Paperak

Metro baten irudia. (Hitza)

Hona hemen Jesus Mari Olaizola Txiliku-k Urola Kostako Hitzaren Puntuka atalerako idatzi duen artikulua.

Adiskide batek horrelaxe kontatu dit berak bizi izandako pasadizoa. 

Joan dira emaztea eta biak Erromara egun batzuk pasatzera, bere kontura, eta ondo! Bazterrak ikusi, hara eta hona ibili, museo bati begirada luzea eman… Harri zaharrak ez dira falta, eta jendea ere ez, zoritxarrez. Dena turistaz beteta, inork izan nahi ez duen turista mengel amorragarriz beteta. Leku guztietan jendea desmasia batean. Baita Erromako metro labur eta zikin samarrean ere. Eta han, metroan, jendea trumilka dabilen anabasa ero hartan antolatu diete tranpa.

Metroko bagoiak lepo beteta datoz. Sarrerako nasetan jendea mordoka trenak noiz etorriko zain. Badator. Gelditu da. Jendea zurrunbiloan, sartu nahian. Ateetako batean pare bat bidaiari jaitsi dira, han lekua badagoela erakutsi nahiz bezala. Ardi larruz mozorrotutako otsoak dira, adeitasunaren itxuran lakioa prestatzen ari direnak. Ehiza antolatu dute otso-saldo baten gisan.

Adiskidea eta emaztea sartu dira metro-bagoian. Jaisteko keinada egin duten bi otso mozorrotuek ere bagoi barrurantz egin dute atea itxi baino pittintto bat lehenago. Itxia dute lakioa, barrenean dago bildotsa.

Geltoki batetik hurrengorako bidaia infernurako ibilaldia da. Ez dago tokirik bagoiaren barnean. Atzetik, albotik, aurretik… bultza eta tira ari dira, bidaiariak mugiaraziz estuasunean. Hurrengo geltokira iritsi baino zertxobait lehenago zerbait sumatu du nire adiskide horrek. Sakelan. Automatikoki, aurreko ezkerreko boltsikora luzatu du eskua. Kartera han dago, oraindik.

Geltokira iristearekin, dantza-balantzak jarraitzen du oraindik, eta ateak irekitzearekin bultzadak eta mugi-mugiak jasaezinak dira. Emaztearen oihua: «Jaitsi gaitezen hemen». 
Jaitsi orduko sakela arindu diotela konturatu da nire adiskide hori, sakela-mokoziztatzaileek eraman diotela poltsikoko altxorra.

–Kartera!

Alferrikako oihua. Ez dago zer eginik. Hegan joana da dagoeneko. Besarkada bat bikoteak nasaren anabasan. Kontsolamendu bakarra. Zer gutxi behar den turista mengel izatetik paperik gabeko bihurtzeko; izengabeko, zenbakirik eta dirurik gabeko izaki alderraia. Lehenengo eginkizuna, gogo handirik gabe egitekoa bada ere, poliziarengana joan eta denuntzia egitea.

Ez da erraza, ordea, eginkizun xume eta desatsegin hori egitea. Berehala konturatzen dira paperik gabekoa izateak zer dakarren. Arratsaldeko azken orduak-edo direlako, agian; dokumenturik gabe geratu diren inozo turistez asperturik daudelako, beharbada, bulegoko tramiteak oker antza doaz. Nor da biktima? Zer nahi duzu? Denuntzia jarri nahi baduzu, erakutsi zure dokumentuak, egiaztatu zure nortasuna, frogatu nor zaren, bermatu zure izena, ziurtatu agiri baten bidez… Paperak ostu egin dizkizutela diozu? Nahi duzuna, baina denuntzia jartzeko dokumentu bat erakutsi behar didazu. Hau Italia da. Ez, ez, ez; ez du balio zure emazteak denuntzia jartzea. Biktimak jarri behar du. Zu zeu zarela, bada zuk zeuk jarri behar duzu. Ez duzula dokumenturik? Hori ez da nire ardura. Hemen Italian gaude. Jakizu hori. Hemen legeak dio… Identifikatu gabe ezin duzu denuntziarik jarri. Ostu egin dizkizutela? Begiraiozu, ez dakit zer esan. Zer egin behar duzun? Zuk jakingo duzu nola lortu salbokonduktua. Espainiako kontsulatura joan beharko duzu, agian. Non dagoen. Aizu! Ni komisariako funtzionarioa naiz. Ez niri gehiago eskatu. Hau Italia da. Esan dizut hemen horrela egiten direla gauzak: identifikatu eta gero denuntzia jarri. Zatoz bihar paperak lortzen dituzuenen; orduan, ikusiko dugu…

Pasadizoak amaiera ona izan zuen, baina bitarteko amorrua eta izua ezin ahaztu. Zein erraza den burokraziaren infernuan erortzea, eta zein zaila den, paperik gabe, Europa zibilizatutako hiritarra zarela erakustea. Paperik ez baduzu, inork ez dizu sinetsiko pertsona prestua zarenik. Inork ez. Paperak. Paperak dira zure duintasunaren berme. Gainerakoan paperik gabeko bat besterik ez zara, hemen eta edonon. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide