Nola egokitu zaizue bandera igotzeko ardura?
Aurreko astean Juanjo Esnal etorri zitzaigun, aurten bandera guk igo behar genuela esanez. Hasieran pentsatu nuen Arkaitz Mendi elkartearen izenean proposatzen zidala, baina berak zehaztu zigun Garrastazu Optika bezala egin behar genuela. Festa batzordeko kideen artean hitz egin eta guk igotzea erabaki zutela. Halaxe jakin genuen.
Zer moduz jaso zenuten berria?
Ezusteko handia izan da guretzat. Inoiz ere ez zaigu halakorik egokitu. Hark komentatzen zigun beti aritu garela laguntzen, eta auzoko negozio beteranoena ere geu garela. Izan ere, duela 32 urte zabaldu genuen.
Non egiten da hasierako ekitaldi hori?
Kaxpakotarren etxean goratuko dugu bandera. Garai batean hemen egiten zuten, gure optikaren ondoan, Pedro Rubioren etxean {Danetik dendaren eraikineko lehen solairuan}. Auzoko festak dira, baina oso politak. Urteko herriko lehenak, hain zuzen ere. Guretzat ohore bat da festei hasiera emateko gurekin akordatzea.
Nola izaten da hasiera emateko momentu hori?
Xumea izaten da. Besterik gabe, koinata eta biok bandera igo eta Gora santamarinak! oihukatuko dugu, suziriekin eta kanpai hotsekin lagunduta. Ekitaldi xumea da, baina auzoko jendearentzat une ederra.
Santamarinetan bete-betean murgildu ohi zara; besteak beste, danborradan parte hartzen.
Hasieratik nabil danborra jotzen Arkaitz Mendi elkartearekin. Hamazazpi urte izango dira hasi ginela. Hura martxan jarri genuenean, herrikoan ere parte hartzen hasi ginen, sanpelaiotan. Hamar bat urte egin nituen sanpelaiotan jotzen, eta gero utzi egin nuen, baina santamarinetan jarraitzen dut. Egun hauetan lan ere egin beharko dugu, baina gozatuko ditugu jaiak. Parranda handiena ostiralean egingo dugu, danborradaren bueltan.
Zer dute berezia San Marinak jaiek? Zertan dira ezberdin?
Ona duena da auzo txikia dela eta guztiok elkar ezagutzen garela. Gainera, herriko urteko lehen jaiak izanda, jendea irrikitan egon ohi da. Ez da gaur egungo zerbait, txikiak ginenean ere gogo berarekin itxaroten genituen. Eskolak ikasturte amaieran daude, uda gainean da, eta gazte asko etortzen da. Auzo txikia izan arren, sekulako giroa sortzen da. Festa batzordeko kideak sekulakoak dira, ero samarrak, eta jendea ikaragarri animatzen dute.