Euskal Astea 2017

Nortasuna ospatzeko astea

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 31a, 10:26

Iazko Haurren Euskal Jai Egunean dantzariak Lege Zaharren enparantzan (Aritz Mutiozabal).

Bihartik hasi eta irailaren 9ra arte euskal giroko askotariko ekitaldiak izango dira nagusi. Udalak herritarrei eskatu die jaiak «giro onean» eta «besteekiko errespetuz» ospatzeko.

Irailaren 9a da Euskal Jai Eguna, eta urtero legez, hori izango da Euskal Astea biribilduko duen hitzordu nagusia. Hasiera, aldiz, haurrentzako txalaparta tailerrak emango dio, gaur bertan. «Garai batean bezala,festarako deia egingo dugu txalapartaren bitartez», zehaztu du Nekane Iribar Kultura zinegotziak. Hortik aurrera, askotariko ekitaldiak izango dira.

Besteak beste, EHEk eta AEK-k antolatuta, Zarauzko Euskaraz Bizi Eguna ospatuko dute larunbatean 10. urtez, Hamaika egitera goaz lelopean. Herri bazkaria izango da eguneko ekitaldi nagusia, aurten 33.a. Aurrez, XXI. herri lasterketa jokatuko dute. Gurekin Jaik ere bat egin du egunarekin, eta festa batzordearen eskutik, La Jodedera eta Bide Batez taldeen kontzertuak izango dira gauean txosnagunean, Salberdingo aparkalekuan.

Arratsaldean, BANDtzaldia eskainiko dute Zarauzko Musika Bandak eta AIKO dantza taldeak elkarrekin. Dantza taldeak erromeria eta ikuskizunak eskaintzeko baliatzen duen musika uztartuko dituzte, eta 50 artista baino gehiago batu, ikuskizun parte hartzaile berria emateko.

Etxeko txikienak izango dira protagonistak hurrengo egunean, igandean, Haurren Euskal Jai Egunean. Dantzari txikiz beteko da herria, eta, besteak beste, Alkate Txikiaren ongietorria, dantzarien emanaldia eta Jalgi hadi dantzara haurrentzako berbena izango dira.
 
Irailaren 5ean, asteartean, herriko taldeek Gerezi garaiak jaialdia eskainiko dute. Montetxio abesbatzak, Alprojak, Jalgi dantza taldeak, Goizeko Ihintza txistulari taldeak, Aratz Olaizolak, Olatz Leturiagak, Mattin Ostolazak, Aitor Amilibiak, Eneritz Aulestiak, Ainhoa Garayarrek, Arranoko saltsa taldeak, Motxian bertso eskolak, Jesus Mari Olaizola Txilikuk eta Mitxel Gorrotxategik hartuko dute parte.

Bestalde, Segurako antzerki taldearen eskutik, Iragana, lahar eta larrosa herri antzerkia izango da irailaren 7an, ostegunean, Modelon. «Jose Antonio Primo de Riveraren diktaduratik 36ko gerrara arteko garaian dago oinarrituta», adierazi du Iribarrek. «Bi fa­miliaren bizimodua azalduko da, eta txertatuko dute orduko egoera politikoa». Sarrerak aurretik erosi daitezke Turismo Bulegoan, edo egunean bertan, Modelon, 5 euroren truke.


Askotariko txapelketak

Ohi bezala, askotariko txapelketak ere antolatu dituzte aste honetarako. Batetik,  Bertsolari Gazteen XXXXI. Lizardi Sariko finala jokatuko da bihar gauean. Joan den ostiralean eta larunbatean jokatu zituzten kanporaketak, gaztelekuan, eta jada erabakita geratu da finalean ariko den seikotea. Jokin Bergara eibartarra eta Nahia Sasco lekuindarra zuzenean sailkatu ziren, beraien kanporaketetako irabazle izan ondoren. Gainerako laurak puntuazioaren arabera sailkatu ziren, eta horien artean Beñat Jauregi zarauztarra; beste hirurak dira Gemma Urteaga beasaindarra, Joanes Illarregi leitzarra eta Maider Arregi oñatiarra.

Era berean, ostiraleko ekitaldian XXXIII. Basarri Bertsopaper Saria banatuko dute. Finaleko sarrerak 3 euro balio du. Egun berean, arratsaldean, Bikote Gaz­teen eta Binakako Dantza txapelketak ere jokatuko dituzte. Larunbatean, berriz, XXIX. Aurresku eta X. Soinu Zahar txapelketak izango dira. Irailaren 6an, asteazkenean, berriz, trikitilari gazteen txanda izango da.


«Ondo pasa, pasatu gabe»

Xabier Txurruka alkateak gogora ekarri du 1924tik ospatzen dela Euskal Jai Eguna Zarautzen, eta ordutik «asko aldatu direla herria, gizartea eta festa». Jaiak «bakoitzak nahi duen moduan» biziko dituela dio, baina betiere «besteekiko errespetuz» jokatzeko eskatu die festazaleei. «Ez beti da ez. Festa nahi duzuenoi, ongi etorri. Urteko egunik zoragarriena izorratzeko asmoz datorrenari aio pelaio esango diogu».
Horri lotuta, adierazi du «tradizioa eten» denaren seinale dela «egun osoko botiloia egitea supermerkatutik orgatxoa ‘hartzea’ eta hurrengo goizean hondartzara botatzea». Era berean, azken urteetako festen ondorena ikusita, jai giroan «hainbatek» izaten duten jarrera «kezkagarria» dela aitortu du. Horren aurrean iragarri du aurten udalak «bereziki» zainduko duela adingabekoei alkoholik ez saltzea tabernetan eta festa guneetan.
 
Hala, nabarmendu du jai «alaiak, baketsuak eta eraso sexistarik gabekoak» izatea nahi duela: «Hainbeste  maite dugun festa kuttun hau ahalik eta giro onenean mantentzea da zarauztar askoren nahia». Horrekin batera, usadiozko arropa janztera gonbidatu ditu herritar guztiak.

Erlazionatuak

Euskal Asteko egitaraua, ikusgai

Zarauzko Hitza 2017 abu 24 Zarautz

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide