puntuka

Ainoa

Ainoa onddoa. (Txiliku)

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k gaurko Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

Dagoeneko joan zaigu urteko lehenengo hilabetea eta, esan dutenez, datuak biltzen direnetik hirugarren beroena izan da; horrez gain, lehorrenetakoa: egin duen euria egun gutxi batzuetan egin du, gainera, ez hilabetean zehar hainbat egunetan. Anomalia aipatzen dute meteorologoek, ohikotik kanpora joaten diren datuez hitz egiten dutenean. Tenperatura bi gradu eta erdi igo zaigu, esate baterako. Hala ere, badago oraindik ere aldaketa klimatikoa ukatzen duenik…

Mendiak zuritu beharko lituzketen elurrak urtu dira, eta joan dira urtegiak betetzera, edo ibaian behera itsasora. Uda eta udazkena lehor baletor, kezkagarria izan liteke azkartasun hori, galdetu bestela andaluziar edo katalanei.

Europako nekazari jendea asaldaturik dabil, Frantzian batik bat. Gauzak ez zaizkie errazak lurra landuz bizi behar dutenei, hiritarrek idealizatutako baserrietako bizitza ez da batere erraza. Gaur egungo nekazariak duintasunez bizi nahi du, eta arrazoi osoa du. Baina, horretarako, beste balio bat eman behar zaie lurretik jasotako ekoizpenei, ohiko nekazaritzak ezin dio konpetentziarik egin laborantza-industria erraldoiak mundu globalizatu batean sortutako fruitu eta barazkiei: merkeagoak dira Indiatik etorritako tipulak etxeko baratzean egindakoak baino, garbiagoak eta ederragoak Peruko zainzuriak Nafarroakoak baino.

Gure nekazariek egin beharreko aldaketak ezinbestekoak izango dira, seguru asko, klima abiadan aldatzen ari dela ikusirik. Dagoeneko ikus daitezke zenbait gure begien bistan. Esaterako, ia erabat galdua zegoen artoaren ekoizpena berriz pizten hasi da gure inguruan. Baina beste era batera, lehen artoa eta babarruna, arbia eta erremolatxa soro behean egiten ziren, multi-laborantza berezian, seguru asko Ameriketako jatorrizko biztanleek egiten zuten antzera. Orain artasoro zabalak lantzen dira, makina handiekin eta artoa osoan jasotzen da, artaberde oraindik zeharo ondu gabea, eta dena batera txikitu eta xehatu animalien pentsutarako erabiltzeko.

Ukrainako gerrak garestitu egin ditu animalientzako pentsuak, eta etxean egitera bultzatu. Galdera da: bide zuzenean ari ote gara? Bertan egindako pentsuak erabiltzea (Ukrainatik ekarri ordez) badirudi ideia egokia dela (km 0 edo), baina ekoizpen handiak egiteak berehala dakar behi askoko behitegiak jartzea eta ekoizpen makroak egiteko tentazioa, etekinak handiagotzeko: super-ukuiluak, hiper-abeletxeak… Kontua ez da ugari, merke eta etekin asko ateratzea, hurbila, neurrikoa eta egokia izatea baizik.

Honezkero norbaitek pentsatu du zer arraiotara datorren nekazaritzari buruzko gogoeta hau, eta zertara goiko izenburua. Agian lehenago esan behar nuen aino onddo baten izena dela (Zarautzen añua esaten dugu, eta beste zenbait lekutan artoaren ezkabia edota artaputza).

Onddo mota hori artoaren bizkar bizi ohi da, landarearen zeluletatik elikatuz, eta esporokarpo handia sortzen du (perretxiko itsusi bat, egia esan); hasieran biguna eta mamitsua da, eta heltzen denean espora-zaku edo errauts beltzez betetako poltsa baten itxura du. Ainoak (Ustilago maydis) kalte handiak egin ditzake artasoroetan, baina badu bere alde ona ere.

Onddo hau, garai batean, eta kolonaurreko kulturetan, jateko preziatua zen (huitlacoche deitzen zioten), eta gaur egun ere aski preziatua omen da Mexikoko zenbait lekutan (artoa baino garestiago saltzen denez, zenbait nekazarik nahita kutsatzen ditu artaburuak), Ameriketako Estatu Batuetako merkatuetan eta Europako edo Japoniako jaki bereziak hartzen diren lekuetan. Modan omen dago, agidanean.

Bide okerrean egindako akatsetatik ondorio positiboak ateratzen ikasi behar dugunez, pentsatzen aritu naiz klimaren aldaketak mendietako onddoak eta perretxikoak urritzen badizkigu, basora joan ordez, artasailetara joan gintezkeela ainoak biltzera, betiere hobe gure begi parean daudenei begira aritzea, burua eta begi-bista lurrera begira ibili ordez, eta Manteoko Basque Culinary Centerri (beste akats batetik zerbait positiboa ateratze alde) enkargu egingo genioke ainoak goxo-goxo prestatzen erakusteko. Nekazari jendea haserretuko zaigu beste behin, baina turistak igoko dira mendira antzinako huitlacoche-ainoak dastatzera. Goxo-goxoak…

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide