Azeri

Txakurraren familiako ugaztun karniboroa (Vulpes vulpes). Adjektibo gisa erabiltzen denean, pertsona abila, maltzurra, maleziaz betea…

azeri. 1) iz. Txakurraren familiako ugaztun karniboroa, muturra zorrotza eta luzexka duena, belarriak tenteak, ilaje gorrixka eta isatsa iletsua, luzea eta eroria (Vulpes vulpes). 2) adj. Azeriari dagozkion ohiturak edota haren izaera duen pertsona: abila, maltzurra, buru-argia, maleziatsua, ohitura txarrak aldatzen ez dituena…

Badira azeri hitzarekin osatutako beste hainbat hitz:

  • azeri-buztan. Zurtoin biluzia, adabetarte ugari eta harien antzeko hostoak dituen landarea, hainbat motatakoak dira, eta Equisetum generokoak.
  • azeri-bataio, azeri-ezkontza. Eguzkia eta euria batera denean esan ohi da azeri-bataioa edo azeri-ezkontza dela.
  • azeri-dantza. Euskal dantza, jolas girokoa.
  • azeri-mahats. Fruitu jangarriak dituen landarea (Arctostaphylos uva-ursi).
  • azeri-txakur. Azeriak harrapatzeko erabiltzen den (zen) txakurra.
  • azerikeria. Maltzurkeria.
  • azerikume. Azeriaren umea.
  • azeritegi. Azeri-zuloa.

Herri-jakintzak erakusten du azeria dela abila, maltzurra, buru-argia eta maleziatsua, ilez aldatzen bada ere ohitura (txarrez) aldatzen ez dena, eta hortik dator azeri deitzea horrelako portaera duen pertsona bati. Bestalde, eguzkia eta euria bateratsu direnean esan ohi da azeriaren ezteiak edo azeri-ezkontza direla. Harremanak, solasa edo berriketaldia haserrez hausten direnean esan ohi da, beste hainbat esamolderen artean, azeri okerrak uztartzera bidali dela norbait (hoa azeri okerrak uztartzera petral halakoa!), eta gauza zailak (edo desegokiak) egiteko trebetasun handia duenari, azeri zahar soil batek hainbat malezia duela; esamolde bera erabiltzen da malezia handia duena (edo maltzurra) izendatzeko, azeri zahar deitzen baitzaio pertsona maltzurrari. Etsai handiena agintean jartzea azeria antzarak zaintzen jartzea da, eta lotsagabea izatea oso, azeria baino lotsagabeagoa izatea da. Maltzurkeriarekin lotzen da maiz azeria: azeria baino maltzurrago / azeria bera baino maltzurrago / azeria bezain maltzur… Zirimiria da azeria galdu zuen euri klasea (ustekabe busti baitzuen), eta mozkorrak emandako logurarekin dagoena, mozkorraren loan dagoena, azeria larrutzen ari da. Norbait akabatzen dutenean, azerien bazka gelditu da, eta azeriarena pasa zaio konturatu gabe busti denari. Pertsona maltzurrak, baita ezkutuko lapurrak ere, hanka biko azeriak dira, eta pertsona oso zitalak leizeko azeria baino zitalagoak. Ikara batean dagoena oiloa azeriaren ondoan bezala dago, baina benetan larri dagoena zepoan harrapatutako azeria baino larriago.

Azeria aipatzen duten hainbat esaera zahar: 1) Azeri zaharra beti goiztar, goiztar eta oinak azkar. 2) Azeri zaharra ilez aldatzen da, ez larruz. 3) Azeri zaharrari ilea joan baina antza ez. 4) Azeria abila da, emazte maitalea abilago. 5) Azeria denean predikatzen ari, kasu emak (kontu egiok) hire oiloari. 6) Azeria oiloen predikari. 7) Azeriak bera bezalako umeak egiten. 8) Azeriak buztana ezin ezkutatu. 9) Azeriak buztana luze, bera bezala bertzeak uste. 10) Azeriak esan zuena: euria atertuz gero, arbol-azpitik alde. 11) Azeriak ile zaharra uzten du, baina aztura zaharra ez. 12) Azeriak ilea aldatzen baina larrua ez. 13) Azerikumea azeri. 14) Eguzkia eta euria, azerien ezteiak. 15) Ez eman azeririk antzara zain. 16) Goizaldean lo dagoen azeriak ez du lumarik ahoan. 17) Oilo ibiltari, azeriaren janari. 18) Orik (zakurrik) ez den herrian azeria ibar-jaun. 19) Sortzetik du azeriak maltzurkeria.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide