Beharbada ni ez naiz egokiena kirol-kontuez aritzeko, baina desagertzeko arriskuan dagoen pilota-joko mota bat aipatu nahiko nuke: laxoa. Plaza batean bi talde aurrez aurre jarrita jokatzen da, luzeko jokoa, beraz; gero eta gutxiago ikusten dena. Jokalariek eskularruarekin jokatzen dute, erremonterako xixtera baino txikiagoekin. Sakea egiteko harri berezia (botaharria) erabiltzen da, eta jokatzeko era nahiko bihurria da hemen adierazteko. Jakin-mina duenak bilatuko du bidea horren berri izateko, edota Baztanen edo Alduden partidaren bat ikusteko. Beharbada ni ez naiz egokiena kirol-kontuez aritzeko, baina desagertzeko arriskuan dagoen pilota-joko mota bat aipatu nahiko nuke: laxoa. Plaza batean bi talde aurrez aurre jarrita jokatzen da, luzeko jokoa, beraz; gero eta gutxiago ikusten dena. Jokalariek eskularruarekin jokatzen dute, erremonterako xixtera baino txikiagoekin. Sakea egiteko harri berezia (botaharria) erabiltzen da, eta jokatzeko era nahiko bihurria da hemen adierazteko. Jakin-mina duenak bilatuko du bidea horren berri izateko, edota Baztanen edo Alduden partidaren bat ikusteko.
Antonio Arrueren Jan edanak liburua irakurriz etorri zait laxoarekiko irrika, eta ez zahartzaroan kirolarekiko grina piztu zaidalako. Antonio Arrue Zarautz euskal idazle asteasuarra izan genuen, legegizona, karlista eta euskaltzale porrokatua. Itxura denez, ez zen oso ondo konpontzen Gipuzkoako agintari falangistekin, baina bazuen itzala frankismoaren garaian (Asteasu Beltza ezizena irabazi zuen zentsuratzaile zelako edo), eta hainbat gauza lortu zituen euskara, Euskaltzaindia eta bertsozaleen alde, bereziki maite baitzituen euskara, bertsoak eta… mahai ona. Hogei urtetik gora jardun zuen Egan aldizkarian sukaldaritzari eta gastronomiari buruzko artikuluak idazten. Haietatik, gero, Jan edanak liburua.
Tira, goazen harira. 1960. urteko Egan 3-6 aldizkarian honela dio: 1909'garren urteko Jorrailla'ren 22'an berealdiko pelota-partidu bat jokatu zan Elizondo'n. Jakiña, luzean. Ta pelotari "amateur" utsen artean.
Luzean, dio; beraz, laxoan izango zen, Baztanen izanda.
Hortik abiatuta jakin ditut pilota-partidaren xehetasunak. Zarberri garaiko kazetariak dio ez zela Elizondon jokatu, Arizkunen baizik: Lamiarrieta frontoian. Desafioan bi talde; gorriak: Jose Irigoien, Braulio Iriarte, Frantzisko Irigoien eta Julian Iturralde, eta zuriak: Antonio Gartxitonea, Vidal Osakar, Frantzisko Ainziburu eta Pedro Arozarena. Epaileak, Antonio Indart, Meliton Etxenike eta Pedro Garaikoetxea. Trabesak 5.000 peso mexikar alde bakoitzetik (XX. mende-hasierako 26.500 pezeta). Zuriek irabazi omen zuten, erraz gainera. Gero, freskatu kanpo eta barru, eta bazkaltzera, Lorentzo Jaurenak Bozate auzoan zeukan ostatura. Eta orain dator harrigarriena, menua. Hauxe:
Ostiones (ostrak) y ensalada de guacamole y aguacate con rábanos. Sopa de arroz con blanquillos (arrautzak) y tropiezos. Blanquillos al gusto (arrautzak, nahi adina). Guachinango (bisigua edo antzekoa) a la petitoria. Mole de guajalote (indioilarra saltsa minean). Chichicuilotesal chile pasilla (txori txikiak piper saltsan).
Barbacoa a la jalisqueña (haragi errea Jaliscoko erara). Pato-Agujero con chicharrón a la poblana (basahatea hirugiharrarekin Pueblako erara). Frijoles refritos (babarrun frijituak). Entremeses, enchiladas, quesadillas y tamalitos (zizka-mizka mexikarrak). Frutas: zapote, plátanos, mango, guayaba, mamey, etc. Para beber: pulque blanco y encarnado, curado y embotellado; mescal y tequila (edari alkoholdunak, denak ere).
Bi gauza harritzeko modukoak: 1) entrama handia behar zela hori dena irensteko, eta 2) gaur egun ere ez dela erraza era horretako jaki mexikarrak gure artean aurkitzea, eta duela 115 urte Arizkungo Bozate auzoan, nolatan?
Gauza zertxobait argitzen da esaten badigute gutxienez lau pertsona (bi epaile eta bi jokalari) Mexikotik etorri berriak zirela, eta ez nolanahi, gainera, indiano aberats gisa baizik. Partida galdutako Braulio Iriarte hori Mexikoko Modelo garagardotegiaren sortzaileetako bat zen (bai, horixe, Coronita garagardoa oraindik ere eginaz jarraitzen duen garagardotegiko jabeetako bat…).
Indianokeria, baita ere, 5.000 peso jokatzearena, eta oturuntza handiputz hura egitea, bestalde. Ehun eta hamabost urte joanda oraindik harritzen bagara, zer izango ote zen orduan!
Dena dela, guk uste baino gauza harrigarri gehiago gertatzen ziren mundua gazteagoa zenean ere. Baztango partidaren idatzi berean Antonio Arruek 1960ko gertakizun bat jasotzen du umorez eta dolorez:
Eztakigu egia dan, baña entzun degu. Donostia'ko belarki-jaleak Elkarte bat sortzeko asmoa ote duten. Au pesadumbrea!