Puntuka

Geroa

Palmondo bat. (Guka)

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k gaurko Urola Kostako Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

Seguru asko behin edo behin etorriko zitzaizun burura honako galdera hau: «Guk bizi ahal izan dugun mundualdia baino hobea utziko ote diegu gure ondorengoei?».

Izan ere, geroa nolakoa izango den jakiteak kezkatu egiten gaitu, eta ez bakarrik gure geroa ezagutzeak, baita gure ondorengoena nolakoa izango den jakiteak ere. Pertsona zuhurrek beti izan dute kezka hori: mundu hobeago bat uztea ondorengoei.

Kondairak dio garai batean bazela Euskal Herrian idatzi gabeko (edo, agian, idatzitako) lege bat esaten zuena zuhaitz bat eraisten zuenak bi landatu behar zituela, ondorengoek ere izan zezaten gaia eta aukera gauza bera egiteko. Hainbat herrialdetan oraindik ere badira horrelako kondairak, natura, baliabideak eta ondasunak altxor preziatuak direla diotenak, zaindu eta babestu beharrekoak.

Mozambikeko oihaneko biztanleek badute baliabideak xahutzen dabilena zigortzen duen izaki boteretsu baten berri: txorien maisua deitzen diote. Hona hemen oihandar horiek kantu batean zer esaten duten izaki horri buruz:

Txio-txio txorien kantua oihanean, dinbi-danba aizkoraren oihua basoan, dinbirri-danbarra zuhaitzaren harrabotsa oihaneko zorua musukatzera doanean. Isildu dira txoriak habia galduei begira, ihes egin dute zuhaitzeko biztanleek urrutitik negar egiteko etxe galduagatik. Txorien maisua haserre dago. Ikara zaitez aizkora (edo motozerra) darabilzun gizon ankerra: gogorra, iluna eta errukirik gabekoa baita txorien maisuaren madarikazioa. Biluzik, ilunpean eta babesik gabe aurkituko zara, gizon ankerra, oihanak laguntza ukatzen dizunean.

Ipuinarekin hasi eta Xabier Kintanak kontatutako pasadizo batean oinarrituta aspaldiko beste kontakizun batekin amaitu nahi nuke geroa zaintzera gonbita den idatzi hau. Antzinako garaietatik mendebalde osoan heroi gisa aski ezaguna zen Alexandro Handiari dagokion istorioa da. Alexandrok egindako ekintza gehientsuenei buruz asko kontatu eta idatzi da, eta ez beti egia hutsa. Horregatik, eszeptizismo maila handi samarrarekin hartu behar da kondaira, baina polita da eta gaiari zuzenean lotutakoa.

Militar, agintari eta errege handi izateko hezi zuen Alexandro Handia bere aita Filipo Mazedoniakoak, eta baita hezkuntza sendoa eman ere (Aristoteles filosofoa izan zuen irakasle 16 urte bete artean). Gero gauzak bihurritu egin ziren, eta Filipo aitak deserriratu egin zituen bai semea eta baita haren lagun eta ahaideak ere (ama Olinpias, Epiroko printzesa, horien artean).

Deserriratuak Epiron ziren bitartean Filipo erregea akabatu zuen norbaitek, eta Alexandro Handia Mazedoniara itzuli zen hango gorteko kontuak konpontzera.

Alexandro jarri zen errege aitaren ordez, menderatu zituen Greziako gainerako hiriak (Filipo hildakoan oilartzen hasitakoak), eta, behin hasiz gero, Asiako erresuma eta inperioak bereganatzen joan zen. Issosen menderatu zuen Pertsiako Dario III.a, eta Gazako borrokak ireki zizkion Egiptorako bideak. Egiptorakoa prestatzen zebilela (Libano inguruan izan behar zuen), agure bat aurkitu zuen bidearen ertzean pala batez zuloa egiten, eta ea zertan ari zen galdetu zion.

–Palmondo bat landatzeko zuloa egiten ari naiz.

–Gizona, gizona –esan zion Alexandrok–, palmondo batek hogei bat urte behar ditu datilak ematen asteko, eta zu zaharregia zara hartaz probetxu izateko.

–Gure aurrekoek landatu zituztelako ari gara jaten gu orain. Guk landatu ditugulako jango dute beste batzuek gero.

Erantzuna, itxuraz, Alexandroren gustukoa izan, eta bere ondoan zuen morroiari esan zion urrezko txanpon bat emateko agureari.

–Ikusten, zuloa besterik ez dut egin, oraindik landatzeko dago palmondoa, eta hasi zait urrezko fruituak ematen.

Barre egin omen zuen Alexandrok, eta beste urrezko txanpon bat emateko agindu zion morroiari.

Kontuak kontu, hor da kondairaren ikaskizuna: geroa gaurtik zaindu behar da, eta ez besterentzat eta gerorako utzi lan hori.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide