Palestinako biktimak izan zituzten gogoan atzo iluntzean egindako mobilizazioan. Zarautz-Palestina herri ekimenak antolatuta, herriko kaleak hartu zituzten sarraskiaren biktima izan direnak omentzeko, baita Israel bertan gauzatzen ari den genozidioa salatzeko ere.
Hala, doluzko arropak soinean jantzi, eta kandelak eta loreak eskuan, kalez kale ibili ziren Lege Zaharren enparantzatik hasi eta Kale Nagusia zeharkatu arte. Ibilbidea Musika Plazan amaitu zuten, kioskoaren barruan, eta bertan pare bat minutuko isilunea eskaini zioten biktimei.
Gainera, kioskoa biktimen argazkiekin eta kandela txikiekin apaindu zuten, eta Palestinako txapak eta zapiak erosteko postua ere jarri zuten, jasotako dirua hara bidaltzeko, hain zuzen.