Gukasteka

Irlandako presidentea 1953ko Euskal Jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2024ko aza. 3a, 09:00

Eamon de Valera Irlandako Errepublikako presidentea beltzez, Gurutze Gorria zegoen eraikin ondotik. (Zarauzko Udal Argazki Artxiboa)

Eamon de Varela Irlandako Errepublikako lehen presidenteak Euskal Herria bisitatu zuen, eta irailaren 9an Zarautzera etorri zen, Euskal Jai Eguna bertatik bertara ezagutzera.

Abuztuaren 29tik irailaren 22a bitartean Euskal Jaiak 100 urte erakusketa berezia ikusteko parada izan dute herritarrek, Merkatu Plazako lehen solairuan. Udaleko Kultura departamentuak erakusketaren balorazio "oso positiboa" egin du, eta zehaztu duenez, 3.215 lagunek bisitatu du jaien mendeurrenari gorazarre egiten zion mostra.

Erakusketak jasotzen zituen argazki, material, esku-orri eta argitalpenen artean, egunkari zahar batek Irlandako Errepublikako lehen presidente –sasoi hartan lehen ministro– Eamon de Varelak 1953ko irailaren 9an egindako bisita jasotzen zuen bere kronikan, hainbat argazkirekin; besteak beste, baserritarrez jantzitako neska-musikoekin, frantziskotarren prozesioan eta hondartzan.

De Valeraren lehen jarduera politikoak gaelikoaren defentsarenak izan ziren. 1914an Irish Republican Brotherhood talde errepublikar abertzalean sartu zen, eta Erresuma Batutik independentzia lortzeko borrokan nabarmendu zen. Independentziaren osteko gerra zibilean Erresuma Batuarekiko hitzarmenaren aurka lerratu zen. Legez kanpo egoteak, ordea, inongo onura politikorik ez zuela ikusirik, Fianna Fáil sortu eta hauteskundeak irabazi zituen. Bere ibilbidean hainbat urtez izan zen estatuko presidente eta lehen ministro.

1953an Irlandako Errepublikako ordezkari gisa Euskal Herria bisitatu zuen, eta motibo horrekin hurbildu zen Zarautzera. Irlandak eta Euskal Herriak badute halako anaikidetza bat, eta pentsa daiteke De Varelaren presentziak izango zuela sentimendu horretatik zerbait. Aldiz, beti kritikatu izan zitzaion Francoren alde lerrokatu zela 36ko gerran eta kaudilloa babestu zuela. Herrira etorri zenean burutik zer demontre pasatu zitzaion, batek daki! Garaiko kronikak dio, behintzat, oso gustura ibili zela Euskal Jaietan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide