Imanol Urbietaren heriotza

Andoni Egaña: "Sortzaile naizen aldetik uste dut asko zor diodala"

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 28a, 14:49

Imanol Urbietarekin "harreman estua" izan zuela adierazi du bertsolariak. "Nire gurasoen lagun-mina zen, eta ni bere semeen lagun-minena eta, aldi berean, gure irakasle izan zen". Luzea da bidea biografia idatzi zuen Egañak duela urte batzuk, eta "bertan jasotzen dira gure oroitzapenetako batzuk".

Urbietaren heriotza berri tristea izan dela adierazi du Andoni Egañak. Duela hilabete eta erdi inguru ikusi zuten elkar azkeneko aldiz, Tomas Murua eskulturgilearen hileta elizkizunean. "Nahiz eta 82 urte izan eta aspaldian ez zegoen hain ondo, estabilizatu samar zegoen ustean geunden, baina eguna iritsi da".

Egañarentzat "sormenari bideak" ireki zizkiona izan zen Urbieta. "Umetatik ohitu gara kantatzen, umetatik ohitu gara sortzen, umetatik ohitu gara edozer edozein gai izan zitekeela kantagai ikasten, eta sortzaile naizen aldetik uste dut asko zor diodala. Ume ginela mundua ikusteko beste era bat eskaini zigulako".

Harreman horren harira, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean Txoria nintzela abestiaren doinuan abestu zituen bertsoak Egañak. "Bertso doinu bat eskatu nion berari, eta plaieroetan futbolean ari ginela, atsedenaldian, Txoria nintzela abestiari silaba batzuk kendu eta jarrita ea zer zer iruditzen zitzaidan galdetu zidan. Horrela sortu zen abestiaren bertsotarako bertsioa duela 30 urte".

Arlo asko jorratu zituela dio Egañak, baina "Oteizak esaten zuen bezala, apasionado constructor de niños izan zen. Horretara eman zituen bere ahalegin handienak, baina uste dut oso aintzat hartzeko musikaria izan zela, eta segur aski ez zuela arlo hori gehiago jorratu gurekin hasi zelako. Baina musikari guztiek esaten dute mezu handi bat dagoela bere doinuen eta arregloen atzean".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide