47. Getaria Zarautz Itsas Zeharkaldia

«Inoizko parte hartzerik handiena» izango du itsas zeharkaldiak aurten

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 20a, 17:58

Iñigo Ugarte, Nelson Flores eta Iban San Martin.

Igandean 2.500 igerilari lehiatuko dira Getaria eta Zarautz arteko uretan. Parte hartzeak gora egin badu ere, «izaera herrikoiari eutsiko» diote eta «segurtasuna bermatuko» dute.

Berrikuntzez beteta dator 47. Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldia. Zarautz Balea igeriketa taldeak antolatuta, igandean jokatuko dute 2.500 lagunek uda sasoiko txapelketa klasikoa. Hain zuzen ere, parte hartzaile kopurua da berritasunetako bat: inoizko igerilari gehien lehiatuko dira aurten. Antolatzaileek izena emateko sistema aldatu dute aurten: «Aurre inskripzioa otsailean ireki genuen eta 2.800 lagunek eman zuten izena martxorako. Horietatik 2.500ek baieztatu dute igandean bertan izango direla», jakinarazi du  Iñigo Ugarte Balea taldeko presidenteak.  


Urtetik urtera, areagotuz doa zeharkaldiko parte hartzaile kopurua: 2015ean 1.800 igerilarik hartu zuten parte, 2016ean 1.925 lagunek eta aurten, berriz, 2.500ek. Iban San Martin Kirol zinegotziak jakinarazi duenez, parte hartze gehien duen Espainiako zeharkaldia da eta, Europa mailan, berriz, laugarren proba jendetsuena. Dena den, aurten ere  «zeharkaldiaren izaera herrikoia mantendu, mantendu» egingo dutela  dio Ugartek, «hori baita itsas zeharkaldiaren ezagurrietako bat».

Igerilarien profilari dagozkien xehetasunak ere eman ditu Ugartek. Batetik, izena eman dutenen %28a da emakumezkoa; iaz baino 200 emakume gehiagok hartuko dute parte aurtengo zeharkaldian, 704 inguruk. «Gure erronketako bat da emakumeen parte hartzea bultzatzea, eta hori ere urtetik urtera gorantz doa», dio Ugartek.

Bestetik, adinari dagokionez, parte hartzaile gazteenak 14 urte ditu eta zaharrenak, berriz, 78 urte. Jatorriari buruz, gehienak Euskal Herrikoak direla jakinarazi dute: %62a Gipuzkoatik etorriko da, %11a Bizkaiatik eta %5a Arabatik. Gipuzkoarren artean, gutxi gorabehera 230 dira zarauztarrak eta 30-35 getariarrak. Espaina mailatik, Bartzelona, Burgos, Errioxa eta Madril ingurutik ere etorriko dira hainbat, eta baita beste herrialdeetatik ere: Frantziatik, Poloniatik, Erresuma Batutik, Italiatik eta baita AEBetatik ere, besteak beste.  

10 minuturo

Itsas zeharkaldiaren beste ezaugarri «garrantzitsua»  da segurtasuna bermatzea. Horretarako, aurten ere taldetan banatuta irtengo dira igerilariak Getariako portutik. Aurtengo berrikuntzetako bat horri lotuta dago: bost beharrean, sei multzo  osatuko dituzte, parte hartzaile kopurua kontuan izanda. Irteera orduak ere aldatu dituzte, arrazoi beragatik. Hala, lehenbiziko taldea 11:30ean aterako da, eta multzo batetik bestera 10 minutuko aldea  utzita irtengo dira hurrengoak, txandaka. «Aurreko urteetan bost minutuko aldearekin atera izan dira taldeak. Aurten, lortu nahi  duguna da uretan aldi berean gehienez ere 2.000 igerilari egotea. Horregatik, 10 minutuko tartearekin aterako dira taldeak irteera puntutik», zehaztu du Baleako presidenteak.

«Zeharkaldiko segurtasun plana Espainiako onenetariko bat da», gaineratu du. Hala, 40 piraguistek, Gurutze Gorriko uretako hainbat motorrek eta beste hainbat ontzik jardungo dute zainketa lanetan, eta beste erakundeen babesa ere izango dute, Ertzainarena, kasu. Era berean, 100 boluntario ere ariko dira.  Beste aldaketa bat da aurten kontsigna itsas pasealekuan kokatuko dutela, Duke Enearen parean. Era berean, autobusak jarriko dituzte Getariara iristeko.  Guztira, bost ibilgailu egongo dira parte hartzaileen esku, 09:00etatik 11:30era Getariara itzulia egiteko. Nafarroa kalean egingo dute geldialdia autobusek,  hautazko  geltokian.  

Babesle berria eta laguntzak

Bestalde, babesle berria du itsas zeharkaldiak: Michael Phelps marka. Nelson Flores ordezkariak adierazi du marka horren helburua igeriketa sustatzea dela, eta zentzu horretan, izen bereko fundazioak zeharkaldiaren oinarria bera duela: «Indian 50 bat talde ditu igeriketa sustatzeko, hasiberrietatik hasi eta profesional mailara bitartera».

Era berean, aurten lehenbiziko aldiz, gobernuz kanpoko erakunde bati lagunduko diote. Hala, Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkarteari izen ematetatik lortutako 1.500 euro emango dizkiote.

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide