Kukaña eta ur jolasak usadio dira Moilan uda garaian

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2024ko uzt. 7a, 09:00

Gizon bat Moilako tranpolinetik uretara jauzi egiten, 1956an. (Zarauzko Argazki Artxiboa)

Zarautz Gukak hilero egiten duen legez, Zaharrak Berri atala eguneratu du hilabeteko lehenengo igandean. Uztaileko argitalpenerako Moilari erreparatu nahi izan dio bertan egiten dituzten ur jolasen inguruan aritzeko.

Zarautz Arraun Elkarteak aste honetan abiatu du udako kukaña eta ur jolasen denboraldia. 2010ean ekin zion horiek antolatzeari, baina luzeagoa da haien ibilbidea, ehundik gora urtekoa. Bada, Zaharrak Berri atalak horri erreparatu nahi izan dio uztaileko argitalpenean, uda sasoi bete-betean.

Kofradia izan zen 1890 inguruan kukaña antolatzeari ekin ziona eta haren jarduera Moilan egitea uzteagatik esker ona adierazteko egin zuen. Gaur egun bezalaxe, umeei zuzendutako festak ziren. Arrantzontzi profesionalagoek ekarri zuten Zarauzko arrantzaleen jarduera desagertzea 1950 aldera, eta, ondorioz kofradia jolas haiek antolatzeari utzi zion. Nolanahi ere, berehala hartu zion lekukoa Batelarien elkarteak, eta, hala, Moilako festa haiek jarraipena izan zuten beste hainbat urtez, 1990era arte, gutxi gorabehera. Inguruko herrietan kirol portuak sortu zituztenean hara mugitu ziren batelariak eta Kukañaren hutsunea ekarri zuen horrek. Hogei bat urte iraun zituen ZAE iritsi zen arte.

Ibilbide horretan kukaña jolasa apenas aldatu bada ere, Moilako festa haietan antolatzen zuten bigarren jolasa bestelakoa da orain. Hasiera batean, ahate lehiaketak egiten zituzten arrantzaleek. Heldutako ahateak askatzen zituzten bizirik eta harrapatzen zituztenek etxera eraman zitzaketen sari gisa. Gaur egun, ordea, salto lehiaketak antolatzen dituzte tranpolinetik. Epaimahaiak baloratzen ditu parte hartzaileen jauziak eta lehenengo hirurek sariak izaten dituzte, izozkiak edota Turismo Bulegoak emandako kamisetak eta bestelakoak.

Tranpolinari lotuta, halaber, hori ere ez da berria; izan ere, Zaharrak Berri atalak uztailerako hautatu duen argazkia 1956koa da eta bertan jada ageri da gizon bat bertatik uretara jauzi egiten. Irudiaren atzealdean, Zarauzko hondartza, noski.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide