larrosa, arrosa. 1) iz. Lorategietako landare arantzaduna, Rosa espeziekoa. 2) iz. Arrosa-landarearen lorea.
Gure inguruan lehen maiz deitzen zitzaion larrosa aipatutako Rosa espezieko landare horri, seguru asko izena hartzerakoan artikulu eta guzti jaso zelalako: la rosa; Euskaltzaindiak, ordea, arrosa hobetsi eta hautatu du. Zerbait (edo norbait) ederra, apaina, dotorea edo polita dela adierazteko konparaketak egitean erabiltzen da maiz: arrosa baino apainago, arrosa baino ederrago, arrosa gorria baino apainago, arrosa gorria baino dotoreago, arrosa zuria bezain eder; baita zerbaiten zuritasuna (edo purutasuna) adierazteko ere: arrosa bezain zuri, arrosa zuria bezain zuri. Hainbat esaera zaharrek aipatzen ditu arrosak: 1) Amodioa arrosaren pare: usaina eta xixta (arantza). 2) Arrosa gordeago eta ederrago. 3) Arrosak arantza. 4) Arrosak, bertze izen bat balu ere, usain on bera larioke. 5) Arrosen ondoan dagoenak, haren usainetik zerbait hartzen. 6) Batek arrosaren kolorea maite, bertzeak usaina. 7) Egiak, arrosak bezala ziztatzen. 8) Zerramak, arrosa baino nahiago lohia. 16) Ziztenik (arantzarik) ez duen arrosarik ez. Arrosa baratze eta lorategietako landare landuari (lorategietarako aukeratuari) deitzen zaio, ez horrela mendian bere kabuz hasi den landare basakari; horrek arkakarats, sasilarrosa, astalarrosa… izenak hartu ohi ditu.