Antapara

Ola edo errotarako ura biltzen duen presako murru edo babesa; baita ura biltzen duen presa edo putzua bera ere.

antapara, antepara, andapara. iz. 1) Ola edo errotarako ura biltzen duen presako murru edo babesa. 2) Ura biltzen duen presa edo putzua bera. 3) Ola edo errotarako ura ekartzen duen ubidea; azken zatiari, azelina mugitzera zuzenean bideratuta dagoenari botana deitzen zaio.

Badirudi Euskal Herriko antaparek ez dutela arrisku handirik; Lauaxetak lirikotasun osoan aipatzen ditu, zidar-lits metaforaz marraztuz antaparako (andapara dio berak) uretan argiak egindako distirak. Horrela hasten da Bolutxu zurija poema:

Bolu-bolutxu zurija,
—zamarijen txilin-otsa.
Bolutxuko goiz argija,
errotarrijen dunbotsa!

Andaparan ura dago
—zidar-litsa markal-artez.
Errotarime lirañoi
ain zuri zagoz urunez!
iri egixuz atiak
ura dabil, ba, lasterrez.

Eslaviar herrietan, ordea, hango antaparak ez dira batere seguruak, haietan bizi baitira vodianoi edo vodnik izakiak. Ur gezatako mamuak dira, gaiztakeriarako joera dutenak eta neska eta mutil gaztetxoak itotzeko irrika. Ilea luzea eta kolore berdekoa dute, uretako belar edo algen tankerakoa, beti bustia, uste baita ileak lehortzen bazaizkie ihartu egiten direla beraiek ere, gaixotu eta hil. Antaparetako errainu distiratsuak (Lauaxetaren zilar-litsak deitutako horiek) altxorrak aurkezten dizkiete gaztetxoei, eta uretara erakarri. Arrantzale jendeak ikasi dute zer den izaki horien irrika, eta pipa erretzen hasi aurretik tabako-izpi batzuk eskaintzen dizkiete, ordez arrainen bat arrantzatuko dutelakoan; errotariek beren janarietatik apur bat eskaintzen diete vodianoiei, haserretu ez daitezen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide