Iritzia: '(In)Komunikazioa'

Irakurri hemen Jesus Mari Olaizola Txiliku-k Urola Kostako HITZA-ko Puntuka atalerako idatzitako artikulua.

Komunikatzaile ona zen gure Mikel Laboa ahaztezina, ondo aukeratzen zituen esan beharrekoak gu denontzat haiek kantatzen hasi aurretik. Eta bazuen kezka berezia komunikazioaren bideak behar bezalakoak izan zitezen, zuzenak eta egokiak. Ez dira gaur goizekoak haren komunikazio inkomunikazio emanaldiak, baina, urek asko korritu badute ere, hor dago gaur egun ere komunikazio ezaren mamua gure artean.

Esan eta errepikatu digute, behin eta berriro, azken urteetan inoiz baino gehiago garatu direla komunikaziorako tresnak, edozeinen eskuetan daudela. Eta hori hala dela erakusteko, edonork erabil dezakeen tresnatxo bat jarri digute eskuen artean, jostailu bat, eta engainatu gaituzte, beste behin, esanez sakelako telefonotxo horren bidez errazago eta hobeto komunikatuko garela. Ezin ukatu tresna egokia dela, eta milaka mesede egiten dizkigula, baina ezin ahaztu tresna bat baino zerbait gehiago behar dugula komunikatu ahal izateko.

Bestalde, tresna hori amorrazio bide galanta ere izan daiteke behin baino gehiagotan. Nik ez dakit zuei zer gertatzen zaizuen, baina niri ez zait egunik joaten norbaitek deitu eta zerbait saltzen saiatzen ez denik. Egunero bada norbait telefoniako konpainiaz aldatzeko, seguru merkeago bat egiteko edo beste edozein istorio eskainiz deika aritzen dena. Beti dago aukera telefono ezezagunetik datozen deiei ez erantzuteko, baina arreta faltagatik, edo dei baten zain egoteak sortzen duen urduritasuna dela medio, deia jaso eta... isiltasun unetxo bat, halako klik soinu berezia, eta hor da zeru urdineko ortzi-sail bat saldu nahi dizun norbaiten ahotsa.

Ezer esan gabe deia moztea gogorra egiten da, gizabide eskasekoa, eta amorrazio maila handia eskatzen du horrelako zerbait egiteak. Ezeren beharrik ez duzula esatea, gezurretan jarduteaz gain, alferrikakoa izan ohi da, lehen mailako, nahiz ukaziozkoa, komunikazioari bidea irekiz gero sokari tiraka hasten baitira beste aldetik halako batean norbait amarratuko ote duten itxaropenarekin (gainera, segundo bakoitzak kontatzen du gaizki ordaindutako eta esker txarreko horrelako langintza batean ari denaren- tzat).

Deiaren lazoan lepoa sartuta zaudenean, bada beste estrategia bat ere, askotan emaitza onak ematen dituena: euskaraz aritu etengabean, beste aldetik datorren hitz-jarioa ulertuko ez bazenu bezala. Hala ere, joko hori ezin da utzi nor lehenago aspertuko; beti duzu zeuk moztu beharra komunikazioa, bestea lanean ari da denborak korritzen duen bitartean. Zeuk eten behar elkar/bakarrizketa, pentsatuz oraingoan etete horrek baduela gizalege gehixeago, ez-ulertuarena bada hausturaren aitzakia.

Dena dela, ez uste izan ez direla saiatuko, beste aldetik, inkomunikazio-egoera horri etekina ateratzen. Esaterako, lehengo batean horrelako dei bati aurre egiteko ari nintzen jo eta su, euskaraz fuerte, aukeratzen noiz eten komunikaziotik ezer gutxi zuen elkarrizketa absurdo hura, beste hari-muturretik etorri zitzaidanean you english speaking man is? sinets ezinezko bat.

–Ez, ez –egin nuen protesta nik, agian indartsuegi–. Ni euskalduna naiz.

Pentsatu nuen ingelesez bi hitz dakien edonork esango zukeela you speak english? Nondik etorria zen you english speaking man is mordoilo hura? Sintaxi hura: zu-ingelesez-hitz egin-gizon-da(zara)? ia euskaraz pentsatzea adina zen.

Harrituta, berotasun gehiegi jarri nuen nire hitzetan, eta besteak moztu egin zuen berriketaldia. Arraioak, ez da hori maiz gertatzen!

Gero, gehixeago pentsatuta, esan nuen: "Hobe!".

Nola arraio esplikatu behar nion telefono konpainia bateko bikaintasunak eskaini beste asmorik ez zuen norbaiti komunikazio nahi hartan nire interes bakarra bere ingelesaren joskera aldrebesa eta estrainioa zela? Hori bai komunikazio inkomunikazioaren adibide garbia, Laboa jauna!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide