"Zarauztarrak eta Getariarrak jakitun dira, noski, Garate-Santa Barbara izeneko eremua Europak Kontserbazio Bereziko (EKB) Eremua izendatua dagoela, erdarazko laurpena ZEC.
Zer da bada kontserbatu behar dena? Artelatza, noski. Zarautzen Arkamurka, eta Kortxo deitzen zaio. Larramendiren hiztegian 1746an argitaratuan artelatza izena agertzen da eta handik hona izen hori du izen ofiziala.
Noiztik da artelatza Zarautzen? Garai batean zabalago ote zen kostaldean eta gero eremu honetara murriztu ote zen txoko honetan iraunez? Landatua ote da? Baionatik gora Landetan ugaria da, dakizuenez. Euskal Herri barnean Zarautz-Getarian dago sailik handiena, nahiz eta ale bakanak agertu Bizkaitik Aturriraino kostaldean, baina multzorik sortu gabe.
Dena dela, Zarautz-Getarian aspalditik dira artelatzak.
Bi dokumentu azalduko ditugu hemen:
-
Zarautz historian zehar (J. Sanchez eta S.Piquero) liburutik hartua, non agertzen den 1756ko dokumentu bat dioena: herri-lurretan bi artelatz sail, bat 60 arbolaz osatua (Alcornocal de Sta.Barbara) eta bestea 300 arbolakoa (Monte alcornocal prox. a Cajuategui).
Informazio hau dator herri-lurreetako inbentario osoarekin, Probintziako Korregidoreak herriko Kontseiluari hala eskatuta. Dokumentu horrek adierazten digu garai hartan Zarautzen bazirela artelatzak eta bi sail nagusietan zenbat ale ziren. Ez dakigu bi sail nagusi horietatik aparte zenbat ale zeuden bakanka zabalduak. Kopuru hori banan bana kontatua zegoenez, pentsatzekoa da arbola handiak zirela eta ez landare gazteak.
-
Duela gutxi Zarauzko Arkamurka Natura-Elkarteko bazkide den Jose Luis Albizuk Oñatiko Artxibategian topatu duena da bigarrena (Erref. G.P.A.H.2.3165, orrialdeak: 0108r – 0109r).
Dokumentua 1730eko ekainaren 21ekoa da, aurrekoa baino 26 urte zaharragoa. Subasta bateko dokumentua da, bertan Zarauzko herriaren artelatzen kortxoen subasta egiten da (“los corchos de los alcornoques concejiles de esta Villa”).
Hainbat baldintza jartzen zaizkio eskaintza onena eginez bereganatzen dituenari: a) Urtebeteko epean kenduko ditu. b) Artelatzak kaltetu gabe egingo du lana. c) Garai txarrean edo modu txarrean egingo balu lana zigortua izango da bai subastan hartu duen pertsona eta baita ere fidantza jarri duena.
Subastan hartu zituenak, Diego de Azcuek, “sesenta y cuatro reales de vellón”(“real de vellón” zilarrezko txanponak ziren) urtebeteko epean ordaintzekotan hartu zituen, fidatzaile Jerónimo de Manterola izendatuz; honek ordainketa bere ondasunekin bermatzen zuen Diego de Azcuek ordaintzen ez bazuen.
Bigarren dokumentu hau aurrekoa baino zaharragoa izanik adierazten digu Zarauzko artelatzen kortxoa ustiatu egiten zela 1730ean, herri-lurretan zeudenak behinik behin .
Hainbat galdera sortzen zaizkigu: Aipatzen den dirua asko ala gutxi zen; Catalunya aldean ordaintzen zena baino gehiago edo gutxiago ote zen; 1756ko dokumentuan agertzen diren 360 zuhaitzetatik zenbat kortxo lor ote zitekeen; Zer erabilera ematen ote zitzaion kortxoari; Frantziara esportatu egiten ote zen.
Kuriosoa da ustiapena hau bat datorrela XVIII. Mendearen erdialdean, dokumentu hauen garaian, hain zuzen, hasten delako kortxoaren erabilera ardo-botiletan eta kortxoaren esportazio handia Catalunyatik Frantziara. Zarauzkoa ere esportatzeko ote zen?
Bestalde, 1787ko dokumentu batek dio nola Zarauzko behi-aziendak Getariako lurretan ibiali ohi ziren larrean, baina data horretan Getariako Kontseiluak hartzen du erabakia azienda horiek Getariako artelatzetan egindako kalteak neurtzekoa, azken kortxoaldia kendu zenetik ordura arte. Honek adierazten digu Getariako partean ere bazirela artelatz-sailak eta han ere ustiatu egiten zirela.
Ardo-botiletan erabiltzen zen garairako artelatz adinduak baldin baziren Zarautz eta Getarian, esan nahiko luke ez zirela landatu interes komertziala sortu zenean, baizik aurretik ere bazirela.
Harrigarria da, nola lur pribatuetako inbentariotan ez den artelatzik agertzen, baizik eta herri-lurretan bakarrik. Herri-lur sail batzuk 1814ean saldu zituen Zarauzko Herriak, zituen zorrak ordaintzeko. Dokumentuan 80 hektarea inguru saldu zirela dio, kalkuluak ondo egin baditut.
Bukatzeko esan behar da gaur egun Zarautz eta Getariako arteletz eremuak Europa mailako KBE (Kontserbazio Bereziko Eremua) kontsideratuta daudela.
Mila galdera sortzen dira dokumentu hauen inguruan eta gai polita iruditzen zait historiako karrera bukatu berri duen batek tesina egiteko. Animatuko ote da inor?"