Jantzien esperimentua

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko eka. 2a, 09:00

Matias Zanotti eszenografoa jantzi bat sortzen.

XXIV. Kalerkiren bueltan, uztailaren 4tik 6ra, birjantzi tailerra eskainiko dute. Moda eta arte plastikoaren munduan sakonduko dute parte hartzaileek, modu esperimentalean.

Urtero bezala, kale antzerkiaren topaleku bilakatuko da Zarautz Kalerkirekin. Aurten, uztailaren  6tik 8ra izango da, baina, aurrez, berotzen joateko, tailer berezia egingo dute lehen aldiz. Artezaleak taldeak eta Zarauzko Udaleko Kultura sailak antolatuta, birjantzi tailerra izango da uztailaren 4tik 6ra. Matias Zanotti es­zenografoak eskainiko du, eta, besteak beste, antzerkirako osagarriak sortzen irakatsiko die parte hartzaileei. Jakinarazi dutenez, modaren eta plastikaren munduan sakonduko dute mo­du esperimentalean. «Jantzi fantastikoak sortuko dituzte jolas sortzaileen bidez, hainbat material, forma eta kolorekin esperimentatuz», zehaztu du Kultura zinegotzi Nekane Iribarrek.

Metodologiari dagokionez, «lehenik eta behin, parte hartzaile bakoitzaren estimuluak eta materialak aztertuko dira, eta, ondoren, esperimentaziora salto egingo da jantzi edota osagarriekin», adierazi du Iribarrek. «Bide horretan, sorkuntzarako estimulu eta motorrak identifikatuko dira». Hortik aurrera, partaide bakoitzak bere jantziak landuko ditu hezitzaile baten laguntzarekin. Amaitutakoan, sortutako lan guztiak jendaurrean jarriko dituzte erakusgai.

Adinez nagusiak diren eragile eta talde jakinei dago zuzenduta 12 ordutako tailer hau: agertoki sortzaileei, askotariko artistei, diseinatzaileei, dantzariei, erakusleiho apaintzaileei, merkatariei eta antzerki jantzien munduan sakondu nahi dutenei, besteak beste. Saioak Merkatu pla­zako lehen solairuan izango dira, arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara. Gehienez ere 20 lagunek osatuko dute taldea.

Izena emateko Kultura sailarekin jarri beharko da harremanetan, 943-00 51 20 telefonora deituta edora kultura@zarautz.eus helbidera idatzita. 70 euro kostatuko da, baina kultur, merkatari, antzerki nahiz bestelako elkarteetako kideek %50­eko deskontua izango dute.


Asteburu betea

Zortzi antzezlan eskainiko dituzte XXIV. Kalerkin. Uztailaren 6an emango diote hasiera topaketei, estreinaldi batekin. Hain zuzen ere, Anita Maravillas taldeak Sardiña bakalau izeneko lana eskainiko du lehenbizikoz. Zigordia kalean izango da, 19:30­ean. Ondoren, 20:00etan, Sonata a cautro pies lana izango da ikusgai Frontoi Txikin, Oinekin taldearen eskutik.

Hurrengo bi egunetan, uztailaren 7an eta 8an, hiruna antzezlan ikusteko aukera izango da. Uztailaren 7an, San Fermin egunez, Dira, dira, zezenak dira entzierroa izango da zezen puzgarriekin, iaz bezala. Recortauro taldeak eskainiko du, udaletxe ataritik 19:00etan abiatuta. Frontoi Txikin Mr.Pichichi umorezko ikuskizuna emango du Philotajole taldeak, 20:30ean hasita, eta Lege Zaharren enparantzan, berriz, Lapur Minak antzerki ibiltaria izango da ikusgai, 22:00etan, Tornado elkartearen eskutik.

Uztailaren 8an, aldiz, itsas pasealekua izango da ikuskizunen eszenatokia. Duke Enea parean Surfer Clown ikuskizuna eskainiko du Yeyo Guerrerok, 19:00­etan. Dama aldean, berriz, dantza tartekatuko dute:  20:00etan El fin de las cosas lana eskainiko du Doos elkarteak, eta Naufragio Universal Marco Vargas eta Chloe Brulek, 20:30ean.

Halaber, Zanotti berak instalazio performatiko bat egingo du uztailaren 7an eta 8an, Escaparate Vivo izenekoa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide