«Kiroldegiko langileok dagoeneko 8 greba egun egin ditugu eta gure lan gatazkak konpondu gabe jarraitzen du». Hori dela eta, aurreikusi bezala, BPXport eta Balea Igeriketako enpresetako langileek larunbatera bitartera arte jarraituko dute greban. Astelehenean hasi zuten sei eguneko lanuztea eta, hain justu, eguerdian bildu ziren kiroldegiko langileak Udal Gobernuko ordezkari gisa. Bertan, enpresen proposamen berriak aurkeztu zizkieten beharginei.
Horiek arratsaldean izan zuten asanblada, bileran jaso zutena aztertzeko. Langileen arabera, proposamena «ez da inondik ere» euren eskakizunetara hurbiltzen. Azaldu dutenez, 2017rako soldatan %1,8ko igoera eta gainontzekoetan %1eako planteatu diete, «KPIari erreferentziarik egin gabe». Euren eskakizunak «udalarentzat argiak, errazak eta guztiz jasangarriak» dira: KPIa gehi 2 puntu igotzea soldata, lanerako oinarrizko ekipamendua eta ikastaroak prestatzeko orduak ordaintzea, besteak beste.
Aurrez ere jakinarazi zuten duela bi aste jaso zutela BPXporten proposamena, eta orduan ere ezin zutela «inondik inora» onartu nabarmendu zuten. Enpresa horrek «orain arteko orduak», hau da, urteko 1.600 lan ordu eta KPIaren %85a proposatu zien beharginei.
Bestalde, udal ordezkarien jokabidea kritikatu dute: «Enpresak udal arduradunei telefonoz egin zien proposamena eta haiek guri mahai gainean jarri digute. Hauek al dira Udal Gobernu honek arazoa konpontzeko dituen formak? Non dago seriotasuna?». Udalak arazoa tratatzeko duen modua «ulertezina eta onartezina» da, langileen esanetan: «Ez du kontuan hartzen gure duintasuna, ezta herritarrena ere. Kiroldegia aste osoan itxita egongo da eta erabiltzailak kirola egitera kalera edota beste herri batera joan beharko dtue. Noiz arte horrela? Noiz etorriko zaigu konponbidea?».
«Borroka duina»
Hori horrela, honakoa gogorarazi nahi diete herritarrei: eurak ere zarauztarrak direla; 2012tik iraungita dutela hitzarmena nahiz soldatak izoztuta dituztela ordutik eta euren lan jardunaldietan «ikaragarrizko» gorabeherak izan dituztela, besteak beste, aldaketak izan dituztela aurrez abisatu gabe.
Horrekin batera, ohartarazi dute 23 langiletik 3 daudela lanaldi osoan, gainontzekoak lanaldi partziala dutela. Era berean, zehaztu dute langileen gehiengoa aldizkako finkoa dela, hau da, urtean hiru hilabetetan langabeziara joaten direla.
«Borroka duin baten aurrean» daudela diote, eta «hilabeteak» daramatzatela udalari arazo horren berri ematen eta erantzunik izan ez dutelako heldu direla une honetara. «Eurak dira arduradunak, eurak dira pleguak hitzarmen kolektiboa jaso gabe bidaltzearen arduradun bakarrak, eta beraz, kiroldegiko langileeek lan zein bizi baldintza hobeagoak izatearen arduradun zuzenak», diote. Halaber, salatu dute greba egunetan kiroldegiko zuzendaritza eta udalaren partetik «presionatuta» sentitu direla. «Gutxienez, gure borroka errespeta dezatela».
Kiroldegiko erabiltzaileei eskerrak eman dizkiete hilabeteotan eskainitako babesagatik: «Hau guztia ezinbestekoa zaigu gure borrokarekin aurrera jarraitzeko». Era berean, zalantzarik izanez gero, «zehaztasunez azalpenak emateko prestutasun osoa» dutela adierazi dute.