Kalerki 2017

Sagarrondotik jaiotako fruitua

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 6a, 10:00

‘Sagartu’ ikuskizunaren zati bat (Hika Teatroa).

Hika Teatroak eta Oinkari Dantza Taldeak Sagartu ikuskizuna estreinatuko dute larunbatean, Munoa plazan, «sagarrak izan duen eta egun daukan garrantzia» oinarri hartuta.

Hika Teatroak eta Oinkari dantza taldeak Sagartu ikuskizuna ondu dute, eta larunbat gauean, 22:00etatik aurrera, Munoa plazan eskainiko dute lehen aldiz. Azken asteetan entsegu irekiak egin badituzte ere zenbait herritan, Kalerkin egingo dute estreinaldi ofiziala. Bi taldeek elkarlanean sortutako bigarren ekoizpena dute honakoa – Itsasoaren emazteak izan zuten lehenengoa–, eta «naturaltasunez» sortu dutela nabarmendu zuen obraren zuzendari Agurtzane Intxaurragak, eta sagarra duela ardatz.

Sagarzale amorratua dela aitortu du zuzendariak, eta duela bi urte Sagarrondotik izeneko ikuskizun txiki bat sortu zutela Oinkari dantza eskolako gaztetxoen ikasturte amaierarako. «Sagarra, fruitua bera, ikertzeko aukera izan nuen. Oso elementu teatrala iruditzen zait, oso dinamikoa, borobila eta koloretsua. Eta ezin dugu ahaztu gure herrian izan duen garrantzia». Horretan ari zirela, Sagardoaren Ibilbidekoek eskatuta, 20 minutuko saio bat egin zuten, eta hori abiapuntutzat hartuta, ikuskizun berria lantzeari ekin zioten.

«Sagarrak baserrien iraupena ekarri du, baserri guztiak tolarearen inguruan sortu zirelako. Sagarrak eta sagardoak izan duen eta egun daukan garrantzia kontuan hartuta, gure ondareetatik ekin genion, eta, azken finean, hori da Sagartu», jakitera eman du Intxaurragak. Era berean, sagarrak  historian zehar izan dituen gainerako esanahiak ere txertatu dituzte eszenografian: sagar pefektua, ustela eta paradisukoa, besteak beste.

Emanaldian Oinkariko hamasei dantzarik eta Hikako Miren Gojenola aktoreak hartuko dute parte, eta azken honek bisagra edo narratzaile lanak egingo ditu. Arantxa Iturbek eta Intxaurraga berak idatzi dute gidoia, eta Kukai dantza taldeko Eneko Gil aritu da koreografiak atontzen. Era berean, zuzeneko musika izango du Iñaki Dieguezen eta Iker Telleriaren eskutik; hain zuen ere, Dieguezek berak obrako propio sortu du musika. Zarauzko emanaldia gauez izango denez, argiztapen «zaindua» erabiliko dute.

Antzerkia, dantza eta musika bat eginez, ikuskizun «jostagarria, freskoa eta dotorea» aurkeztuko dutela adierazi du zuzendariak, «errespetu osoz» landua.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide