den alor hori aldarrikatu nahi izan dute lan honekin: «Mikel Laboaren mundu zoroa», alegia. Hala, Lekeitioak diskoa eta izen bereko abesti motak –Laboak berak lekeitioak deitu zien onomatopeiekin, oihuekin eta errepikapenekin– izan da Laboaren mundura sartzeko Deloreanek baliatu duen bidea.


«Halako entusiasmo bat»

Lopetegik argitu du diskoan jasotako kantak ez direla «guztiz nahasketak», moldaketak baizik. «Aurreko diskoetan erabili dugun metodo antzekoa baliatu dugu Mikel Laboa diskorako ere. Guk remix-ak egiten ditugunean, beste artistarengandik pixka bat jasotzen dugu, hori moldatu eta zerbait berria sortzen dugu; artista horrena ez den zerbait, ezta gurea ere». Bentara noa eta  Kantuz abestietan, esaterako, «oso fidelak» izan dira jatorrizko kantekin. «Horregatik esaten dugu moldaketak direla, nahasketak baino».

Musikaz aparte, irudia ere bereziki zaindu dute. Diskoaren azala, esaterako, Jose Luis Zumeta margolariak egin du, Laboaren lanetakoak bezala. Hori Laboaren ingurukoek jarritako baldintza bat izan dela jakinarazi du Deloreaneko abeslariak, eta «Laboak zuen sormenerako konpromisoa» erakusten duela. «Haren ingurukoek hala nahi izan dute, eta  guri ere askatasun guztia eman digute», nabarmendu du. Deloreanentzat «ohore bat» izan da Zumetak azala egin izana, ezagutzen dutelako haren lana eta «maite» dituztelako Laboaren diskoen azalak.

Era berean, eszenografiari ere erreparatu diote eta, hala, zuzenekoetan oholtza egokitu egiten dute: «Tarima batzuen gainean jartzen gara, Laboaren ahotsa entzuten da atzetik, beste mundu batetik baletor bezala. Panel batzuk ere jarri ohi ditugu atzean, hainbat irudi proiektatzeko. Ezberdina da, ikusgarria, nolabait», azaldu du.

Bilbon eskaini zuten urriaren 28an Laboaren abestietan oinarritutako lehen kontzertua, Bime jaialdian, eta ikuskizun «polita» izan zela aurreratu du abeslariak. Erantzuna ere halakoa izan zen, haren esanetan: «Harrera oso ona izan duela uste dugu. Konturatu gara jendeak asko eskertzen duela guk erabaki hori hartu izana. Kontzertuan halako entusiasmo bat nabaritu genuen. Oso ongi joan zen».

Datozen kontzertuetan ere harrera halakoa izatea espero du laukoetak. Hernanin aurkeztuko dute diskoa ostiralean, hilaren 15ean, eta Azpeitian, berriz, hilaren 16an. Kasu horretan, Sanagustin kulturgunean izango da emanaldia, 23:00etatik aurrera. Sarrerak Kulturaz Azpeitiko Kultur Koooperatibaren atarian daude salgai dagoeneko.


Etorkizunera begira jarrita

Ia hilabete da diskoa kaleratu zutena, eta Lopetegik aitortu du orain ari direla ondorioak ulertzen. «Hasiera batean salbuespen gisa hartu genuen disko hau, ez baita Deloreanen ohiko lana. Baina orain konturatu gara dimentsio handiagoa hartu duela». Deloreanek 15 urteko ibilbidea du, azken hamarkada  «etengabe» kontzertuak eskaintzen pasatu ditu, eta Muzik atera ondoren, azken disko hori kaleratzeak «askatasun apur bat» eman diela dio Lopetegik: «Gure ibilbidearen zama pixka bat arindu eta etorkizunera begira jarri gaitu».

Zentzu horretan, Lopetegi, Eskudero, Lazkano eta Astrain dagoeneko hasi dira beren hurrengo lanean pentsatzen. «Orain ari gara hitz egiten gure artean, probak egiten, norabidea zein izango litzateken erabakitzeko».

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide