Narros jauregiko lorategian jartzen duten Gabonetako Jaiotza gaur zabalduko dute. Orain arte Gabon Egunean izaten bazen ere, aurten irekiera data aurreratu egin du Schola Cantorumek, eta egun gehiagotan bisitatzeko aukera izango da. Udalaren proposamena izan dela jakitera eman dute abesbatzako kide Javier Izetak, Pakita Galarragak eta Arantxa Eizagirrek. «Horrenbeste lan egin ondoren, hain egun gutxitarako izatea pena dela esan zigun udalak, eta lehenago irekitzeko eskatu zigun», dio Galarragak.
Aurrerantzean jaiotza bisitatzeko aukera izango bada ere, «Jesus haurtxoaren figura» ez dute Gabon Egunera arte eramango estalpera. Urtero legez, Schola Cantorumek kantu ekitaldia egingo du hilaren 24an, eta orduan jarri ohi du haurtxoa; 18:30ean hasiko da saioa. Abesbatzak kantatzeaz gain, abestien eskuorriak banatzen ditu herritarren artean, haiek ere kantatzera animatu daitezen. Gero eta jende gehiago bertaratzen dela aditzera eman dute, gainera.
Mende erdi baino gehiago
Schola Cantorumek mende erdia baino gehiago darama Gabonetako Jaiotza antolatzen Narrosen. «Aurretik, jaiotza biziduna egiten zen, eta gurdi batean joaten ziren, Erregeen atzetik», gogora ekarri du Izetak. 1961ean muntatu zuen abesbatzak lehen aldiz tamaina errealeko figurekin osatutako jaiotza estatiko bat. Hasieran figura finkoak ziren; horietako asko eskaiolazkoak ziren, eta beste batzuk egurrezkoak. «Atari zabalean egoten direnez, euria, elurra eta haizea jasaten dute, eta hasierako figura haiek hausten joan ziren denborarekin». 1987an, udalarekin programa bat adostu zuten urtero-urtero elementuak berritzen nahiz osatzen joateko, eta horrela 14 bat urte egin zituzten.
Figurak berritzen hasi zirenean astoa eta idia izan ziren ekarri zituzten lehenak. Donostiako Santa Maria La Real basilikako irudiak laga zizkieten eredu gisa erabiltzeko, eta irudi horiekin moldeak egin zituzten Somorrostron (Bizkaia), ondoren poliesterrezko kopiak sortzeko. «Figura haiek utzitako moduan itzultzeko konpromisoa hartu genuen, baina garraiolariak itzuli zituenean, apaizak eskuak burura eraman omen zituen. Desmoldeatzailea eman zietenez, figurak txokolate kolorearekin bukatu zuten», gogora ekarri du Izetak bitxikeria. «Lan bikoitza izan genuen, orduan. Jardun nintzen Santa Mariara joaten figurei berezko kolorea berreskuratzera, eta, gero, geureei kolorea ematen». Gaur egun erakusgai jartzen dituzten astoa eta idia garai hartan eginiko erreprodukzioak dira.
Jarraian, figurak berritzen, mugimendua ematen, argiztapenak atontzen eta halakoak egiten joan ziren pixkanaka-pixkanaka. Nolanahi ere, mantentzen dituzte hasiera-hasierako figurak: bi aingeru eta deikundeko artzaina. Egurrezko tailak dira horiek, eta aurten aingeruen buruak eta eskuak zaharberritu dituzte.
Udalak Abendaño industrialdean uzten dien lokal batean gordetzen dituzte jaiotzako figurak eta eraikinak, eta bertan dute elementuak zaharberritzeko nahiz konpontzeko tailerra ere. «Orain, erdi hutsik dugunez, aurki hiru gurdi sartuko ditugu eta Erregeetako karrozak atontzen hasiko gara: izarrarena, opariena eta Bizar Zurinena, alegia»
Gabonak beti buruan
Azken hilabete eta erdian «topera» ibiltzen badira ere, aurten lasaiago aritu dira muntatze lanean. Aurreko urteetan, azken astea «itomena» izaten zela diote arduradunek, ezin ailegatuta ibiltzen zirelako. Hala ere, arduradunek «urte osoan» izaten dute jaiotza presente. «Gabonak beti ditugu buruan, bukatzen diren momentutik», nabarmendu du Eizagirrek. «Arropak ere egin behar zaizkie figurei, eta jarri, kendu, garbitu, konpondu... Urtean zehar, beraz, izaten da zeregina», gaineratu du Galarragak.
Baina jaiotzaren muntaketarekin ez dira amaitzen lanak, zabalik dagoen egunetan mantetze eta zaintza lanak egin behar izaten baitituzte: animaliei jaten eman, mekanismoek ongi funtzionatzen dutela begiratu, eguraldiaren eraginez erori edo mugitu diren figurak ongi kokatu... «Egunero-egunero hemendik bueltaka ibiltzen gara, gauza guztiak gainbegiratuz. Goizean jaiki orduko jaiotza buruan dugula ibiltzen gara», dio Galarragak.
Schola Cantorumekoek diote udalaren laguntzarik gabe ezingo luketela jaiotza antolatu. Horrez gain, herriko tailerrek pieza bereziak egiteko-eta ematen dieten laguntza eskertu dute. Baita boluntario aritzen diren herritarren prestutasuna ere.
Bisitari ugari
Herritarrek estimu handia diote Gabonetako Jaiotzari. «Jende pila bat pasatzen da bertatik. Harrigarria da zenbat jende erakartzen duen. Horregatik nahi zuen udalak lehenago ireki. Orain, esaterako, Erdi Aroko Azokarekin pena zela hau itxita edukitzea», dio Galarragak. Bertako familiak haurrekin sarritan etortzen direla gaineratu du Izetak, baita kanpoko bisitariak ere bertaratzen direla. «Planak egiten dituzte propio jaiotza ikustera etortzeko, umetako oroitzapen haiekin». Harrera on horrek «poza» ematen diela onartu dute Schola Cantorumekoek, «egindako lanaren emaitzarekin jendeak gozatu egiten du».
Halaber, bisitariei errespetuz jokatzeko eskatu diete, eta ohartarazi dute ez dela komeni txakurrak espazioan sartzea, jaiotzan animali biziak dituztelako. Oiloak, untxiak, antzarak eta indiolarrak ipintzen dituzte figurekin batera. «Urte batean, enkargatutako figura batzuk ez ziren garaiz iritsi. Ondorioz, oilo batzuk jarri genituen osatzeko, eta horrela hasi ginen», azaldu du Izetak. Egun, Isidro Larrañagak uzten dizkie animaliok.