Zarauzko Triatloiak Munoan zuenenean epizentroa

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2024ko eka. 2a, 09:00

Bi triatleta Munoako box eremura bizikletaz iristen Zarauzko Traitloiko lehen edizioetako batean. (Utzitakoa)

Ekaineko kirol hitzordu nagusiak 38 urte beteko ditu eta iberiar penintsulan Half distantziako proba aitzindarietako bat da.

Datorren asteburuan jokatuko dute Zarauzko Triatloia. 36. edizioa izango da eta 1986an jaio zenetik hainbat aldaketa izan ditu. Lehenengo edizioetan, esaterako, Munoa plazan amaitzen zuten proba, eta, ordukoa da, hain justu, Zarautz Gukako Zaharrak Berri atalak ekaineko argitalpenerako ekarri duen irudia. Urte askoan izan zen Munoa triatloiaren erdigunea helmugaz gain, boxak ere bertan zeudelako.

Gaur egun, Lege Zaharren Enparantzan amaitzen da ekaineko kirol proba nagusia, baina izan ditu helmuga gehiago ere, Musika Plazan bukatzen baitzuten hainbat urtez. Irteera puntuak eta boxek ere aldatu dituzte kokalekuak 38 urteko ibilbidean. Aspaldian Getariatik abiatzen dute proba, baina izan zen kontrako norabidea egiten zuten ediziorik ere; hau da, Zarauztik igerian atera Getariara eta bertan bizikletak hartu probako bigarren zatiari ekiteko.

Kirolariek erabiltzen duten materialak izan duen eboluzioaren bidelagun ere izan da Zarauzko proba. Bizikletetan oso agerikoa da garapen hori, ez baitute zerikusirik lehen erabiltzen zituztenak gaur egungoekin, askoz arinagoak eta aerodinamikoagoak dira orain.

Probari berari erreparatuta, atzera berriro, azken urteetako aldaketa esanguratsuena txirrindularitza zatiari eragin dio, era berean. Lehen Aiarako bidea hartzen zuten eta orain, Zarauzko hilerriko aldapatik gora jotzen dute. Ibilbideko aldaketa horrek bultzadatxoa eman dio probari, gainera, jende ugari biltzen delako bertan kirolariak animatzeko. Hain justu, horixe da proba antolatzen hasi zirenetik aldatu ez den bakarra; zaleen hauspoa, alegia. Zarauzko Triatloiak goi mailako kirolariak ez ezik ikusle ugari erakarri izan ditu beti.

Triatleta bat Munoako boxean hainbat ikusle begira dituela. (Zarauzko Argazki Artxiboa)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide