Botana

Errota eta oletan ura ekarri, bildu, eta turtukira bideratzen zuen ubidea.

botana. 1) iz. Zahagiak-eta konpontzeko erabiltzen ziren txatalak 2) iz. Zahagiei-eta jartzen zitzaien zurezko tapakia, ardoa irten ez zedin. 3) Ola edo errotara ura ekartzen duen ubidearen azken zatia, turtukia mugitzera zuzenean bideratuta dagoena. 4) Orokorrean, egur biribil bat jarriz edo kenduz itxi edo ireki daitekeen isurbidea.

Garai batean ezagunak ziren hainbat kontzeptu eta hitz galtzen joan dira, batik bat hitz horiek izendatzen zituzten gauzak ez direnean erabiltzen, errota edo oletakoak, esate baterako. Botana da horietako bat. Gaur egun nahiko zaila da jakitea zeri deitzen zitzaion zehazki. Alde batetik, badirudi horrela deitzen zitzaiola zahagi eta zahato zaharrak konpontzekok erabiltzen zen zurezko txatal biribilari. Baita ere  botana da zahagiaren irteerako isurbidea ixteko erabiltzen zen zur-ziri biribila. Ola eta errotetan botana da ubidearen azken zatia, turtukia mugitzeko ur-turrusta bideratzen duen atala. Orokorrean, esan daiteke egur biribil bat jarriz edo kenduz itxi edo ireki daitekeen isurbidea dela botana. Mikela Elizegik (Pello Errotaren alabak) honela kontatzen du: Botanako ura gero turtokia esaten zayonetik joaten zan, ta orduan errotarria bueltaka tlak-tlak-tlak asten zan. Hala ere, Mikela berak botana deitzen dio errotaren gainaldean egon ohi den putzuari ere: Errotaren gañeko aldean botana dago… Beraz, errotariaren alabak ere 1963 urtean argitaratutako liburuaren garaian ahaztuxea zuen botana hitzaren esanahi zehatza.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide