Ene Zarautz maite

Dira, dira, zezenak dira

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2024ko urr. 6a, 09:00

Zezenketa Frontoi Txiki eta Zigordia kalea dagoeneko inguruan, 1912an.

Zarautz Gukak hilero egiten duen legez, Zaharrak Berri atala eguneratu du. Zezenketa bat antolatu zuten 1912ko amabirjinak ospatzeko, eta bisitari nahiz herritar ugari bertaratu zen ekitaldiaz gozatzera.

1912. urteko abuztuan izandako zezenketa baten argazkia aurkezten du Ene Zarautz maite atalak. Irudi honek hainbat ertz ditu, eta ikuspegi horietatik guztietatik aztertzea merezi du. Bada, Zaharrak Berri atalak horri erreparatu nahi izan dio.

Lehenik eta behin, zezena eta toreroa dauden erdigunera zuzentzen dira begiak, baina berehala ohartzen da zezen plaza hori ez dela biribila, laukizuzenak baizik. Galderak pilatzen dira norbere burmuinean: "Zezenketarik inoiz egin denik herrian ere? Non demontre egin zuten hori?".

Abuztuaren 15ean egindakoa da argazkikoa, eta behin egin baldin bazuten, ziur gehiagotan ere antolatuko zutela. Hala ere, badira toki berean hartutako bestelako irudi batzuk, non ahari jokoak ikus daitezkeen. Beraz, zezenketez gain, posible da euskal jatorriko bestelako probak ere egin izana halako ekitaldietan.

Lekua nahiko erraz identifikatzen da: Frontoi Txiki, udal bulegoak eta Udaberri elkartea dauden eremu guztia hartzen du zezen plazak. Horrek argi uzten du sekulako azpiegitura muntatu zutela garaiko antolatzaileek festetarako, eta ikusmin galanta sortu zuela, jendez mukuru beteta baitago. Lehen lerroko harmailetan daudenek udatiarrak dirudite, daramatzaten kapelu zuriengatik; bertakoek euskal txapela daramate, eta asko etxeko balkoietatik ari dira jarraitzen.

Kuriosoa da, halaber, ikustea Frontoi Txikik oraindik ez duela pilotaleku izaerarik, nahiz eta gaztetxoak bertan ibiliko ziren pilotan. Zigordia kalea egun denaren erdia bakarrik zela orduan jakitea, baita Dotorekua etxea (Laboral Kutxakoa) eta San Frantzisko kaleko lerroan doazen eraikin asko egungo berak direla ere. Bestalde, Frontoi Txikiren frontisa eta ezker pareta osatzen duten etxebizitzak eta aldamenekoak ere berdinak izaten jarraitzen dute.

Egun, uda sasoian, zezenketarik ez, baina Emakumeen Pala Txapelketa eta Zaporraren Oroimenezkoa jokatzen dira Frontoi Txikin, eta Kalerki jaialdiko agertoki ere bihurtzen da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide