Puntuka

Apaizak

Apaiz baten eskuak. (pixabay)

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k gaurko Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

Joan zen hilabeteko kontua da. Honela dio azaroaren 19ko Berria-n lerroburu batek: "Bernat Etxeparek izandako amodio eta politika bizipenak azaleratu ditu Danserie Ensemble taldeak". Aste pare batean berriketarako gai izan dira Bernat apaiz idazlearen gorabeherak. Zergatik? Nafarroarentzat eta Euskal Herri osoarentzat hain garrantzitsuak izan ziren urte haietan gure lehen idazle ezaguna beaumontar sutsua izan zen ala ez jakiteak morbo apur bat piztu zuelako. Dena dela, esango nuke morbo kontuan, seguru asko, morbo gehiago piztu zuela apaiztu eta urtebetera (1512. urte aldera) seme bat izan zuela jakiteak.

Harritu, benetan harritu, ez gara gehiegi egin. Apaiz horrek esaten zuenean: "Munduyan ezta gauzaric / hayn eder ez plazentic / nola emaztia guiçonaren petic / buluzcorriric; / besso biac çabalduric / dago errendaturic, / guiçonorrec daguiela / harçaz nahiduyenic", bagenekien ez zela ari otoitz-orduen liburua zabalduta irakurtzen.

XVI. mendean Eliza Katolikoaren agintari eta bertako apaizen portaera ez zen benetan oso eredugarria, eta haien jokamoldeek egonezin handi samarra piztu zuten hainbat lekutan. Hortik sortu ziren Eliza Erreformatuak (gaitzizenez protestanteak deituak), eta erreforma horiek erlijioaren ikuspegi berri eta zorrotzagoa ekarri nahi zuten, Eliza Katolikoaren jauntxoentzat, batik bat. Baina agintari horiek eskutik nahi zituzten hogeita hamaikak, eta gogor ekin zioten Kontrarreforma antolatzeari. Bidean, gehiegikeriak konpondu nahian edo, gogortu egin ziren apaizentzako arauak, ordura arte nahiko lasaiak zirenak. Hala eta guztiz (burua lehengo lepotik azeriak), beste ehun bat urte pasatuta ere baziren exenplu txarrak emanez zebiltzan apaizak gure inguruan.

Kontu hau Mª Rosario Roquero Ussiak idatzitako Clérigos bulliciosos, pendencieros y calculadores idazlanetik jasotakoa da, eta Gipuzkoako beste hainbat adibideren artean, Zarauzko presbitero izandako on Luis Etxaberen pasadizoak aukeratu ditut, Gipuzkoako Komisario Orokorrak 1654. urtean salatu zituenak.

Lekukotzak dioenez, gure on Luis ilunabarrean irteten zen bere kapotea hartuta, eta ez zen etxera itzultzen gauean berandu oso edo egunsentiarekin ez bazen. Sanpelaioetako festetan ibili omen zen kalean ezpata eta babes-ezkutuarekin, neska gazteekin dantzan, sotanarik gabe, eta kapotea hartu eta zezenak toreatzen. Eta hori ez nahikoa, eta ikusi omen zuten neska baten etxean sartzen, amak alde egin zuenean, baina anaia batek kontu hartu neskaren gelan sartu zenean, eta liskarra. On Luis kanporatzea lortu omen zuten, baina apaiza eta haren morroia harrika hasi eta burua ireki anaia gaixoari. Jendeak lasaitu behar izan omen zuen apaiz hori, jenio bizikoa baitzen, eta beste batean ere neskaren bat bakean uzteko esan zion norbaiti makilakada eman ondoren pistolaz mehatxatu omen zuen. Eskerrak suharriak ez zuela piztu metxa! Desgraziarik ez omen zen gertatu jainkoari esker!

Esan zuten, baita ere, hordikerian ibiltzen zela maiz apaiz hori, mozkorrak harrapatu eta egiten zuenaren ezaguera galdu arte; baietz hau edan eta baietz hainbeste edan apustu egin ohi zuela, eta hainbat emakumerekin harremanak zituela (que tiene comunicación con varias mujeres esaten da paperetan), batez ere Katalina Zumetarekin, eta emakume horrek haur-galtze bat ere izan zuela harreman horiek bitarteko.

Beste hainbat kontu ere baditu bere aurka gure apaiztxoak, baina berak deskargu egitean saiatzen da denak justifikatzen: berandu dabilenean gaixoak edo hilzorian daudenak zaintzera doalako da, Sanpelaio festetan iskanbila izan bazuen bakeak egitera bitartekari sartu zelako da, eta abar.

Harritu-harritu ez naiz gehiegi harritu. Jana, edana eta gonak endredatzea apaiz bati gerta dakizkiokeen zerbait dira. Horrelakoak pasatzen ziren lehen eta pasatuko dira gero ere. Arraroxeagoa iruditzen zait apaiz zarauztar batek zezenketarako horrelako grina izatea, batik bat Etxabe "El curita" ez delako deitura oso serioa torero batentzat.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide