Aspaldiko kontua da pertsonen eta animalien arteko bizikidetza. Diotenez, badira dagoeneko hamabost mila urte gizakiek otso basatia etxekotu eta zakur leial bezatu zutenetik; hamabi mila ahuntzak multzotan pilatu eta lurralde hesituetan hazten hasi zirenetik; hamaika mila txerriak eta ardiak heia eta artegietan bizitzera "konbentzitu" genituenetik; hamar mila katuak eta behiak basati izatetik "askatu" genituenetik, eta horrelaxe, otzandu eta etxeko egin genituen beste zenbait abere, azienda eta ganadurekin bizi izan gara, elkarrekin, nolabait.
Etxekotutako animalia gehienak janaritarako edo etxaldeetan lanerako erabili izan ditugu gizakiok. Etxeko abere handiez gain, baditugu beste zenbait azienda ere; hegaztiak, esaterako: oilo eta ahate, antzara eta uso… gizakion plateretan amaitzen dutenak sarri. Erleak ere aziendatzat hartzen ziren antigoaleko euskaran, berme handirik ez bazuten ere: behorretan eta erleetan diru asko ez jarri zioen esaera zahar batek, fidatzeko aziendak ez omen dira-eta ez behorrak, ez erleak.
Kontuak kontu, lehen gauzak garbiak ziren: gizakia animalia baten kargu egiten bazen, harengatik etekina ateratzeko izaten zen, zamari lanetarako, garraiorako edo lan gogorretarako. Beste lanik ezean, zakurrak ere ehizarako edo etxea zaintzeko ziren. Orain, etxeko animaliek ez dute berezkoa izaten baliagarritasun marka hori, eta, askotan, konpainia egitea beste eginkizunik ez dute.
Beraz, ez dago esan beharrik animaliekin dugun erlazioa aldatzen joan eta zeharo beste modu batekoa bilakatu dela, eta ulertzen dut. Animaliek tratu duina izan dezaten defendatzen duten taldeak izatea ondo iruditzen zait, etxeko animaliek, eta gainerakoek, tratu txarrik jasan ez dezaten, baina pentsatzen hasia nago, beti egin ohi dugun eran, gizakiok beste muturreraino joan garela gure on-behar inozoarekin.
Gizarte berria omen den honetan, etxeko animaliek pertsonen estatus bera hartu dute bat-batean. Ikusiak ditut Pertsiako sha baten pare bizi diren katuak; beroki, gabardina edo janzki dotorez apaindutako txakurrak edota ume-kotxeen pareko ibilgailuetan etzanda paseatzera eramaten dituzten maskotak. Etxe-animaliekiko maitasuna adierazteko eskubide osoa omen dute, nahi duten tratua eman diezaiokete beren "umeei". Desmasia iruditzen zait, zer nahi duzue esatea. "Maitasun" kurtsi horrek maiz ahazten baitu atzeko aldean ipurtzuloa dutela zorioneko animalia horiek, gainontzeko guztiok bezala. Nik ez dakit besteei zer gertatzen zaien, baina niri nazka handia ematen dit kalearen erdian edo herriko parke bazterretan mokordo ederrak ikustea, horien bidez zabal daitezkeen gaixotasun eta txakur-kisteak ez aipatzearren…
Garai batean, Zarautzera etortzen ziren udatiarrek zein kanpotarrek harriduraz ikusten zuten zarauztarrek nola eramaten zituzten beren txerriak itsasora, han bainatu eta garbitzeko, eta ezin zuen beste era batera izan, negu aldera akabatu eta udaberri artean jango zituzten txerri haiek jasotzen zuten ezohiko tratua ikusita. Abluzio haiekin txundituta geratzen ziren ikusleak, okerreko zikin ospea baitu animaliak, garbia izanik ere (txerria garbia da inguru egokian bizi bada).
Egun, bestelako harridura-bide batean, tokatu zaigu ikustea Zarauzko "kostan" txerri asiatiko txiki horietako bat uhaletik lotuta hondartzan paseatzen, jabeak harentzat eguzkitako guardasol babesgarri eta guzti zeramala. Norbaitek esan dezake txerriak hondarretara eramateko ohitura ez dela aldatu, baina pertsonak eta haien joerak bai, nik uste. Animaliarenganako maitasuna? Nabarmentzeko gogoa?
Berriz ere ez ote zaigu eskutatik ihesi joan gauzei beren neurria hartzea?