Urrats bat aurrera

Erabiltzailearen aurpegia GarbiƱe Uria 2023ko aza. 27a, 13:00

Asteburuko partidako une bat. (Zarautz Rugby Taldea)

Ondo borrokatuta irabazi zuten Gesalaga Okelan taldeko mutilek asteburuan Hernanin, herri horretako taldearen aurka jokatutako partidan. Markagailua 17-26 zela amaitu zen partida.

Landaren, zelaitik aldagelarako bidean, zaleek txalo egin ohi diete bi taldeetako jokalariei, pasilloa eginez. Larunbatean ere, ohitura bete zen eta Gesalaga Okelaneko jokalariek gustura jaso zituzten txaloak, etxeko taldeari 17-26 irabazi ondoren. Hernani bigarren mailara jeitsi zenetik, Zarauzko senior taldeak Landaren jokatzen zuen lehen aldia zen, orain arte Astin egokitu direlako partida guztiak. Etxekoek bazuten irabazteko esperantza, baina sailkapenari begira, partida bi taldeentzat zen oso garrantzitsua eta azkenean, zarauztarrek eskuratu zituzten garaipenaren 4 puntuak eta esku hutsik geratu zen Hernani. Gesalaga Okelan 3. da sailkapenean, aurretik dituen Getxo eta Bilborengandik puntu bakarrera. Ligaren lehen fasea amaitzeko 3 partida besterik ez dira falta eta larunbateko garaipena pauso garrantzitsua da, ligaren bigarren zatia eliteko multzoan jokatu ahal izateko, iaz bezala.

Landare beti da plaza gogorra. Horregatik, Gesalaga Okelanen jarraitzaileek ez zuten hutsik egin eta harmailaren zati handi bat beltza zen larunbatean. Zaleek hauspotuta edo gauzak hasieratik argi uzteko, zarauztarrek partida hasi orduko markatu zuten: 0-3, Carlos Estradak zigor ostikada makiletara botata. Hernani ez zegoen ezer barkatzeko eta, 10.minuturako, aurre hartu zien beltzei: Xabier Lukasek entsegua eta Beñat Aricetak gauzatu, 7-3 markagailuan. Lehia estua izango zela, gauza jakina zen; partida gogor joango zela, ere bai; eta zelaia lokaztuta, errugbi dotorea jokatzea zailagoa dela, baita ere. Nolanahi, Zarautz nagusi izan zen lehen zati osoan. Baloia berea izan zen denbora luzez, fin aritu zen alboko saketan eta nagusi, uztartzetan, mélé-an. Eta baloirik ez zuenean, defentsa gupidagabea egin zuen. Hernanik apenas topatu zuen hutsunerik aurrera egiteko. Beltzek aldiz, bi entsegu lortu zituzten ia segidan, lehen zatiaren erdi aldera. Lehenengoan, Juan Sorreluzek lerroa hautsi zelai erdian, Sebastian Sedrani pasea, honek Martini eta Sorreluz gazteak ihes baloiarekin, ezker hegaletik, entseguraino. 7-8, Beltzak aurretik. Hurrengo entsegua ere hiru laurdenek egin zuten, handik oso gutxira, ezker hegal berean. Juanek pasea Martin Sorreluzi, honek Ander Aristiri eta Anderrek entsegua: 7-13. Zarauztarrak tartea zabaltzen eta Hernani, apur bat tokiz kanpo. Lehen zatia amaitu aurretik, etxeko jokalari batek txartel horia ikusi zuen. Zarautzek alboko sakera jokatu zuen baloia, maul-a, hernaniarrek kolpea eta epaileak zigor entsegua Beltzen alde: 7-20, atsedenaldian.

Bigarren zatia parekatuagoa joan zen. Lehen puntuak Zarautzek egin zituen zigor ostikadaz, baina Hernani piztu egin zen eta hobeto jokatzen hasi zen. Gesalaga Okelanek, bi txartel hori pilatuta, jokalari bat galdu zuen zelaian 58. minutuan eta berehala iritsi zen Hernaniren bigarrena: Jon Ander Zapiainek entsegua eta Jokin Oleak ostikada: 14-23. Partidak beste itxura bat har zezakeen. Hernani gora eta zarauztarrak defentsan, bizitza jokoan balute bezala. Jokalariak oso gogor zelaian, bi taldeak araudiaren mugan eta epaileak, nahikoa lan. Beste txartel hori bat Hernanirentzat eta zigor ostikada bana talde bakoitzak, 17-26 amaitu zen partida. Lehiatua, gogorra, intentsitate handikoa, baina Gesalaga Okelanek ondo landu zuena. Ondo landu eta ondo irabazi. Harmaila pozik eta taldea zer esanik ez. Gesalaga Okelanek eskura dauka, aurten ere, ligaren bigarren zatia eliteko multzoan jokatzea. Oraindik 3 partida falta dira, ordea. Lehenengoa, eta garrantzitsuena, hurrengo larunbatekoa: Getxo hartuko dute Astin. Iaz, getxoztarrek galdu egin zuten Zarautzen eta arantza ateratzeko gogoz etorriko dira. Asti, ordea, Beltzen gotorlekua da. Abenduaren 2an, 16:00etan, denok behar zaituztegu Astin. Bultza Beltzak!!!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide