Herri galdeketa

Urola Kostako EH Bilduk baiezkoa eskatu du herri galdeketarako

Zarauzko Hitza 2017ko api. 29a, 09:10

Urola Kostako EH Bilduko hautetsia, Talaimendin eginiko agerraldian (EH Bildu).

Koalizioak argi eta garbi du euskal estatu burujabe bateko herritar izan nahi duela, "aukera onena delako". Independentzia "beharrezkoa" izateaz gain, "posible" dela uste dute.

Urola Kostako EH Bilduk herri galdeketari babesa eskaintzeaz gain, baiezko botoa eskatu die herritarrei. Atzo arratsaldean egin zuen agerraldia Talaimendin, Gran Camping Zarautzen ondoko belardian, eta bertan elkartu ziren Aia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa, Aizarnazabal, Azpeitia, Azkoitia eta Errezilgo hautetsiak.

Nika Lertxundi Getariako alkateak eta Arritxu Iribar Zumaiako zinegotziak hartu zuten hitza, eta adierazi zuten euskal herritarrei dagokiela "gure herria nazio zein Europa mailan kokatzea". Maiatzaren 7an, Urola Kostako biztanleek Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan? galderari erantzungo diote, eta Urola Kostako EH Bilduk argi eta garbi du euskal estatu burujabe bateko herritar izan nahi duela, "aukera onena delako". 

Euskal Herria gizarte "konplexua" eta "anitza" dela esan zuten, "baina ibilbide historikoak adierazten digu aniztasunaren kudeaketa hobea egiten dugula euskal herritarrok espainiar eta frantziar estatuek baino. Euskal herritarrok batzen gaituen konbentzimendua da gure burua hobeki antolatzen eta kudeatzen dugula kanpoko botereek baino. Euskal Herria bideragarria baita esparru sozio-ekonomikoan, lurra eta beste herriekiko errespetuan oinarritutako ereduaren oinarriak jada jarri ditugulako".

"Bestela antolatzeko aukera"

Estatu burujabeak gizartea "bestela antolatzeko aukera" eskaintzen duela azaldu zuten: "Elkarbizitza eredu sendoa eraikitzeko baldintza eta gogoak daudelako Euskal Herrian nagusitzen den prekarizazioaren aurrean. Kalitatezko demokrazia nahi dugulako, ikasi dugularik zer den frantziar errepublikak  eta espainiar erresumak eskaintzen digutena. Munduko beste herriekiko elkartasunarengatik, menperatutako jendarteok ederki dakigulako beste herriekiko elkartasuna dela elkarbizitzaren gakoa. Feminismoaren herria eraikitzen ari gara, euskara eta euskal kulturaren etorkizunak estatu propioa eskatzen du".

Arrazoi horiengatik, "independentzia inoiz baino beharrezkoagoa" dela nabarmendu zuten, eta beharrezkoa izateaz gain, "posible" dela ere argi dute. "Katalunia, Eskozia independentziaren bidean daude. Beste batzuek independentzia lortu dute. Guk ere gurea lortuko dugu".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide