Andoni Egañak irabazi du X. Kopla Txapelketa

Aritz Mutiozabal 2016ko abe. 17a, 09:59

Angoni Egaña garailearen zintzarriarekin, agurreko kopla abesten (Aritz Mutiozabal).

Bertsolari zarauztarrak erdietsi du aurtengo zintzarria, Eneritz Artetxe azkoitiarrarekin buruz burukoa jokatu ondoren. Beste urte batez Putzuzulo gaztetxea txiki geratu zen ostiral gauean, eta jai giroa izan zen nagusi.

Xabier eta Martin Etxeberria anaiek gidatu zuten txapelketa, baina iazko sevillana jantziak alboratuta, goardia zibilez mozorrotuta igo ziren oholtzara. Hamar "susmagarri" zituztela azaldu zieten gaztetxera hurbildu zen jende anadanari. Alegia, txapelketan lehiatu ziren hamar bertsolariak: Igor Elortza, Sustrai Colina, Asier Azpiroz, Iratxe Ibarra, Ortzi Murua, Eneritz Artetxe, Unai Agirre, Malen Amenabar, eta Markel Eizagirre eta Andoni Egaña zarauztarrak.

Ohi bezala, Putzuzulo goraino bete zen, bertso nahiz jai giro aparta sortuz. Oihuak, txaloak eta animoak ez ziren falta izan, baita kopla zirikatzaileak eta txantxatiak ere. Zuzeneko musikarien laguntzarekin batzuetan, eta ikuslearen koruekin besteetan, bertsolariak fin aritu ziren ekitaldian; betiere, 3 minutuko denbora mugaren barruan., lan bakoitzean.

Hasieran guztiek egin zuten kantuan, eta ikusleak sei bertsolari hautatu zituen boto bidez bigarren faserako. Colina, Elortza, Agirre, Artetxe, Eizagirre eta Egaña sailkatu ziren, eta hortik, beste behin ere publikoak hala erabakita, Egañak eta Artetxek izan zuten buruz burukoa jokatzeko aukera. Kartzelako gairako Txoria nintzela abestia jarri zieten, bide batez Manolo Urbietari omenaldia eginez.

Azkenean, zarauztarrari egokitu zioten garailearen zintzarria, eta agurreko bertsoan argi utzi nahi izan zuen nori eskaini nahi zion garaikurra: "Gaurko zintzarria da Manolorena".

Erlazionatuak

Irudietan: X. Kopla Txapelketa

Aritz Mutiozabal 2016 abe 17 Kultura

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide