Sanpelaioak 2016

Josepe Aristi eta Joxe Isasti: «Mikrofonoa uzten badigute, San Pelaioren ereserkia abestuko dugu»

Aritz Mutiozabal 2016ko eka. 24a, 10:30

Josepe Aristi eta Joxe Isasti, zarauzko Musika Bandako kide ohiak (Aritz Mutiozabal).

Bihar gauerdian bandera igoko dute Zarauzko Musika Bandako kide ohiek udaletxeko balkoian, eta, modu horretan, San Pelaio jaiak hasiko dituzte.

Zarauzko Udalak omenaldi berezia egingo dio Zarauzko Musika Bandari, eta haiek arduratuko dira San Pelaio jaiei hasiera emateaz. Bandako bi kide beteranoek igoko dute bandera gauerdian udaletxeko balkoitik: Josepe Aristik (Zarautz, 1941) eta Joxe Isastik (Getaria, 1941). Aurten, 15 bat urte geroago, musika bandak zuzenean joko du berriro ere San Pelaioren ereserkia.

Omenaldia Zarauzko Musika Bandari egingo zaio, baina zuek biok aukeratu zaituztete bandera igotzeko. Nola jaso duzue berria?
Josepe Aristi: Egia esan, ez genuen sinesten. Duela hilabete eta erdi esan zigun Josu Isasti bandako zuzendariak [Joxe Isastiren semeak], eta hasieran txantxetan ari zitzaigula pentsatu genuen.
Joxe Isasti: Josepek aurten utzi du banda, eta nik duela bost urte utzi nuen. Kide ohi bezala, guri proposatu zigun: guk bandera igotzeko eta beraiek horrela lasaiago ibiliko zirela jotzen.

Bide batez zuok biok omentzeko modu bat ere izan al da?
J.A.: Esan digutenez, bandako bi beteranoei aukera hori ematea erabaki dute. Isasti musika jotzen beteranoena izan da, 30 urtez aritu baita, eta ni neu musika bandako lehendakaria izan naiz 25 urtean.


Egun handia iristeko gogoz egongo zarete, orduan?
J.A. eta J.I.: Pasatzeko desiratzen! (barreak).
J.I.: Guri ez zaizkigu horrelako gauzak gehiegi gustatzen. Horrelakoetan, gauza bat dela eta bestea dela, oso urduri jartzen da bat.

Baina gero, momentuan bertan, ziur asko gozatuko duzuela.
J.I.: Ez dakit... Eguna iristen denean jakingo dugu.
J.A.: Azken finean, ordu laurdeneko edo 20 minutuko kontua izango da. Beraz, hobeto edo okerrago, baina nahiko azkar bukatuko da.
J.I.: Hitza hartuko dugula ere esan digute, baina ni behintzat laburra izango naiz. Batik bat zorionak emango dizkiot bandari.

Musika banda oso presente egoten da sanpelaiotan. Alde horretatik, polita izango da, ezta?
J.A.: Beti hartu du parte, kontzertua eskainiz, haurren danborradan, eta helduenean ere, baina gero utzi egin genuen.
J.I.: Arrautzak guri botatzen hasi zitzaizkigun, musika bandako kideoi. Duela 15 bat urte izango zen azken aldiz jo genuela.
J.A.: Hori izan zen jotzen ez jarraitzearen arrazoia. Jaien hasierara joan eta musika bandak inolako parterik izan gabe —ez garelako politikoak eta ez gaudelako udaletxean ere— arrautzak jasotzea, jendea zuri arrautzak botatzea... Horrek ez du zentzurik.
J.I.: Berdin zitzaien hona edo hara bota. Festaren parte bezala hartu zuten arrautza botatzearen kontua.
San Pelaio bezpera hartan zuek ere hartu al zenuten parte?
J.I.: Nik bai. Han ibili ginen arrautzak saihesten, ezpatariak bagina bezala.


Eta aurten, berriro ere musika bandak zuzenean joko du.
J.A.: Azken finean, omenaldiaren motiboa hori da. Berreskuratu nahi dute bandaren parte hartzea banderaren igoeran.
J.I.: Aurten behintzat hala izango da. Datozen urteetan ez dakit jarraituko den.
J.A.: Kontua da bandako musikari gazteenei festak pixka bat zapuztu egiten zaizkiela, beren kuadrillek beste plan bat izaten dutelako.
J.I.: Lotua izaten da, bai. Gainera, asko dira bandan San Pelaio bezperan inoiz jo ez dutenak, eta beraientzako berria da. Aldaketa horiek txarrak izaten dira, hasiera batean zen moduan ez dutelako ezagutu.

Zuek jo izan duzuela bandera igotzeko momentuan, zer sentitzen da zarauztar gisa?
J.I.: Urduritasun pixka bat, bai.
J.A.: Herriko festak hasten dira, eta horrek nolabaiteko ilusioa pizten dizu.

Banda San Pelaio ereserkia jotzen hasten da, eta herritarrak kantuan jarraitzen dute.
J.A.: Bai, hala da. Momentu horretan herria bildu egiten da.
J.I.: Aurten, gainera, herriko abesbatzek ere hartuko dute parte festen hasierako ekitaldi horretan.

Beraz, abesbatzen laguntzarekin ere bai?
J.I.: Zarauzko diskoa kaleratu zenean —San Pelaio martxarekin, danborradako abestiekin eta abarrekin­—, herriko abesbatzek ere hartu zuten parte grabazioan Zarauzko Musika Bandarekin. Hori horrela, ahal dutenei gerturatzeko eskatu diete abestera.

Berezia izango dela dirudi aurtengo festen hasierak.
J.I.: Bai, polita izango da. Gainera, abesbatzakoek lagunduta herriak berak abesten duelarik, are bereziagoa izango da. Azken urteetan, bandak grabatutakoa entzutzen zen plazan, eta aurten berriro zuzenean jota, handia izango da.
J.A.: Pentsatzen dugu herritarrei ere ilusioa egingo diela horrek guztiak.
J.I.: Gero esango dute: getariar bat bandera igotzen Zarautzen... (barreak).
J.A.: Hau [Joxe Isasti] getariarra da jaiotzez.

Eta horrekin txantxak izan al dituzu?
J.I.: Oraindik, ez. Badira 50 urte inguru Zarautzen bizi naizela. Getarian baino urte gehiago egin ditut Zarautzen. Gainera, semeak eta bilobak bandan jotzen dute. Alde horretatik, lasai nago.

Laburbilduz, festen hasiera biribila izango dela aurten.
J.A.: Iruditzen zaigu ongi aterako dela, eta festen hasiera ederra izango dela. Aspaldiko partez bandak joko du eta abesbatzak ere ariko dira, eta horrek guztiak indar handiagoa emango diote momentuari.
J.I.: Askok, gainera, ez dakite oso ongi San Pelaio ereserkia. Zati batzuk bai, baina beste batzuk...
J.A.: Pelaio, Pelaio! Hori, bai, baina gero zerk jarraitzen duen, ordea, ez.
J.I.: Jendeak aldamenekoari begiratzen dio jarraitu ahal izateko. Nik uste dut abesbatzen laguntzarekin hobeto jarraituko dutela abestiaren letra.

Une horretan, ez al zarete animatuko bandarekin jotzera?
J.I.: Bost urtean ez dut tronpetarik ukitu... (barreak).
J.A.: Jo ez, baina abestu egingo dugu. Abestia ezagutzen dugu, eta mikrofonoa uzten badigute, kantuan hasiko gara, jendea girotzeko.
J.I.: Udaletxeko balkoitik zerbait egingo dugu, bai. Bestela ere, urtero abesten dugu, atzetik baldin bada ere. Lehendik ere ohituta gaude abestera, Oleskariak-eko kide izan ginen eta.

Erlazionatuak

San Pelaio Jaiak (egitaraua)

Zarauzko Hitza 2016 eka 15 Zarautz

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide