Karrama, garrama

Ikusi hitzaren esanahiak

karrama, garrama. 1) iz. Linoari hazi-kutxatilak erauzi eta bereizteko erabiltzen den (zen) eskuila moduko txarrantxa edo karda, burdinazko hortz luze eta zorrotzak dituena eta zurezko ohol luze batean finkatuta egon ohi dena. 2) iz. Eztarriko laztasuna, garrazpera, marranta. 3) adj. Jenio zakarrekoa, latza, izaera takarrekoa; hezigaitza, goxotasunik gabekoa.

Linoarekin haria egitea lan luzea eta era askotakoa izan ohi zen; horregatik, esan ohi zen linoaren lanak zituela zerbaitek lan neketsua eta luzea zenean. Lan horietako bat izan ohi zen lino-landareari hazi-kutxatilak erauzi eta haziak jasotzea, eta horretarako bazen tresna berezi bat karrama edo garrama deitutakoa, eskuila latz eta txarrantxaz betetakoa, burdinazko hortz luze eta zorrotzak zituena eta zurezko ohol luze batean ezarria egoten zena. Horrez gain, eztarriko laztasuna ere adierazten du karrama hitzak, eta baita pertsona takar edo goxotasun gabea ere. Halakori esan behar omen zaio: hoa ahia jatera, ea gozatzen haizen, karrama halakoa!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide