Piztiak

Hemen irakurgai Jesus Mari Olaizola Txiliku-k aste honetako Urola Kostako HITZAko Puntuka atalean plazaratu duen artikulua.

Oker ez banago etxeko animaliei buruz aritu nintzen aurrekoan, eta hariari jarraituz, piztiei buruz jardun nahiko nuke oraingoan.

Gure bizitza gero eta hiritartuagoan zail egiten zaigu etxeko animaliak ez diren gainerakoekin nolabaiteko harremana izatea, eta ikusi ere animalia aske askorik ez dugu ikusten usoak, kaioak, usapalak eta txolarreak salbu. Are ezohikoagoa eta zailagoa da piztia batekin topo egitea edota benetako animalia basati bat ezagutzea. Zenbat azkonar, azeri, otso edo hartz aske ikusi dituzue, esaterako?

Gure amak dio Nikolare izeneko hartz bat ezagutu zuela Zarautzen, txerpolari edo titiritero batzuek ekarria eta pandero edota soinuarekin dantzan jartzen zutena. Nik, aldiz, gogoan dut mutiko garaian gurasoekin Igeldora joana hango hartza ikustera. Piztia iletsu bat ekartzen dit memoriak, zulo estu baten hondoan alde batera eta bestera mugituz, animalia kaiolatuak egin ohi duten moduan. Beldurra eragin ordez, errukia eman zidan. Ursula izena zuen piztia hark, baina non arraiotik etorri zen gaixo hura?

Historialariek diote Gipuzkoako azken hartza Antzuolan hil zutela 1867ko uztailaren 4an, eta ez da segurua benetako piztia zen edo hartz-hezitzaile bati ihes egindakoa.

Gipuzkoako azken hartza izan zen Ursula haren historia, hain hurbilekoa, hain aspaldikoa, ezagutzekoa dela iruditzen zait.

Gerra garaian Galiziako frankistek Asturiasko Cangas de Narceako mendietan hartz eme bat eta bi kume topatu zituzten. Egia esate aldera, hartzek aurkitu zituzten galiziar haiek mendian zebiltzala. Soldaduengana hurbildu eta kuxkuxean zebiltzan zer suma edo zer jan, zerbaiten bila. Francoren gerlariek, izututa seguru asko, tiroz hartu zituzten. Akabatu zuten ama, ihes bidali basora alaba bat; zuhaitz batean gora eginez ezkutatu nahi izan zuen bere burua Ursula koitaduak. Piztietara ohitua omen zegoen alferez batek harrapatu zuen pare bat hilabeteko hartzaren kumea eta gailegoen batailoiko maskota bilakatu zen.

Txikia zela ez zegoen arazo handirik hartzari jaten ematen eta leku batetik bestera eramateko, baina, denbora joan ahala, gero eta handiago egiten joan zen Ursula, eta Galiziako batailoia 1938an Ebroko frontera joan zenean, gauzak gero eta bihurriagoak bilakatu ziren. Teruelgo borroka gogorra izan zen eta bi aldekoek, errepublikaren zein Francoren jarraitzaileek, dinbi eta danba harrotu zituzten Aragoi aldeko lurrak beren kanoi eta morteroekin. Danbada haiekin erdi erotuta Asturiasko baso ilunetan jaiotako piztiak lotzen zituen kateak hautsi eta ihesi joan zen izua eta istiluak sortuz gerrak mendean zituen inguru haietan. 

Batailoi hartako Aranda jeneralari gehiegitxo iruditu zitzaion hori eta maskotaren kontuak urrutiegi joan zirela iritziz, hartza harrapatzeko agindu zuen, eta Gipuzkoako gobernadore zibil bere lagunari bidali zion Igeldoko parkean ikuskizun jar zezan. Han egon zen hogei bat urtez, eta hantxe ikusi genuen nire adineko hainbat neska-mutilek bere zokoan jira eta bira, buelta eta itzuli.

Ordurako baziren, dirudienez, animaliei emandako tratu desegokiak mintzen zituzten pertsonak, eta Ursula hartza leku duinago batean jarri behar zela eskatuz aritu ziren agintarien errukia piztu eta lortu arte. Bartzelonara eraman zuten (hango zoora, ziur aski). Egun gutxi barru hil zen gure Ursula, agian bere zoko ilunaren herriminez, edota zaharregia zelako, besterik gabe.

Idazki honek, ez duen bezala, ikasgai bat balu, piztiekin dugun portaera aztertuko luke: gaizki zaintzen ditugu bere inguruak kaltetuz edo suntsituz, edo haiek zaindu nahiz saiatzen garenean ere kaltetu egiten ditugu, ustekabean edo.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide