Joan den osteguneko udalbatzarrean behin betiko onespena eman zitzaion Asti kirolgunean dauden kirol ekipamendu publikoko eraikinak hobetu eta handitzeko hiri-berrikuntzako plan bereziaren proiektuari, Udal Gobernu taldearen (EAJ eta PSE-EE) eta Irabazi Zarautz taldearen aldeko botoekin; EH Bildu, berriz, abstenitu egin zen. Errugbi zelaiko eraikina handitu eta dutxa berriak egin, errugbiko harmailak estali eta kirolguneko argindarra indartzeko lanak egingo dituzte Astin. Hain justu, aldagelen eraikina %10 baino gehiago haziko da, eta beharrezkoa izan da Plan Berezi bat idaztea hazkuntza hori justifikatzeko.
Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako departamentuaren onespen txostena jaso du, baina oraindik ofizialki ez ditu jaso Eusko Jaurlaritzaren garraio azpiegitura zuzendaritzaren Euskal Trenbide Sarearena, ezta Ura Uraren Euskal Agentziarena ere. Edonola ere, Xabier Txurrukak udalbatzarrean azaldu zuenez, biekin batzartu da eta bien oniritzia jaso du ahoz. Gainera, idatziz erantzungo dutela azaldu diote alkateari bi aldeek. Txosten horien faltan bozkatu zuten gaia udalbatzarrean, eta horrek kezka sorrarazi zuen oposizioko alderdien artean.
Irabazi Zarautzek, hala ere, baiezkoa eman zuen. Ana de Benitoren hitzetan, «beharrezkoa delako herriarentzat eta kirol instalazioak egokitzeko aurreikusten diren diru laguntzak ez galtzeko». Udal Gobernuko kide eta PSE-EEko bozeramaileak ere bide beretik jo zuen bere arrazoia: «Gure ardura da diru laguntzak bermatzea eta ezin dugu hori galdu. Alkateak esan bezala, argi dago hori martxan jartzeko arazorik ez dagoela. Txostenak helduko dira udalera, eta ezin gara gelditu oztopo administratiboengandik jakinda ez dagoela arazorik».
EH Bilduri, ordea, ulergaitza iruditzen zaio «beharrezkoak diren baimenik gabe» lanak egiten hastea, eta abstenitu egin zen. Koalizioko kide Iñagi Eizagirrek azaldu zuenez, «txostenik gabe udalak ezin ditu halako plan bereziak onartu, halako oztopo administratiboak gainditu». Kirolgunea hobetzeko proiektuarekin ados dauden arren, egokiago iruditzen zaie udalak diru laguntzen epea luzatzeko hitz egitea, eta plan berezia aparteko bilkura batean onartzea, «behin txosten guztiak iritsitakoan».