Donostia Kulturako, Donostia 2016ko eta Euskal Idazleen Elkarteko ordezkariek osatu dute epaimahaia, eta Peñaren formakuntza eta ibilbideaz gain, aurkeztutako proposamenaren mamia nabarmendu dute ebazterakoan. Hori horrela, literatur egonaldia Irlandan egingo du, urriaren 27tik abenduaren 12ra.
Beste hitzak egitasmoak Europan hizkuntza gutxituetan idazten duten idazleentzat sorkuntza-egonaldien zirkuitu bat osatzea du helburu, eta horretarako zenbait herrialdetako bazkide sare bat jarri du abian.
Peña Sodupen jaio bazen ere, egun Zarautzen bizi da idazlea. Hainbat lan eman ditu argitara: Hodeien Adorea helduentzako eleberria (Susa, 2012), eta haur eta gazte literaturan, Kilimanjaroko diamantea (Ibaizabal, 2014), Baloiak arboletan (Ibaizabal, 2016), Xirei (Ibaizabal, 2016) eta laster, Oximoron distopia Gaumin argitaletxearekin. Antzerkigintzan, Emalegez obraren sorkuntzan hartu du parte, eta estreinaldia Beasainen egingo dute urriaren 14an.