Idoia Malo duela bi hamarkada baino gehiago murgildu zen errugbi munduan, Iñigo Zabalak bultzatuta. «Nesken talde bat osatu nahi zuen eta hasi zen konbentzitzen. Lortu zuen taldea, eta hala hasi nintzen errugbian jokatzen». Gerora, ordea, desagertu egin zen hainbat arrazoi medio: amatasuna dela, bikotea dela... Hori dela eta, Donostialdeko talde batekin hasi zen , baina horrek ere ez zuen iraun.
Baina Malori mundu hori gustatu egiten zaionez, bertan geratzea erabaki zuen, laguntzen. Egun zuzendaritzako kidea da zarauztarra. «Tirriki-tarraka, azkenean konturatzerako 20 bat urte egin ditut lanean, gustatzen zaidalako». Horregatik, «sorpresaz» jaso du kirol boluntariotzaren saria, «ilusioz». «Sekula ez nuen pentsatuko. Harrituta geratu nintzen jakinarazi zidatenean. Izan ere, isilik egiten den lan bat da. Nik gustura egiten dut, gogoz, bizitza asko ematen baitit errugbiak». Hala ere, gogoratu du beraz aparte «atzetik jende asko» dagoela: «Jende asko dago babesleak lortzen, haur txikiekin lanean, jokatzen, asteburuak sakrifikatzen... Guztia taldea aurrera ateratzeko». Horregatik saria beretzat soilik ez dela dio; bere inguruko guztiei eskaini die aitortza hori.
«Etorkizun ona»
Berriz ere emakume taldea osatu nahi dutela dio. «Lan gogorra da, baina urtetik urtera neska gehiago ditugu. Nik uste dut irizpidea dela, neska bat joatea eskoletara eta beste neskek ikustea hura errugbira jokatzen». Saiatzen lortuko dutela dio: «2020. urterako apustu hori egingo dugu».
Lehenbiziko taldeari dagokionez, zuhurra da Malo. «Igoera lortzearena hitz potoloak dira. Beteranoak gustura daude, astebururo puntuazioak ateratzen dituztelako, baina oraindik ere buelta guztia geratzen da aurretik». Hala ere, aurrera begira, «etorkizun ona» dute. «Pausoz pauso aurrera goaz. Jende asko izan dugu goian jokatzen, eta orain jende gazte pila bat dator. Horiengatik aurrera atera behar dugu».